Erromako Historiagintza: Hastapenak eta Historialari Handiak
Historiografia: Hastapenak
Greziarrei zor zaizkie hastapenak. Horrek ez du esan nahi Erroman zerbait ez zegoenik; Pontifex Maximusek idatzitako Annales dugu. Bertan magistratuen izenak, lanegunak eta beste egunak jartzen zituzten, baina ezin dira literatur lantzat hartu.
Antzinateko Historiagintza
K.a. III. mendean greziarren eragina zela eta hasi zen Erroman historia idazten eta lan honetan hasi ziren lehenengoek izen hau hartu zuten. Lehenengoek grekeraz idazten zuten Erromaren historia. Zergatia?
- Greziako kultura modan zegoen Mediterraneo inguruko herrietan eta grekera "kultur hizkuntza" zen.
- Historiagintzak funtzio politikoa bete behar zuen: Erromatar Inperioaren handitasuna aldarrikatzea.
Fabio Piktor dugu garai honetako idazlerik inportanteena. Gero grekera idazteko kontrako erreakzioa sortu zen eta latinez idazten hasi ziren. Garai honetan, Katon. Historialari hauek ez zuten benetako historia idatzi, legenda eta mitoez betetako historia baizik, beraien helburua Erromaren handitasuna kantatzea zen.
Historialariak K.a. II-I. Mendeetan
K.a. II. eta I. mende artean aurkitzen ditugu historia idazteaz gain arte lana egin nahi zuten idazleak. Beraien asmoa historia egitea zen baina alderdi literarioak ahaztu gabe. Adibidez: Valerius Antias, Claudius Quadrigarius, Varro eta Cornelius Sisenna.
Historialari Handiak
Zesar (K.a. 100-44)
Gaius Iulius Caesar (K.a. 100-44). Politika munduan murgildurik popularren partiduan ibili zen. K.a. 60an Ponpeio eta Krasorekin batera I. Triunbiratoa osatu zuen. Triunbiroa izanik Galietako gerra egin eta Galiako lurraldeak konkistatu zituen. Boterea eskuratzeko momentu egokia ikusirik Ponpeioren kontrako gerra egin zuen. Farsalian garaile suertatu eta ondorioz, bakarrik gelditu zen. Botere guztiak bere eskuetan bildu zituen. Zesarrekin Errepublika sistema politikoa agortutzat eman daiteke: bera hil ondoren Inperioa ezarriko da. Augusto enperadorea. Zesar K.a. 44an "Idus-etan" hil zuten.
Historia Lanak
Egin zituen 2 gerra nagusiak bere historia lanetan kontatzen dizkigu: De Bello Gallico eta De Bello Civili. Hauez gain olerki eta eskutitz batzuk egin zituen. Bizitako gertaerak kontatzen dizkigu baina bere ikuspuntutik. Hala ere, historialari objektibo bezala azaldu nahi du eta 3. pertsona darabil. Estilo sinple eta garbia darabil. Hitzaldi eta elkarrizketa asko tartekatzen ditu.
Tito Livio (K.a. 59 - K.o. 16)
K.a. 59 - K.o. 16. Augustoren garaian bizi zen. Konkista gerra guztiak bukatuak ziren jadanik eta inperioa garatu eta finkatzea besterik ez zegoen. Augusto Erromako jaun eta jabe izanik bere handitasuna aldarrikatuko zuten idazle eta artistez inguratu zen: Tito Livio, Virgilio eta Horazio, besteak beste. Hasierako Erroma txikia inperio handia bilakatu zuten antzinako ohitura eta lege zaharrak defendatzen zituzten: erlijioa, familia, justizia, bertutea, "pietas"...
Ab Urbe Condita
Ildo horretatik ekin zion Liviok Erromako historia idazteari Erroma hiria sortu zenetik: Ab Urbe Condita. 145 liburuz osatutako historia zen, baina 35 besterik ez dira gorde.
Iturriak
Benetako historia egin nahi bazuen, antzinateko gertaerak kontatzeko analista eta historiagile zaharrengana jo behar izan zuen eta dakigunez ez ziren batere fidagarriak. Hala ere Kartago eta Greziako historiagileen lanak ere hartu zituen iturrien arteko konparaketa egitearren. Dena dela akats eta kontraesan anitz dago eta Livio bera ere konturatu zen.
Estiloa
Bere garaiko hizkuntza islatu ordez, Errepublika garaiko hizkuntzan idazten du. Salustiok arkaismo anitz erabiltzen bazituen, Liviok ordea, dagozkion uneetan sartzen ditu, zahartasun antza eman nahi duenean bakarrik. Askotan, esaldietan erritmo daktilikoa ere aurkitzen dugu, zenbaitetan egiazko hexametroak ere bai.