Espainiako Hiri Hierarkia eta Biztanleriaren Egitura

Geografia8,8 KB

Espainiako Hiri Sarea eta Hierarkia

Jarraian Espainiako hiri-hierarkiaren azterketa bat dugu, non hiri-sareak eta hiri-hierarkiak hauteman daitezkeen. Lurralde bateko hiriek eta haien artean dauden harremanek hiri-sistema osatzen dute. Espainian, sistema hori 80ko hamarkadatik aurrera aldatzen ari da, batez ere. Trantsizio Demokratikoak lurralde-antolamendua aldatu egin zuen, eta autonomiak ezarri ziren; beste alde batetik, 1986an Espainia Europar Batasunean sartu zen, baita globalizazio-prozesuan ere, eta horrek guztiak aldaketak ekarri zituen ekonomian eta hirigintzan.

Hiri-sarearen ezaugarri orokorrak

Espainiako hiri-sareak ez ditu ezaugarri berberak alde guztietan; homogeneotasun falta da ezaugarri nabarmenena, biztanle kopuru handieneko hiri gehienak itsasertzetako eremuetan baitaude, eta barnealdea gutxi urbanizatuta dago. Barnealdeko erdigunean Madril dago, biztanle kopuru handieneko hiria. Horregatik esaten da eredua eraztun erdiaren itxurakoa dela: periferiako hiriak eta erdialdeko Madril hiriburua. Mapan ikusten den bezala, Espainiako hiri-sistemak 5 ardatz nagusi eta Madrilgo egoera berezia ditu:

Espainiako hiri-ardatz nagusiak

  • Galiziako ardatza

    Atlantikoko ardatzean kokatzen da, Galizia barne hartuz (A Coruña, Ourense, Santiago, Pontevedra eta Vigo).

  • Kantauriar ardatza

    Asturias (Oviedo, Gijón, Avilés), Kantabria (Santander), EAE (Bilbo, Donostia, Gasteiz) eta Iruñea hartzen ditu. Barnealderantz ere hedatzen da, gune batzuetan (León, Burgos eta Logroño).

  • Ebro haraneko ardatza

    Kantauriar eta Mediterraneoko eremuak lotzen ditu. Hiririk garrantzitsuena Zaragoza da.

  • Mediterraneoko ardatza

    Gironatik Cartagenaraino hedatzen da. Hiri-aglomerazio aipagarrienak Bartzelona eta Valentzia dira, eta, ondoren, Alacant eta Murtzia.

  • Andaluziako hiri-sarea

    Bi lerro nagusi ditu: Guadalquivir ibaiaren haranekoa (Kordoba, Sevilla, Jaén) eta itsasertzekoa (Almeriatik Huelvara).

Madril hiriburua

Madrilek oso harreman estuak ditu beste metropoliekin. Bartzelonak, Madrilek baino eragin txikiagoa du, oro har.

Lehen esan dugun bezala, hiriek loturak izaten dituzte gainerako hiriguneekin, eta funtzio, eraginpeko eremua eta tamaina desberdinak izaten dituzte, eta guztien artean hiri-sare hierarkizatua osatzen dute.

Hiri-hierarkia eta hiri motak

Honela, Espainian, mapan ondo adierazita dagoen bezala, 5 hiri mota ditugu:

  • Nazio-metropoliak

    Herrialde bateko hiri handiak dira. Haien eragina nazio-lurralde osoan zabaltzen dute, eta munduko beste metropoliekin daude harremanetan. Hiri-funtzio oso berezituak eta dibertsifikatuak dauzkate. Hiri-hierarkiaren sistemaren gailurrean daude, eta ingurune metropolitarrak osatzen dituzte. Milioi bat biztanle baino gehiago dituzte (Madril edo Bartzelona).

  • Lehen mailako eskualde-metropoliak

    Espainiari dagokionez, autonomia-ingurune batean eragiten dute, eta nazioko beste hiriekin dauzkate harremanak. Funtzio nagusiak merkataritza-funtzioa, industria-funtzioa eta hezkuntza-funtzioa dira. Autonomietako hiriburuak izateaz gain, administrazio-zerbitzuen guneak eta ardatz ekonomikoak ere badira. Biztanleria 500.000 eta 1,5 milioi biztanle bitartekoa da (Bilbo, Valentzia, Zaragoza, Sevilla eta Malaga).

  • Bigarren mailako eskualde-metropoliak

    Probintzietako hiriburuak dira, zerbitzu- eta merkataritza-funtzioak dituzte, batez ere. Aurreko biekin dauzkate harremanak, eta eragina probintzia-mailakoa da. Biztanleria 200.000 eta 500.000 biztanle bitartekoa da. Gasteiz eta Donostia daude talde horretan.

  • Hiri ertainak

    200.000 eta 50.000 biztanle bitarteko hiriak dira. Biztanle gutxiko probintzietako hiriburuak dira; administrazio- eta merkataritza-funtzioak dituzte, baina ez aurrekoek bezain berezituak. Adibidez: Burgos, Ciudad Real, Avilés, Guadalajara.

  • Hiri txikiak

    Eragin-eremua eskualdekoa da, 10.000 eta 50.000 biztanle bitartekoak dira, eta garraio-sistema nabarmenak ere izan ditzakete. Nahiz eta funtzio urriak eta espezializazio gutxikoak izan, batzuek ekipamendu berezituak eskaintzen dituzte (lehen sektorekoak, adibidez). Adibidez: Irun, Soria, Durango.

Hiri-sarearen ondorioak

Laburbilduz eta ondorio gisa, Espainian hiri handi gutxi daudela esan beharra dago, gehienek ez dituztela 250.000 biztanletik gora; hiri handi gehienak, bestalde, kostaldean aurkitzen dira, Valladolid, Zaragoza eta Madril izan ezik.

Espainiako hiri-sareak irregularitateak ditu: eremu batzuetan hiri-aglomerazioak ditugu eta beste espazio batzuetan, aldiz, probintziako hiriburu txikiak ditugu hiri garrantzitsuenak.

Azkenik, esan beharra dago Espainiako hiri-sarea, Madril zentro gisa duen sare erradiokonzentrikoaren eredua dela.

Espainiako Biztanleriaren Piramidea (2014)

Biztanleriaren piramide honek Espainiako biztanleriak 2014. urtean sexuaren eta adinaren arabera duen egitura erakusten du eta, modu berean, alde batetik ia ehun urtetan zehar demografian ondorioak izan dituzten gertaerak islatzen dituen grafikoa da; bestetik, hurrengo urteetan populazio horrek izan ditzakeen ezaugarriak ere aurreratzen dizkigun adierazpena da.

Piramidearen ezaugarri orokorrak

Piramide honek erraboil forma dauka. Forma hori dela eta, esan daiteke populazio beherakorra dela, hau da, gero eta jende gutxiago jaiotzen dela, jaiotza-tasa (JT) oso txikia edo ezezkoa denez. Oinarria barrurantz estutzen da, helduen taldea handia da, eta adinduen kopurua ere handitzen ari da; horregatik, bizi-itxaropena igotzen joaten da. Herri garatuetako egoera da. Bizi-itxaropen altua du: emakumeak 86 urte eta gizonak 81 urte.

Sexuaren araberako egitura

Piramidearen egitura sexuaren arabera aztertzerakoan, jaiotzak aztertzen baditugu, mutil gehiago jaiotzen dira neskak baino. Horregatik, maskulinotasun indizea 105ekoa da.

Aitzitik, zifra hauek ondoren berdindu egiten dira, 55-59 urteko kohortean, zehazki. Beraz, horrek esan nahi du urte horietan mutilen heriotza-tasa neskena baino altuagoa izan dela.

Era berean, aipatutako adin-tarte honetatik aurrera, desoreka agertzen da emakumeen alde, eta amaieran emakumeen kopurua gizonena baino bikoitza da.

Horrez gain, aipatu beharrekoak dira lan-istripuek (eraikuntza, meategia, auto-istripuak, etab.) zein bestelako istripuek ere eragina dutela.

Adinaren araberako egitura

Piramidearen egiturak, adinaren arabera, hiru egoera desberdin erakusten dizkigu: lehenengoa 0-30 urte bitartekoa, bigarrena 30-70 urte bitartekoa eta hirugarrena 70 urtetik gorakoa. Lehenengo kasuan (0-30 urte), sargunea nabari da, beraz, jaiotzen kontrola azken 30 urteetan gertatu da, 5-9 eta 10-14 kohorteetan izan ezik. Egoera hau immigrazioarekin lotu behar da. Jaiotza-gutxitze hauek ulertzeko kontuan hartu behar da gizartean egondako mentalitate-aldaketa: antisorgailuen erabilera orokortu da, jaiotzak kontrolatu egiten dira, Elizak indarra galdu du eta emakumearen lan-munduratzeak familiaren eredua aldatzea ekarri du. Bigarren egoera (30-70 urte) desberdina da, izan ere, irtenunea dago 50-60 urteetan emandako hamarkadetako baby-boom-aren ondorioz. Azkenik, hirugarren egoerari (70 urtetik gora) dagokionez, berriz ere sargunea antzematen da; urteetan gora joan ahala kopurua jaitsiz doa, adin nagusitasunarekin heriotza lotuta baitago. Hala ere, bizi-itxaropena altua da, 80 urte ingurukoa gizonezkoetan, eta emakumezkoetan, aldiz, 6 urte handiagoa.

Aurreikuspen demografikoak

Datu hauek aztertu ondoren, amaitze aldera aurreikuspenak egin daitezke eta esan daiteke Espainiako biztanleriaren joera jaiotzari dagokionez beherantz joango dela, hilkortasunari dagokionez tasak gora egingo duela. Migrazioei dagokienez, kanpoko emigrazioak jaitsiko direla eta immigrazioak, aldiz, gora egingo duela aurreikusten da.

Ondorioak eta erronkak

Amaitzeko, populazio honek bere eredua aldatzen ez badu, ondorio hauek izango ditu:

  • Demografikoak: populazioaren zahartzea eta krisi demografikoa.
  • Ekonomikoak: Lan-ordezkapen-tasaren jaitsiera (2040. urterako %60koa izango dela kalkulatzen da), pentsio-sistemaren krisia (ezin finantzatu), eta osasungintzaren gastuaren hazkundea.
  • Sozialak: Zaharrentzako egoitzen falta, gizarte kontserbadoreagoa, dinamismoaren galera eta bestelako arazo sozialak (pentsio baxuak eta erosteko ahalmen urria, adibidez).

Errealitate demografiko honek erronka handi bat suposatuko du gizarte osorako. Immigranteen erakarpenaz gain familia-sustapen planak bideratu beharko dira demografia bultzatzeko eta baliabide demografikoak ahalik eta gehiago berritzeko.

Deskargatu

PDF Word HTML