Espainiako Errestaurazioa (1875-1898): Bilakaera eta Krisia

Historia4,61 KB

Erregimenaren Bilakaera

Alfontso XII.aren Erregealdia

a) Alderdi Kontserbadorearen Gobernua (1875-1881)

Cánovasek bere sistema politiko berria ezartzeko beharrezkoa zuen bake zibila eta soziala lortu zuen. Iparraldean karlistekin bakea sinatu zuen. Kuban independentistekin bakea lortzeko proiektua jarri zuen abian. Espainiak Kubari autonomia eman zion, baina 1895ean gatazka berpiztu zen.

Cánovasek ezarritako neurriak:

  • Eskubideak mugatu.
  • Biltzeko eta adierazteko askatasuna murriztu.
  • Prentsa askatasuna murriztu eta zentsura handitu.
  • Guardia Zibilaren izaera zibila kendu eta izaera militarra ezarri.

b) Alderdi Liberalaren Gobernua

1881ean txandakatze politikoa hasi zen, Sagasta buru zuten liberalekin. Sagastak gizarte erreformak eta gizabanakoaren oinarrizko askatasun eskubideak ezarri zituen (nahiz eta 1884an kontserbadoreek kendu).

c) Egoera Politikoa Euskal Herrian

Karlistek oraindik indar handia zuten, batez ere nekazari inguruetan. Joera liberalekoak elkartu egin ziren hauteskundeetan parte hartzeko.

Maria Kristina Erreginordearen Agintaldia (1885-1902)

Alfontso XII.a hil ondoren, 1885ean, bere emaztea erreginaorde bihurtu zen. Pardoko Itunean Cánovas eta Sagastak txandakatzeari eta Errestaurazioaren erregimenari jarraipena ematea adostu zuten.

a) Gobernu Liberalaren Jarduerak (1885-1890)

1885-1890 bitartean Sagasta izan zen gobernuburu. Liberalek egonkortasuna eman zioten herrialdeari, eta horrek ekonomiaren susperraldia ekarri zuen. Ezaugarri nagusiak:

  1. Erreformismo liberala eta 1868ko iraultzako hainbat ideia ezarri.
  2. Askatasunak zabaldu: Elkarteen Legea, epaimahai bidezko epaiketa eta 1890ean gizonezkoen sufragio unibertsala.
  3. Kode Zibila eraberritu, erreforma militarrerako proiektu bat prestatu eta lege liberalak onartu ekonomia eta burdinbidearen zabalkundea sustatzeko.

b) Oposizioaren Egoera Politikoa

Errepublikaren gainbehera etorri zen. Pi i Margallen federalistak gutxiengo bihurtu ziren, eta Castelarrek Alderdi Liberal Monarkikoarekin bat egin zuen.

Euskal Herrian foruzaleak haserre zeuden, Kontzertu Ekonomikoa eraberritu zelako. Ondorioz, nazionalismo aurreko gertaera jakingarriak gertatu ziren 1893an:

  • Gamazada, Nafarroan.
  • Sanrokada, Gernikan.

Errepublikazaletasunak eta sozialismoak kide berriak erakarri zituzten: hirietako erdi eta behe mailakoak. Industriako eliteak etekina atera zioten Errestaurazioko hauteskunde iruzurrari eta euskal politikan parte hartzen hasi ziren (adibidez, Víctor Echevarría enpresaburuak sustatutako La Piña erakundea).

c) Egoera Ekonomiko eta Sozial Larria

80ko hamarkadaren bukaeran nekazaritzan eta abeltzaintzan krisi larria sortu zen, ekoizpena murriztu eta prezioak jaitsi zirelako. Lur jabe handiek muga zergak eskatu zituzten, eta Kataluniako oihalgintza industrien eta Bizkaiko siderurgia industrien jabeek babes neurriak eskatu zituzten.

1891n kontserbadoreek neurri horiek ezarri zituzten, truke askeko politikaren ordez babes politikaren bideari helduz. Nekazaritzako krisiak ondorio larriak izan zituen baserritarrentzat, eta gizarteko gatazkak areagotu egin ziren.

Langile mugimenduak indarra hartu zuen, eta anarkistak eta sozialistak proletarioen artean errotzen joan ziren. Tentsioa areagotzeak mitinak, manifestazioak eta atentatuak ekarri zituen.

1898ko Krisia

Kolonietako Gerrak

1895ean, Espainiak zituen kolonia bakarrak Puerto Rico, Filipinak eta Kuba ziren. Errestaurazio garaian, Estatu Batuak Kuban interesatu ziren azukre eta meategiengatik. Gainera, Kuba independentzia lortu nahian zebilen.

Errendizio formala Parisko Bake Hitzarmenean sinatu zen, 1898an. Espainiak Estatu Batuen esku utzi zituen Puerto Rico, Filipinak eta Guam, eta Kubaren independentzia aitortu zuen.

Mende Amaierako Krisia

Estatu Batuek eragindako porrot militarra oso latza izan zen espainiarrentzat; pesimismo garaia ekarri zuen eta gutxiagotasunezko sentimendua sortu zien herritarrei. Kritika horiek eragin handia izan zuten 98ko Belaunaldiaren sorreran.

a) Erregenerazionismoa

Joaquín Costa izan zen joera horren aitzindari. Kritika gogorra egin zion Errestaurazioaren sistemari eta sistema liberala eraberritzea proposatzen zuen.

b) 98ko Belaunaldia

Tradizioan murgilduta eta iraganean errotuta zegoen Espainia ilunaren kritikan jarri zuten arreta, eta modernizazio eta eraberritze sozialaren, politikoaren, ekonomikoaren eta kulturalaren beharra agerian uzten saiatu ziren.

Deskargatu

PDF Word HTML