Espainiako Turismoa eta Hirugarren Sektorearen Ezaugarriak

Geografia10,71 KB

Espainiako Turismoaren Banaketa Geografikoa

Koropleta mapa honek Espainiako turismo-inguruen eta puntu turistikoen berri ematen digu. Turismo-inguruak turista-dentsitate handia duten espazio zabalak dira. Turismo-puntuak, berriz, turista-foku bakartuak dira (eski-estazioak, hiri historikoak...).

Turista-guneen sailkapena (Dentsitatearen arabera)

Mapak dentsitatearen arabera ezberdintzen ditu turista-guneak, kolore ezberdinekin:

  • Dentsitate handikoak (arrosa)
  • Dentsitate ertainekoak (urdina)
  • Dentsitate txikikoak (berdea)
  • Ez-turistikoak (horia)

Bestalde, eremu turistikoak (lerro bertikalak) Andaluzian eta uharteetan daude, eta denboraldiko turismo-inguruak (lerro horizontalak) Katalunian eta Valentzian. Barruko hiri turistikoak eta kostako turismo-zentroak puntuen bidez (gorriak eta beltzak) irudikatzen dira.

Kostaldeko eta barnealdeko dentsitate kontrastea

Kostaldeko eta barnealdeko (Madril salbuetsita) turismo-dentsitatearen arteko kontrastea nabarmena da:

  1. Dentsitate handieneko eremuak: Mediterraneoko kostaldean ageri dira: Kataluniako kostaldeko probintziak, Valentzian Alacant, Murtzian La Manga, Andaluzian Malaga eta bi uhartediak. Madril ere azpimarratzekoa da, jomuga turistiko garrantzitsu gisa.
  2. Dentsitate ertaineko eta txikiko inguruak: Dentsitate handieneko eremuen jarraipen geografikoa dira. Madrilgo autonomia-erkidegoa eta Bizkaiko Golkoko eta Galiziako eremuak dentsitate ertainekoak dira, eta dentsitate txikikoak, berriz, Kataluniako, Valentziako eta Andaluziako gainerako lurraldeak.

Turismo Eredu Tradizionala eta Egungoa

Espainiako turismoaren banaketa geografikoa 1960ko hamarkadaz geroztik garatu zen turismo-eredu tradizionalaren ondorio da: Espainia, bere kokapena, baliabideak eta kostu txikiengatik, garatutako Europako erdiko klaseen jomuga estimatuena bihurtu zen, Espainiako eguraldi ona eta hondartzak bilatzen zituztelako (“eguzkia eta hondartza” turismo-eredua).

Geroztik, turismoak eredu tradizionalari eutsi dio; horregatik, Mediterraneo kostaldeko eta uharteetako turismo-inguruak dentsitate handienekoak dira gaur egun. Gainera, Mediterraneoko korridorean eraiki diren garraio-sareek turismoari mesede egin diote.

Turismoaren dibertsifikazioa

Madril barne sartuko genuke: hiri-, kultura- eta negozio-turismoa du, finantza-gune garrantzitsua delako. Gainera, aisialdirako eskaintza handia duenez (museoak, kultura…), Espainiako turismo-gune garrantzitsuenetakoa da.

Kostaldeko eremuak betetzean, turistek barnealderantz jotzen dute. Horregatik, Mediterraneoko kostaldeko eta Atlantikoko hego-mendebaldeko ez betetako inguruek dentsitate ertain eta txikiko eremuak osatzen dituzte.

Turismoaren dibertsifikazio eta eskari-eskaintza aldaketen ondorioz, turismo-inguru garrantzitsu berriak garatu dira iparraldean, landa-, mendi-, kirol- eta hondartza-turismoari lotuta: paisaia natural ederrak eta masifikazio eza bilatzen duten turistek Galiziara (Rias Baixas) eta Kantauri itsasoko Kostaldera (Santander) jotzen dute. Puntu turistikoetan turisten egonaldiak banatuagoak daude. Kultura eta arte ondareari esker, Toledo, Burgos, Granada, Sevilla edo Córdobak turista asko jasotzen dituzte urtean zehar.

Turismoaren Eraginak eta Ondorioak

Turismo-guneen banaketa geografikoak beste hainbat alorretan du eragin zuzena:

Eragin sozioekonomikoak

  • Turismoak, zuzenean eta zeharka, enplegu asko sortzen du. Ondorioz, Espainiako beste eskualdeetako herritarrek gune turistikoetara jo dute bizitzera. Horregatik, populazioaren gehiengoa hiriburuan, periferian eta uharteetan kontzentratzen da.
  • Ekonomiari dagokionez, antzekoa gertatzen da: gune turistikoak kontsumo-gune oso garrantzitsuak dira, eta Espainiako eremu ekonomiko dinamikoenetan aurkitzen dira. Hori dela eta, desoreka ekonomiko handiak aurki daitezke gune turistikoen eta barnealdeko eremu txiroenen artean.

Ingurumen-inpaktua eta Turismo Politika

Dentsitate handieneko turismo-inguruetan, espazioak eta paisaiak aldaketa sakonak izan dituzte. Azpiegituren dentsitatea hazi da, hiriak espazioan hedatuz, konurbazioak sortu direlarik. Honek ondorio kaltegarriak eragin ditu ingurumenean:

  • Balio handiko espazio naturalak eta ekosistemak suntsitu dira.
  • Ura eta atmosfera kutsatu dira.
  • Hondakinak pilatu dira.

Espainiako gobernu eta erkidegoek diseinatutako turismo-politikaren helburuak turismoa espazioan zabaltzea eta turisten urtarokotasunarekin bukatzea dira. Horregatik, beste turismo-mota batzuk sustatu dira (mendi-turismoa, hiri-turismoa...) Espainiako ekonomiaren oinarrietako bat izaten jarraitzeko.

Hirugarren Sektorea (Zerbitzuak) Espainian

Zerbitzuen heterogeneotasuna

  1. Oinarrizko sailkapena:
    • Zerbitzu pribatuak: Bezeroek ordaindutako diruarekin finantzatzen dira eta onura ekonomikoa lortzea du helburu.
    • Zerbitzu publikoak: Estatuak edo administrazio publikoek zergen bidez ordaindutako diruarekin finantzatzen dira, eta zerbitzuak eskaintzea eta ondasunak ematea du helburu.
  2. Hirugarren sektorearen beste ezaugarri batzuk Espainian:
    • Zerbitzuek BPG-ri egiten dioten ekarpena %70 ingurukoa da gaur egun.
    • Hirugarren sektoreko enpresa gehienak merkataritzarekin lotutakoak dira.
    • Eskulan kualifikatu eta ez-espezializatuaren artean kontraste handiak daude: lehenengoak soldata handiagoak eta lan egonkorragoak ditu, eta bigarrenak, berriz, kontrakoa.
    • Zerbitzuak garestitu direnez, gero eta gehiago jotzen da beste alternatibetara.
    • Teknologia berrien garapenari esker, zerbitzuen funtzionamendua hobetu egiten da.

Tertziarizazioaren arrazoi nagusiak

  1. Bizi-mailaren igoera: gero eta zerbitzu gehiago eta espezializatuagoak kontsumitzen dira.
  2. Industriaren hazkundea: 1960az geroztik, industriaren garapenak zerbitzuen hazkundea ekarri du. Gero eta eskulan gutxiago behar da, industria robotizazio eta automatizazioaren ondorioz.
  3. Hirugarren sektorean aritzeko prest dagoen biztanleriaren hazkundea:
    • 1960az geroztik, nekazaritza-exodoa gertatu zen, mekanizazioa dela eta.
    • 1975eko krisiaren ondorioz, industrian aritzen ziren gehienak zerbitzuetara jo zuten.
    • Gero eta emakume gehiago sartu da lan-munduan, hirugarren sektorean batez ere.
  4. Hirugarren sektoreko beste jardueren garapena:
    • Turismoaren garapen ikaragarriak beste zerbitzuen bultzada ahalbidetu du.
    • Ongizate-Estatuarekin, osasun edo hezkuntza bezalako zerbitzu publikoak indartu dira.
  5. Emakumeen sarrera lan-munduan: Tradizioz emakumeek egiten zituzten lanen garapena.

Lurraldeen arteko desorekak

Espainiako autonomia-erkidego guztietan hirugarren sektorea beste bien gainetik nagusitzen da. Hala ere, lurralde-desoreka garrantzitsuak ematen dira tertziarizazio-mailan eta zerbitzu-motetan.

  1. Enpleguari dagokionez, tertziarizazio-maila altuena duten eskualdeak:
    • Turismoan espezializatutako autonomia-erkidegoak: Kanariar Uharteak, Balearrak, Andaluzia.
    • Madril: hiriburua delako, eta, beraz, estatu-mailan merkatu-zentroa da.
    • Ceuta eta Melilla: produkzio ekonomikoek pisu txikia dutelako.

    Tertziarizazioa txikiagoa da nekazaritzaren eta industriaren pisua handiagoa den erkidegoetan (Errioxa, Nafarroa eta Gaztela-Mantxa). Hiri handietan, aldiz, tertziarizazio-maila handiagoa da.

  2. Zerbitzuek BPG-ri egindako ekarpena:

    Ekarpena handiagoa da zerbitzu aurreratuenak dauden espazioetan. Hala ere, kontraste handiak ere aurki daitezke:

    • Zerbitzu kualifikatuenak (adibidez, enpresei emandako zerbitzuak): nagusi dira probintzia batzuetan eta hiri handietan biltzen dira (Madril, Bartzelona, Bilbo…).
    • Kontsumitzaileari emandako zerbitzuak (turismo-inguruetan ezarri direnak): Valentziako Erkidegoa, Murtzia, Andaluziaren hego-ekialdeko probintziak, Balearrak eta Kanariak.

    Tertziarizazioa txikiagoa da kualifikazio gutxiko zerbitzuak nagusi diren espazioetan.

Garraio Sistema eta Haren Garrantzia

Garraioa pertsonak eta salgaiak leku geografikoen artean lekualdatzen dituen jarduera da. Hiru mota bereizten dira: lehorrekoa, itsasokoa eta airekoa. Garraio-sistema garraioa ahalbidetzen duten baliabideen eta azpiegituren multzoa da.

  • Baliabideak: osagai mugikorrak dira (autobusak, kamioiak, ontziak, hegazkinak).
  • Azpiegiturak: eraikin finkoak dira (errepideak, trenbideak, portuak, aireportuak).

Garraioaren garrantzia handia da: politikoki lurraldea defendatzen eta kontrolatzen laguntzen du, eta sozialki pertsonen joan-etorriak ahalbidetzen ditu. Honekin batera, garraioek lurralde-antolaketan eragina dute:

  • Garraioek eta lurraldeak elkar eragiten dute. Biztanleriaren banaketaren eta garapen ekonomikoaren desoreka espazialak islatzen dituzte.
  • Garraio-sareek lurraldea egituratzen eta kohesionatzen dute. Pertsonen eta salgaien trafikoa gero eta ugariagoa, azkarragoa eta merkeagoa da.

Garraio Sistemaren Ezaugarriak eta Arazoak

1980ko hamarkadaren erdialdetik, garraio-sistemak hobekuntza garrantzitsuak izan ditu. Hala ere, hainbat arazo mantentzen dira:

  1. Inguru fisikoa ez da mesedegarria: Erliebe gorabeheratsuak trenbideak eta errepideak egitea zailtzen du. Klimak ere ez du hori errazten, eta ondorioz, kostuak handiagotu egiten dira.
  2. Lehorreko eta aireko garraio-sareak erradialak dira: Periferiako aireportu askok loturak hiriburuan zehar egin behar dituzte.
  3. Bidaiarien eta salgaien trafikoa: Barruko garraioa errepidezkoa da batez ere (atez ateko zerbitzua prezio txikian). Kanpoko bidaiarien garraioa airezkoa da nagusiki, eta salgaiena itsasoz.
  4. 1980az geroztik modernizazioa eman da eta garraio-sistema adimenduak garatu dira.
  5. Lurralde-desorekak: dinamismo ekonomiko eta demografiko handien eta gutxien dutenen artean.
  6. Inpaktu handia ingurumenean: espaziala, ikusmenekoa, akustikoa, kutsadura atmosferikoa...
  7. Garraio-sistemaren integrazioa hobetu behar da: Europan mailan Espainiaren kokapen periferikoa arindu behar da, eta nazioarte-mailan, Espainiaren kokapen geografiko bikainaz baliatu.

Deskargatu

PDF Word HTML