Etxepare, Sautrela eta Euskararen Lehen Liburua
Sautrela eta Linguae Vasconum Primitiae
“Sautrela” Bernard Etxepareren liburuan, Linguae Vasconum Primitiaen (Bordele, 1545), azaltzen den azken poema da. Liburua osatzen duten hamabost kantuetatik azken biek euskara dute gaitzat. Biak kantu alaiak dira, izenburuek berek adierazten diguten bezala: bai “Kontrapas” eta bai honako “Sautrela” ere dantza-doinuak baitira.
Liburu hau idazteko Etxeparek Garaziko (bere sorlekuko) hizkera erabili zuen; horregatik dio: “O heuskara lauda ezak Garaziko herria”. Argitaratu, berriz, Bordelen egin zuen, eta horren aipamena azken ahapaldian dator, aurrerago ikusiko dugun bezala. Bestalde, euskaraz kaleratzen zen lehenengo liburua zen. Hori izenburuak gogorarazten digu: euskaraz “Euskaldunon Hizkuntzaren Hastapenak” itzuliko genuke.
Olerkiaren Forma
Olerkiaren formari erreparatzen badiogu, liburuko poema gehienek bezala, 4/4//4/3 egitura jarraitzen duela ikusiko dugu. Marra horiek etenak adierazten dituzte, erdikoa besteak baino handiagoa.
Etxeparerengan herri-poesiaren eragina handia dela ikasi dugu, eta bere poemak kantatzeko eginak direla. Horregatik, silaba-kopuruak baino garrantzi handiagoa du doinura egokitzeak, eta horretarako beharrezko diren aldaketa fonetikoak egingo ditu. Esaterako, laugarren lerroan, “lengoajetan” hitzean “oa” diptongo egin beharko genuke. Sinalefak ere komeni zaionean egingo ditu: lehenengo lerroan bai, baina hamabigarrenean ez.
Errima ere ez da batere landua, nolabaiteko hoskidetasuna bilatzen badu ere: “herria / thornuia / azkena / lehena”. Bertso-lerro guztiek dute errima bakarra, baina hoskidetasuna ez da beti berbera.
Errenazimentua eta Euskara
Liburua kaleratu zen garaiari dagokionez, ezinbestekoa da aipatzea XVI. mendean Errenazimentua deituriko mugimendu kulturala zela nagusi Europan. Errenazimentuak hainbat gertakari eta aldaketa garrantzitsu ekarri zituen:
- filosofia-arloan humanismoa,
- teknika-arloan inprenta,
- gizarte-arloan feudalismoaren suntsitzea,
- arlo ekonomikoan merkataritza zabaltzea, eta abar.
Horretaz gain, aldaketa politikoak ere handiak izan ziren, besteak beste, estatu nazionalen eratzea eta haien nazio-hizkuntzen finkatzea. Baina ez ziren izan sortzen ari ziren estatu indartsu horien hizkuntzak soilik une honetan landu zirenak. Latina kultur-hizkuntza gisa indarra galtzen joan zen neurrian, ordura arte inoiz idatziz kaleratu gabeak ziren hizkuntzak erabiltzeari ekin baitzitzaion garai honetan. Giro honetan kokatu behar dugu euskaraz inprimatutako lehenengo liburua.
Etxepare eta Errenazimentuaren Eragina
Aztertzen ari garen poema honetan nabarmen geratzen da Etxepare Errenazimentu garaiko pertsona izan zela. Ikus ditzagun testuan hori frogatzen duten adibideak:
- Herri-hizkuntzek sortzen duten interesa nabaria da, euskara goraipatzea baita kantu honen xedea. “Heuskara da kanpora, eta goazen oro danzara”: lehenengo esaldi honek, bukaeran errepikatzen den leloak, adierazten digu zein den olerkiaren gai zehatza: euskara inprimatu delako poza. Kontuan izan behar dugu hizkuntza idatziak zuela garai hartan prestigioa; idazten ez zena baztertua zegoen: “Bana haien lengoajiaz bertze oro burlatzen / Zeren ezein eskripturan erideiten ezpaitzen”.
- Humanismoaren eragina ere ikus dezakegu: “Desir hura konplitu du Garaziko naturak” (4. ahapaldia). Bere buruari egiten dio hemen erreferentzia Etxeparek; bera da “Garaziko natura”. Autoreak lehenago ez zuen presentzia hartzen du garai honetan, eta horren lekuko da aipamena.
- Inprentari ematen dion garrantzia ere ikus daiteke testuan, goian egin dugun aipamenaren jarraipenean: “Eta haren adiskide orai Bordelen denak / Lehen inprimazalia heuskararen hura da”. Etxeparek badaki berea dela argitaratzen den lehenengo euskal liburua, eta euskaldunok betiko eskertuta egongo garela dio.
Bukatzeko, azpimarra dezagun, berriro ere, Etxeparerena dela lehenengo euskal liburua. Bi aldiz esan dugu dagoeneko, baina bada hori adierazten digun hirugarren aipamen bat ere, latinez datorren azken esaldia: “DEBILE PRINCIPIUM MELIOR FORTUNA SEQUATUR”. Latinezko izenburuarekin hasi eta latinezko esaldi honekin bukatzen du bere obra: “Hasiera ahulari zori hobea jarrai dakiola”. Apal azaltzen zaigu poeta, ondoren etorriko direnak lan hobea egingo dutelako itxaropenarekin.