Espainia XIX. Mendean: Krisia, Gerra eta Iraultza Liberala

Historia10,44 KB

Antzinako Erregimenaren Krisi Politikoa

Karlos IV.aren Agintaldia (1788-1808)

Antzinako Erregimeneko krisi politikoa Karlos IV.a erregea agintean zegoela hasi zen.

  • Hasieran, eraldaketa ilustratuak gelditu egin ziren, ideia horiek Frantziako Iraultzaren erantzule zirela pentsatzen baitzen. 1793an, Luis XVI.a gillotinatu ondoren, Espainiak eta potentzia absolutista batzuek Frantzia iraultzaileari gerra deklaratu zioten. Baina Frantziak gaurko EAE eta Nafarroa inbaditu zituen, eta bakea eskatu behar izan zuen (Basileako Bakea, 1795ean).
  • Geroago, Manuel Godoy erregearen lehen ministroak Frantziarekin elkartu eta Napoleonekin Fontainebleauko Ituna (1807) sinatu zuen, Portugal banatzeko. Herrialde horrek ez zuen onartzen Napoleonek Erresuma Batuaren aurka dekretatutako blokeo ekonomikoa.

Portugal inbaditzeko aitzakiarekin, Frantziako tropak Espainian sartu eta Iberiar penintsulako puntu estrategikoak okupatu zituzten. Gertaera horren ondorioz, herritarrak Godoyren politikaren aurka altxatu ziren, Aranjuezko Matxinadan (1808). Godoy kargutik kendu eta erregetza Fernando semeari eman zion. Napoleonek, biek karguari uko egitea lortu zuen, eta Espainiako tronua Josef I.a Bonaparte anaiari eman zion.

Azken horrek eraldaketa liberalizatzaile batzuk egin zituen Espainian. Hala ere, herritarrak Borboiak kargutik kentzearen aurka zeuden, eta 1808ko maiatzaren 2an Madrilgo herriak Frantziako tropei aurre egin zien. Horrela abiatu zen Independentzia Gerra.

Independentzia Gerra (1808-1814)

Inbaditzaileei aurre egiteko bi modu erabili ziren: gerrillen bidez (etsaiari landan ustekabean egindako erasoak) eta hirietako erresistentzia eta altxamenduen bidez. Hasieran, Frantziak aurrera egitea galarazi zen Girona, Zaragoza eta Valentzia hiriek erresistentzia eginda eta Baileneko Guduan (1808) garaipena lortuta.

Egoera horren aurrean, Napoleonek Espainiara jo zuen 250.000 soldaduren buru zela, eta lurralde ia osoa berreskuratu zuen. Baina 1812an, Napoleonek Errusian zituen arazoak aprobetxatuz, eta Portugalen lehorreratutako britainiar armadaren laguntzaz, espainolek frantsesak garaitu zituzten Arapilesen. 1813an atzera egin behar izan zuten, eta Napoleonek Fernando VII.a errege aitortu zuen.

Cadizko Gorteak eta Iraultza Liberala

Absolutismoaren aurkako iraultza liberala eta gerra modu paraleloan garatu ziren. Defentsako probintzia-batzordeak sortu ziren gerra zuzentzeko, eta Batzorde Goren Zentrala, berriz, gerra koordinatzeko. Azken horrek agintea eskuratu eta Cadizen Gorteak deitu zituen (1810) Antzinako Erregimena aldatzeko.

Diputatu gehienak erreformistak eta liberalak ziren. Gorteek 1812ko Konstituzioa aldarrikatu eta Antzinako Erregimena likidatzeko legeak onartu zituzten.

  • 1812ko Konstituzioan eskubide indibidualak aitortu ziren, besteak beste, berdintasuna legearen aurrean, eta nazio-subiranotasuna eta aginte-banaketa ezarri ziren. Sistema politiko liberala finkatu zen.
  • Gorteek emandako legeen bidez, inprenta-askatasuna (1810) ezarri eta jaurerriak (1811), gremioak (1813) eta Inkisizioa (1813) desegin egin ziren.

Absolutismoa Berrezartzea: Fernando VII.a

  • Absolutismoaren Berrezarpena (1814-1820): Fernando VII.ak, agintaldiaren hasieran, absolutismoa berriz ezarri, Cadizko Gorteen lana suntsitu eta liberalak jazarri zituen. Batzuek ihes egin zuten eta beste batzuk altxamenduen bidez agintea lortzen ahalegindu ziren.
  • Hirurteko Liberala (1820-1823): Altxamendu baten garaipenaren ondorioz, Hirurteko Liberala hasi zen. Gobernu liberalek Konstituzioa eta Cadizko Gorteen lana berrezarri zituzten. Fernando VII.ak Aliantza Santura bildutako Europako potentzia absolutisten laguntza bilatu zuen. Aliantzak armada bat bidali zuen eta Fernando VII.ak absolutismoa berriz ezarri zuen.
  • Zorigaiztoko Hamarkada (1823-1833): Agintaldiko azken hamar urteetan, gobernu absolutista, Amerika espainolaren independentzia eta ondorengotza-arazoa izan ziren nagusi. Arazo hori planteatu zen Fernando VII.ak, Elisabet alaba jaiotzean (1830), emakumezkoei tronua eskuratzea debekatzen zien Lege Salikoa indargabetu zuenean. Karlosek, anaiak, ez zuen erabaki hori onartu, ezta absolutistek ere. Fernando VII.a erregearen emaztea erregeordetzan egon zen erregearen bizitzako azken urteetan, eta liberal moderatuen laguntza bilatu behar izan zuen.

Elisabet II.a Erreginaren Aldia

Biztanleriaren Ezaugarriak

  • Espainiako biztanleriak XIX. mendean izandako hazkundea moderatua izan zen, Europako beste herrialde batzuetan baino txikiagoa. Biztanleria 10,5 milioitik 16,6 milioira igaro zen.
  • Biztanleriaren banaketaren ezaugarria kostako periferiaren (biztanle asko) eta erdialdearen (biztanle gutxi) arteko kontrastea zen. Landa-inguruaren eta hirien artean ere kontrasteak egon ziren. Biztanle gehienek landan bizitzen jarraitu zuten, baina hiriak nekazari-exodoari esker hazi ziren.

Nekazaritzako Aldaketak eta Desamortizazioa

  • Jaunen Erregimena: Jaunen erregimena 1811n suntsitu zen, Cadizko Gorteetan. Neurri horri esker, jurisdikzio-jaurerriak estatuaren esku geratu ziren, eta lurralde-jaurerriak, partikularren esku.
  • Desamortizazioa: Desamortizazioa ondasun amortizatuak, hau da, erakunde batzuekin lotutakoak, saltzea izan zen, ordura arte ezin baitziren saldu. Horretarako, estatuak kleroaren ondasunak konfiskatu eta enkantean saldu zituen (Mendizabal, 1835), nobleziaren maiorazkoa suntsitu zuen (1837) eta udalak euren lurrak saltzera behartu zituen (Madoz, 1855).

Helburuak estatuarentzat baliabideak lortzea eta nekazariei lurraren jabetza eskuratzeko erraztasunak ematea ziren. Baina enkanteen bidez saltzeko sistemak talde dirudunei mesede eta jabe txikiei kalte egin zien. Errentariek eta jornalariek ere kalteak jasan zituzten, jabe berriek lan-baldintzak gogortu baitzizkieten.

Nekazaritzako hobekuntzak mugatuak izan ziren. Landutako lurrak handiagotu egin ziren eta aurrerapen teknikoak apurka-apurka sartu ziren.

Industria eta Lehen Industria Iraultza

Lehen Industria Iraultza 1830ean abiatu zen. Berandu gertatu zen, hori dela eta, Espainia atzeratuta geratu zen Europako lehiakideekin alderatuz gero.

Industrializazioaren Atzerapenaren Arrazoiak

  • Egoera Politikoa eta Demografikoa: Egoera politikoa ezegonkorra izan zen eta hazkunde demografikoa behar ez bestekoa. Hori dela eta, industriak ez zeukan behar den besteko eskaririk.
  • Esparru Ekonomikoa: Nekazaritzako eraldaketen ondorioz, nobleen eta burgesen kapital asko lur desamortizatuak erostera desbideratu zen, eta nekazariak txirotu egin ziren. Barruko merkataritzari garraio urritasunek kalte egiten zioten; kanpoko merkataritza, berriz, urria zen, eta ez zuen kapitalik ematen. Horrez gain, atzerapen teknologikoaren eraginez, makina berriak inportatu egin behar izan ziren.
  • Gizarte Arloa: Ez zegoen industrian eta negozioetan inbertitzeko burgesia ekintzailerik. Izatez, nobleen eta burgesen kapitala lur desamortizatuak erostera bideratu zen.

Industria Sektore Nagusiak

Kotoiaren oihalgintza-sektorea Katalunian finkatu zen. Lehenengo makina hidraulikoak erabili ziren, eta gero, lurrunezkoak. Horregatik, ibaietan edo portuen ondoan ezarri zen.

Sektore siderurgikoa Andaluzian abiatu zen. Baina ikatz mineralik ez zegoenez, lehenengo Asturiasera eraman zen ikatz-baliabide ugari zegoelako, eta geroago, gaurko EAEra, burdin meatzeak zeudelako.

Hirugarren Sektoreko Jarduerak

  • Garraioak: XIX. mendean hobetu ziren. 40.000 km errepide egin eta trenbide sarea ezarri zen. Iberiar penintsulako lehen trenbidea 1848an inauguratu zen Bartzelona eta Mataró bitartean, eta gero Madriletik Aranjuezerako trenbidea etorri zen 1851n. Mendearen erdialdetik sare erradiala eraiki zen, hiriburua portu nagusiekin lotzeko.
  • Merkataritza: Barruko merkataritza Espainiako herritarren erosteko ahalmen urriak mugatu zuen. Kanpoko merkataritzak merkatu kolonialak galdu zituen, eta ordura arte bertan konpentsatu zen barruko eskari urria.
  • Finantzak: Finantzak eta kapitalismoa garapen ekonomikoak bultzatu zituen. Sozietate anonimo eta banku ugari sortu ziren. Horrez gain, Madrileko eta Bartzelonako burtsak sortu ziren.

Klaseen Gizarte Berria

XIX. mendean, Antzinako Erregimeneko estamentuzko gizartearen ordez klaseen gizarte berria ezarri zen. Hala ere, nobleziak aginteari eutsi zion, eta burgesiaren eta proletarioen garapena txikia izan zen.

  • Goiko Klasea: Iraganeko nobleziak eta goi-burgesiak osatzen zuten. Pribilegioak galdu zituen, baina egoera ekonomikoa sendotu eta eragin politiko eta sozialari eutsi zion. Goi-burgesia lur desamortizatuak erostea eta noble bihurtzea zuen xede. Industriako burgesiak garrantzi txikiagoa izan zuen, industria-garapena urria baitzen.
  • Erdiko Klasea: Nekazaritzako jabe ertainak eta hiriko talde ertainak sartzen ziren.
  • Beheko Klasea: Landan jabe txikiek, errentariek eta jornalariek osatzen zuten; eta hirian, enplegatuek, soldatapekoek eta proletario sortu berriek.

Gizarte Gatazkak eta Langileen Mugimendua

  • Jornalariak: Soldata txikiak jasotzen zituzten, eta urtaroen araberako langabezia jasaten zuten. Hori dela eta, altxamendu ugari egin zituzten.
  • Industriako Langileak: Lanaldi luzeak, soldata txikiak, asegurutik eza, emakumezkoen eta haurren esplotazioa eta bizi-baldintza penagarriak jasaten zituzten.

Langileen mugimendua arazo horiei aurre egiteko sortu zen. Lehenengo protesta modua makinak bat-batean suntsitzea izan zen (ludismoa). Ondoren, langileen elkarteak sortu ziren soldata eta lan hobekuntzak aldarrikatzeko; hala ere, garrantzi txikia izan zuten Seiurteko Iraultzailean biltzeko eta elkartzeko askatasunak aitortu ziren arte.

Deskargatu

PDF Word HTML