Euskal Herriko Klima eta Demografia: Analisi Zehatza

Geografia8,68 KB

Klimogramaren Aurkezpena

Klimograma bat grafiko mota bat da, leku bateko urte bateko prezipitazioak eta tenperaturak hilabeteka ematen dizkiguna. Prezipitazioak mm-tan ematen dira eta tenperatura gradu °C-tan. Normalean, tenperaturaren balioa prezipitazioaren erdia izaten da. Prezipitazioak zutabe urdinekin margotzen dira eta tenperatura marra gorri batekin. Marra gorria zutabe urdinen gainetik dagoenean, hilabete horiek lehorrak izango dira.

EAEko Klima

Klimaren Faktoreak

Latitudea

EAEko klima gehien baldintzatzen duen faktore geografikoa latitudea izango da. Lehenik eta behin, tenperatura, eguzki energia intzidentea zenbatekoa izango den eta urtean zehar urtaroen arabera zenbat aldatuko den baldintzatzen du. Bigarrenik, inguru horretako haizeen norabide nagusia eta ohikoena zein izango den ere latitudeak emango digu. Jet Stream latitude honetan kokatzen da. Antizikloi eta borraskak eragiten dituzte. Tropikoetan sortutako masa beroak eta Iparraldean dauden masa polarrak latitude hauetara etortzen dira. Euri gehiena Atlantikoko mendebaldetik dator.

Faktore Geografikoak

  1. Kantauri Itsasoa: Itsasoaren eraginez, tenperaturak egonkortu egiten dira eta ura berotu egiten da udan. Bizkaia eta Gipuzkoako kostaldean urak gorabehera gutxiago izaten ditu eta uraren tenperaturak 23 gradutara iristen dira. Berotze horrekin ura errazago lurruntzen da eta euri zaparradak ugariagoak izaten dira udan.
  2. Erliebea, Topografia: Mendiak kostaldetik oso gertu daude eta itsasotik sartzen diren aire masak mendiekin topo egitean igo, hoztu eta prezipitazioak uzten dituzte.
  3. Meseta: EAEko mesetak kontinente txiki baten moduan funtzionatzen du. Neguan antizikloi bat eratzen da eta gure lurraldean eguraldia hoztu eta egonkortu egiten du, eta udan alderantziz gertatzen da, desegonkortu egiten da.
  4. Ebroren Sakonunea: Aire masak erraz pasatzen dira Euskal Atetik. Ebroren sakonuneak Bizkaiko Golkoko aire masak xurgatu eta prezipitazioak eragiten ditu.
  5. Akitaniako Sakonunea: Akitaniako sakonunea zabala da, eta horregatik Europako kontinentearen nahiko nabaria da. Udan berotzeko joera areagotu egiten da, eta neguan kontinenteko aire masa hotzak errazago iristen dira gure aldera. Honek ipar haizea eragiten du.

Klima Ozeanikoa

Bizkaiko Golkoko isurialdeko haranetan ematen da. Prezipitazioak ugariak dira, 1000 mm-tik gorakoak. Urteko tenperaturaren batez bestekoa nahiko epela da. Kostaldekoa epelagoa izaten da neguan eta freskoagoa udan. Alde termikoa txikia da, baina kostaldean txikiagoa (10-11 gradukoa) eta barrualdeko haranetan 13-14 gradukoa. Inoiz ez dute hilabete lehorrik izaten, erregularrak dira.

Landaretza

Kantauri isurialdeko haranetan ematen da. Berezko landaretza zeharo aldatuta dago, mendeetan jasan duen esplotazio handia izan zelako. Bertan hiru landaretza eremu bereiztuko ditugu:

  • Kostaldeko landaretza: Oso aldatuta dago, hondartzetako landare naturalak ia desagertuta daude.
  • Haran Atlantikoko landaretza: Bizkaia eta Gipuzkoa lurralde gehiena okupatzen dute, eta Arabako ipar atlantikoa ere bai. Bertan hariztiak, ameztiak eta artadiak bereizten dira.
  • Mendi Atlantikoetako landaretza: 600 metrotik gora ematen da, eta hemen pagadia da jaun eta jabe. Pagoa asko erabili zuten orain dela asko ikatza egiteko, eta oraindik ere pagadietan ikus daitezke txondorrak egiteko eratu zituzten plataformak.

Klima Mediterranearra

Arabako Errioxakoa dugu klima hau. Kantabria-Toloñoko mendizerrak asko mozten du Ozeano Atlantikoaren eragina. Atlantikoko masa hezeak euria uzten dute Kantabriako mendizerraren iparreko magalean, eta Arabako Errioxara jaisten direnean haize lehor eta epelak bihurtzen dira. Azkenik, Arabako Errioxa Ebroren sakonunean dago, eta Mediterraneoko eraginak zailtasunik gabe iristen dira. Prezipitazioak 425 mm ingurukoak dira, eta alde termikoa 16 gradukoa da.

Landaretza

Arabako Errioxako landaretza oso soilduta dago, mendeetan zehar nekazaritza intentsiboan aritu direlako. Berezko landaretza oso eskasa da; gelditzen den apurra nekazaritzarako egokiak ez diren lekuetan hazten da.

Klima Subatlantikoa

Arabako Lautadan ematen da. Prezipitazioak 800 mm-tik gorakoak izaten dira. Urte-sasoi euritsuenak udazkenaren bukaeran eta neguaren hasieran gertatzen dira. Udak beroak izaten dira, eta neguak hotzak.

Landaretza

Bertan espezie nabarmenak haritza eta ametza dira, eta klimak idortasun puntu bat duenez, txilardiak eta otadiak ere hazten dira.

Klima Submediterranearra

Urtaro lehorra nabariagoa da; uztaila eta abuztua idorrak izaten dira.

Landaretza

Ametzak, karraskak eta pinudiak dira nagusi, baina garapen gutxiko arbolak hazten dira.

Klimograma Iruzkina (Adibidea)

Hasteko, urte osoko prezipitazio kopurua ugaria dela esan daiteke, 1111 mm egiten baitu urtean; ondorioz, klima ozeanikoaren isla dela esan daiteke. Lurralde honetan urteko urtaro euritsuena negua da, eta hilabete euritsuenak abendua eta azaroa. Hilabete lehorrena uztaila da. Marra gorria prezipitazioen gainetik ez badago, erregularra izango da. Bi hilabete baino gehiago ez badira lehorrak, nahiko erregularrak dira; bi baino gehiago badira, irregularrak. Erregularra bada, prezipitazioak urtean zehar modu orekatuan jausten direlako da.

Tenperaturak, berriz, nahiko epelak dira. Urteko batez besteko tenperatura 15 gradukoa da, eta alde termikoa 11 gradukoa. Beraz, klimograma honek Mediterraneoko kostaldeko edo Hego Atlantikoko leku bat adierazten digu. Udako tenperaturari begiratuz, nahiko beroa dela esan dezakegu, eta negua, berriz, epela. Hilabete hotzena abendua. Idortasunari, hau da, tenperaturaren eta prezipitazioen arteko erlazioari erreparatuz, gune hezea dela esan dezakegu.

Euskal Probintzietako Biztanleriaren Banaketa Demografikoa

1. Etapa: 1900-1950

XX. mendearen erdialdean kontraste nabarmena egon zen kostaldeko probintzien eta Arabaren artean. Kostaldeko probintziak hazi egin ziren, baina Arabakoak, berriz, populazioa galdu zuten. Hazkunde tasa handienak Bizkaian gertatu ziren, Bilbo eta bere inguruko herrietan. Hazkunde hau immigrazioagatik gertatu zen, Bilbon industria handietan eskari handia zegoelako. Gipuzkoan, ordea, industrializazioa bailara gehienetan zabaldu zen, eta populazioa eskualde guztietan hazi zen. Arabako eskualde gehienetan populazioa galdu zuten, Gasteizen izan ezik, hazkunde tasak positiboak izan zirelako.

2. Etapa: 1950-1975

Urte hauetan populazioaren banaketan sekulako kontrasteak egon ziren: eskualde batzuk populazioa galdu zuten eta beste batzuk, ordea, gehikuntzak izan zituzten, batez ere Gasteiz, Amurrio eta Laudio asko hazi ziren. Hala ere, hiru probintzietan hazkunde tasa handiak izan ziren. Tarte honetan eskualde gehienek immigranteak jaso zituzten. Bizkaiko eskualde guztietan izan zen hazkunde positiboa; tasa altuenak Durangon eta Bilbon izan ziren. Gipuzkoan, berriz, tasa altuenak Irun, Donostia eta Hondarribiak izan zituzten.

3. Etapa: 1975-2005

Azken etapa honetan bilakaera demografikoan aldaketa handiak izan ziren; eskualde batzuek biztanleria irabazi zuten eta beste batzuek galdu. Etapa honetan Arabak biztanleria irabazi zuen, batez ere Gasteizen, eta kostaldeko probintziek, berriz, galdu. Gipuzkoan, kostaldeko herriek populazio gehiago dute eta barruko eskualdeek gutxiago. Azken urte hauetan, populazioa galtzen zutenak populazioa irabazten hasi ziren; horrela, herri txikietan etxe berriak eraikitzen hasiko ziren eta populazioa irabaziko zuten.

Trantsizio Demografikoa (1886-1975)

Trantsizio demografikoa eredu demografiko zaharretik eredu demografiko berrira egindako aldaketari deritzo. Urte hauetan jaiotza tasak jaitsi egin ziren XX. mendearen hasieratik, eta tasen jaitsiera poliki beherantz joan zen. Momento batean gora egin zuen, baina jaisteko joera bat nabarmentzen da.

1930-1956 bitartean jaiotza tasak berriro ere jaisten hasi ziren, krisi ekonomikoa egon zelako. Gerra Zibila ere egon zen; horregatik, jende asko hil egin zen eta umeak izateko adina zuten jendeak alde egin zuen.

1956-1965 urteetan jaiotza tasak berreskuratu egin ziren, osasun egoerak ere hobetu zirelako eta "baby boom"-a gertatu zelako. Urte hauetan ume asko jaio ziren.

1965-1975ean jaiotza tasak jaitsi ziren, familiek nahiago zutelako ume kopurua gutxitzea. Urte hauetan heriotza tasak jaitsi egin ziren, bizitzeko itxaropena luzatzen hasi zelako, osasun eta mediku zerbitzuak agertzen hasi zirelako. Medikuntzan aurrerapenak gertatu ziren, eta txertoei eta antibiotikoei esker infekzioak gutxitu egin ziren.

Deskargatu

PDF Word HTML