Exozitosia eta Endozitosia: Zelula Garraioaren Gakoak

Biologia2,29 KB

Exozitosia eta endozitosia: sarrera

Zelularentzat ezinezkoa da molekula handiegiak (bakterioak, birusak, makromolekulak, etab.) barneratzea mintz plasmatikoa suntsitu gabe; hori dela eta, zelulak baditu mintzezko besikulak sortu eta aipatutako egiturak besikuletan barneratzeko mekanismoak. Garraioaren noranzkoaren arabera, bi mekanismo mota nagusi daude:

1. Exozitosia

Exozitosia zelulak makromolekulak eta gorputz txikiak kanporatzeko erabiltzen duen mekanismoa da; horretarako, barnean egitura horiek dituen besikularen mintzak eta mintz plasmatikoak bat egin behar dute.

2. Endozitosia

Endozitosiaren bidez, makromolekulak eta gorputz txikiak biltzeko mintzezko besikulak sortzen ditu zelulak, eta, gero, besikula horiek zelula barnean sartzen dira.

Endozitosia hasteko, lehenbizi barneratu behar dituen molekulak edo gorputzak aztertu eta ezagutu behar ditu zelulak. Ezagututakoan, mintzaren kontrol-mekanismo batek klatrina izeneko proteina harikara baten bidez klatrinaren sistema erretikulatua sorrarazten du mintzaren alde jakin batean. Sortutako sakonunean substantziak sartutakoan, kanpoaldetik itxi eta besikula sortzen da, lipido-geruza bikoitzeko mintzez inguratuta. Ondoren, klatrina proteinak besikula uzten du eta mintz plasmatikora bueltatzen da.

Endozitosi motak

Pinozitosia

Zelulak egiten duen likidoen eta disolbatutako substantzien ingestio-prozesua da; gero, besikula txikietan gordetzen dira.

Fagozitosia

Elikagai-partikula handien (batzuetan mikroorganismoena ere bai) ingestio-prozesua da, eta zelulak fagosoma izeneko tamaina handiko besikuletan sartzen ditu elikagaiak. Fagozitosiaren helburua ingurunetik elikagaia eskuratzea da. Horrela, fagosomekin digestiorako entzimak dituzten lisosomak elkartzen dira, eta elkarrekin bakuolo digestibo bat sortzen dute.

Besikulen sorrera eta funtzioa

Erretikulu endoplasmatikoan eta Golgi aparatuan eratzen diren besikulak ere klatrinaren sistema erretikulatua erabiliz sortzen dira. Ondoren, besikula horiek beste organuluekin bat egin dezakete edo beren edukia kanpora hustu; edukia kanpora hustu denean, prozesu hori exozitositzat hartzen da.

Deskargatu

PDF Word HTML