Euskal Herriko Industrializazioa: Bilakaera eta Ezaugarriak
Euskal Herriko Industrializazio Prozesua
Industrializazio prozesua ez zen berdina izan euskal lurraldeetan. Bizkaian, XIX. mendearen azken laurdenean, Bilbon siderurgian oinarritutako industria-hazkunde izugarria garatu zen. Gipuzkoan, berriz, industriaren garapena motelagoa eta dibertsifikatuagoa izan zen, bai geografikoki bai sektoreei dagokionez, eta ez zen XX. mendearen lehenengo hamarkadara arte finkatu. XX. mende erdialdera arte, Araba eta Nafarroa nekazaritza-lurraldeak izaten jarraitu zuten.
Industrializazioaren Ezaugarri Nabarmenenak
- Beranduago heldu zen, Ipar Europarekin konparatuz.
- Siderurgiaren nagusitasuna nabarmentzen da.
- Bizkaiaren protagonismoa prozesu osoan.
- Merkatu espainiarrekiko mendekotasuna: Ipar Europarekiko atzerapenak Euskal Herriko industria merkatu espainiarrean oinarritzera eta estatuari neurri protekzionistak eskatzera behartu zuen.
- Kanpoko lan-eskuaren erabilera: XIX. mendearen azken laurdenetik XX. mendearen 80ko hamarkadara arte, Euskal Herria immigrazio-gune garrantzitsua izan zen.
Bizkaiko Eredua eta Siderurgiaren Garapena
Industria tradizionalaren presentziak, kokapen geografiko estrategikoak, lehengai garrantzitsuak izateak eta 1841etik aurrera aduanak kostaldera eramateak (Euskal Herria espainiar merkatuan integratuta geratzeak) Bizkaiko industrializazioan eragin handia izan zuten.
Lehenengo Labe Garaiak eta Finantza Erakundeak
Aduanak kanpoan kokaturik, Bilboko merkatari talde bat industria siderurgikoan inbertitzen hasi zen. 1841etik aurrera lehenengo labe garaiak sortu ziren: Santa Ana de Bolueta, Nuestra Señora de la Merced eta Nuestra Señora del Carmen. Oraindik landare-ikatza erabiltzen zuten eta produkzioa barne-eskariari erantzutera zuzenduta zegoen.
1857an bi elkarte berri sortu ziren: Banco de Bilbao eta "Cia FF.CC. Tudela-Bilbao". Azken horrek Tutera-Bilbo trena eraiki zuen Madril-Irun linearekin bat egiteko. Honen bitartez, Bilboko merkatariek Gaztelako produktuen esportazioaren gaineko nagusitasuna gorde nahi zuten.
Bessemer Bihurgailua eta Kapitalaren Pilaketa
Bilboko burgesiak industrializazioa aurrera eramateko, altzairuak egiteko Bessemer bihurgailuaren asmakuntzaren laguntzaz lortu zuten kapitala; faktore honek burdin mea ez-fosforikoa erabiltzea eskatzen zuen. Mineral hori Suedian eta Bizkaian besterik ez zegoen. Bizkaiko meatze-arreak aire zabaleko meategiak ziren; gainera, kalitate handiko minerala zuten eta kostaldetik hurbil kokatuta zeuden.
1865etik aurrera, burdina erauzi eta esportatzeko atzerriko kapitalez eratutako zenbait konpainia sortu ziren. Burges talde txiki batek kapital handiak pilatu zituen, geroago industria siderurgikoan inbertitu zituenak.