Euskal Foruak eta Karlistaldiak: Historia eta Garrantzia
Euskal Foruak: Definizioa eta Ezaugarriak
Foruak lurralde bateko ohiturak eta pribilegioak ziren, lege bihurturik. Hau da, Euskal lurraldeetako ordenamendu juridiko-politikoa osatzen zuten. Hauek antzekoak ziren lurralde desberdinetan eta gai ekonomiko, sozial eta politikoen inguruko arauak ematen zituzten.
Foruen Ezaugarri Nagusiak
- Derrigorrezko soldadutza egiteko salbuetsita egotea.
- Zerga arruntak ordaintzeko salbuetsita egotea.
- Kaparetasun unibertsala, Bizkaian eta Gipuzkoan: biztanle guztiak berdinak ziren legearen aurrean eta nobleziaren kategoria eta zenbait pribilegio zituzten.
- Maiorazkoen ezarpena: herentzia guztia seme zaharrari ematen zitzaion.
- Foru-baimenarako (foru pasea) eskubidea: lurralde bakoitzak erabaki zezakeen erregearen erabakiak egokiak ziren ala ez (ezezkoa emateari kontraforu esaten zitzaion).
- Bizitza politikoan parte hartzeko eskubidea.
- Autonomia merkataritzarako eta ekonomiarako (aduanak barnealdean zeuden eta horrek euskal probintziak lurralde franko bihurtzen zituen).
Foru-sistemak subiranotasun partekatua zekarren, erregearen eta tokiko erakundeen artean. Batzar Nagusia probintzia osoaren batzarra zen eta ahalmena zuen gai ekonomiko eta judizialei buruzko legeak egiteko (botere legegilea). Bestalde, Aldundiak edo Diputazioak zeuden, botere exekutiboa zutenak.
Foruak eta XIX. Mendeko Gatazkak
Foruen Berrezarpena eta Deuseztapena
XIX. mendearen hasieran, foruen existentzia ez zetorren bat Borboitarren zentralismoarekin, ezta liberalismoarekin ere. Cadizeko Gorteen garaian (1810-1814), foru-sistemaren pribilegioak bertan behera gelditu ziren. 1814an, Fernando VII.a tronura iritsi zenean foruak berrezarri zituen, baina Hirurteko Liberalean, Foru Aldundiak eta foruak desegin ziren eta salbuespenak eta pribilegioak bertan behera geratu ziren berriro ere. 1823an, Fernando VII.a berriro tronura iristean, foruak berriro berrezarri zituen, baina 1833an hil egin zen eta erregimen foralaren inguruko eztabaida sortu zen ondorengotza arazoarekin batera.
Karlismoa eta Lehen Karlistaldia
Foruen aldekoek (nobleak, nekazariak, kleroko kide gehienak) karlismoarekin bat egin zuten eta liberalei (isabelinoei) aurre egin zieten. Karlismoa mugimendu politiko bat zen eta erlijioa, absolutismo monarkikoa, foralismoa eta Antzinako Erregimenaren pribilegioak defendatzen zituen, haien leloa “Jainkoa, Aberria eta Erregea” izanik. Erabat baztertu zituen Gorteetan egindako erreforma liberal guztiak.
Lehen Karlistaldia (1833-1839) Fernando VII.a hil eta gutxira hasi zen. Euskal gizartea bi zatitan banatuta zegoen: alde batetik, liberalak zeuden Isabel II.a tronuan eta Maria Kristina Erreginaordetzan mantentzearen alde egiten zutenak eta batez ere hiri guneetan eragina zutenak (burgesak, merkatariak, administrazioko kideak...); eta bestetik, karlistak, Karlos Maria Isidro, Fernando VII.aren anaia, errege izatea nahi zutenak.
Lehen Karlistaldiaren Faseak
Ekintza armatuetan hiru fase bereiztu daitezke:
Lehen Fasea (1833-1835): Zumalakarregiren Garaia
- Batez ere Euskal Herrian garatu zen.
- Tomas Zumalakarregi jeneral karlistak izan zuen protagonismo nagusia.
- 20.000 boluntarioko armada eratu eta gerrilla taktikak erabiliz (inguruaren ezagutzaz eta geografia menditsuaz baliatuta) liberalak hainbat alditan garaitu zituen.
- 1834an, Karlos Maria Isidro Euskadira iritsi zen, Estatu Karlista martxan jarriz eta foruak betetzea zin eginez. Estatu horrek bere erakundeak izan zituen, baina ez zuen nazioarteko onarpena lortu.
- Fasearen amaieran, Zumalakarregi hil egin zen Bilboko hiria konkistatu nahi zuenean.
Bigarren Fasea (1835-1837): Gerraren Hedapena
- Ekintza armatuak Espainia osora zabaldu ziren.
- Gomez jenerala Andaluziaraino heldu zen eta Don Karlos buru zuen espedizio bat Madril hartzen saiatu zen.
- Estrategia aldaketa horrek, ordea, ez zien onik egin karlistei.
- Espartero jeneral liberalak Lutxanako bataila (1836) irabazi ondoren, Bilboko setioa bukatu egin zen.
Hirugarren Fasea (1837-1839): Bergarako Hitzarmena
- Armada liberala asko indartu zen Mendizabalen desamortizaziotik eskuratutako dirua zela eta.
- 1837ko Konstituzioak foruen abolizioa ekarri zuen, baina bi urte geroago liberalak ohartu ziren onura gehiago ekarriko ziela foruen auzia eta Don Karlosena bereizteak.
- Karlistak bi zatitan banatu ziren: kontserbadoreak (gerrarekin jarraitzearen aldekoak Don Karlos Espainiako erregea bihurtu arte) eta transakzionistak (bukaera hitzartu baten alde zeudenak).
- Armada isabelinoko Esparterok eta Maroto jeneral karlistak Bergarako Hitzarmena sinatu zuten (1839).
- Ondorioz, karlistek Isabel II.a erregina bezala onartuko zuten eta liberalek Bizkaiko eta Gipuzkoako militar karlisten kategoria eta soldata onartuko zituzten, baita foruak ere. Karlosek Espainiatik alde egin behar izan zuen.
Foruen Amaiera eta Ondorioak
Nafarroako eta Euskal probintzietako foruak berretsi zituzten 1839ko urriaren 25eko legean (1. testu iruzkina), “batasun konstituzionalari utzi gabe”, eta horrek zabalik utzi zuen aurrerago aldaketak egiteko bidea. Foru sistema errealitate konstituzionalari egokitu zitzaion horrela; foru eta konstituzio erakundeek indarrean jarraitu zuten.
Baina, Espartero erreginaordeak (1840-1843) ez zuen bete adostutakoa eta Lege Itunduaren (1841) bidez Nafarroan Foru Araubidea amaitu egin zen (baina administrazioan autonomia handia mantenduz). Era berean, euskal probintzietan emandako matxinadak gogor zapalduak izan eta gero, 1841eko Urriko Lege Dekretuak foruen eskumen gehienak indargabetu egin zituen (foru pasea deuseztatu eta aduanak kostaldera eraman ziren). Soilik zerbitzu militarraz salbuetsita egotearen pribilegioa eta zerga ezaugarri bereziak mantendu ziren.