Errusiako Inperioa eta 1917ko Iraultzarako Bidea

Historia3,14 KB

Inperio Autokratikoa

XX. mendearen hasieran, tsarren inperioa lurralde oso zabala zen. Politikoki, tsarismoa autokrazia bat zen, tsarrak botere absolutua zuen: dekretu bidez gobernatzen zuen, ez zegoen konstituzioaren edo parlamentuaren mende. Burokrazia leial batek eta armada boteretsu batek Inperioaren kontrola ziurtatzen zuten, eta Eliza ortodoxoa erregimenaren zutabe ideologiko nagusietako bat zen.

Nekazaritza Feudala eta Industria Kanpoen Mende

Errusiako Inperioaren ekonomia eta gizarte-egiturak Europako atzeratuenen artean zeuden. Nekazaritza zen jarduera ekonomiko nagusia. Lurra aristokrazia pribilegiatu, boteretsu eta aberats baten eskuetan zegoen. Nekazariak ziren biztanle gehienak, eta erregimen ia feudal baten mende zeuden. Soldata oso baxuak zeukaten. Joputasun pertsonala 1865ean abolitu zen, baina nobleziaren edo lur-jabeen botereak bere horretan iraun zuen.

Errusiako Inperioko leku batzuetan industrializazio-prozesu bat hasi zen, kanpoko kapitalak bultzatuta. Lurralde horietan, industriako proletario ugari zeuden: lantegi handietan egiten zuten lan (500 langile baino gehiagoko enpresetan) eta soldata oso eskasen truke.

Tsarismoaren Aurkariak

Nekazarien artean tsarismoaren oposizioko lehen korronteak sortu ziren: populistak eta anarkistak, baina proposamen alternatibo argirik gabe. Industriako langileen artean ideia marxistak zabaldu ziren. 1898an Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata sortu zen: buruzagi nabarmenena Lenin zen. Berehala, alderdia bitan zatitu zen: mentxebikeak eta boltxebikeak (bide iraultzailearen aldekoa zen, tsarismoaren erreformak nahikoak ez zirelakoan). XX. mendearen hasieran, alderdi liberal-burges bat sortu zen: Alderdi Konstituzionalista Demokrata (kadeteak) eta ezkerrean, nekazariengan eragin handia izan zuen alderdi bat: Alderdi Sozialista Iraultzailea (eseristak).

1905eko Errebolta

1905ean autokraziaren amaiera exijitzen zuen errebolta lehertu zen. Manifestazio baketsu bati, tsarrak errepresio bortitzarekin erantzun zion (Igande Odoltsua). Baina manifestazioek ez zuten gelditu eta, antolatzeko, langilez, nekazariz eta soldaduz osatutako batzordeak sortu zituzten (sobietak). Egoera ikusita, tsarrak parlamenturako sufragio unibertsalean oinarritutako hauteskunde deialdia egiteko konpromisoa hartu zuen, bai eta nekazaritza erreforma sustatzekoa ere. Baina ez zuen agindutakoa bete. Urte gutxiren buruan, tsarrak Duma desegin eta autokratikoki gobernatu zuen berriro.

Errusia Lehen Mundu Gerran

1914an, Errusia Lehen Mundu Gerran sartu zenean ez zegoen prestatuta gerra hain luzeari, gogorrari eta garestiari aurre egiteko. Errusiako armadak ez zuen ahalmenik: garraio-sistema eraginkorra eta armamentu-industria nahikoa falta zitzaizkion. Errusiako baliabide ekonomikoak gerrarako erabili zirenez, gosea agertu zen, eta ezinegona zabaldu zen langile, nekazari eta soldaduen artean. Horrek Nikolas II.a tsarrari eta tsarraren gobernuari babesa kendu zien. Tsarismoaren aurkariek gerra aprobetxatu zuten erregimenari amaiera emateko.

Deskargatu

PDF Word HTML