Errenazimentua: Pentsamenduaren eta Zientziaren Iraultza
Erdi Aroaren amaiera eta Errenazimentuaren hastapenak
XIV. mendean zehar Erdi Aroaren amaiera bideratzen hasi zen. Aristotelesen testuak berreskuratu ziren Europako mendebaldean, nominalismoa planteatu zen eta esperientzia sentigarriaren garrantzia berreskuratu zen. Beste aldetik, Konstantinopla otomanoen aurrean erori egin zen eta hori Erdi Aroaren amaiera adierazteko abiapuntutzat hartzen da.
Konstantinopla erortzean, hainbat jakintsu erbestera joan behar izan ziren, batez ere Italiara. Hainbat testu eta teoria mendebaldera garraiatu ziren horrela. Aspaldiko itzulpenak baztertuz, jatorrizko eskuizkribuak hartu zituzten itzulpen berriak egiteko, testuen berezko espiritua berreskuratzeko asmoz.
Pentsamenduaren bilakaera eta naturalismoa
Errenazimentuko pentsalariek ez dituzte teoriak eta kontzeptuak soilik transmititu nahi, baizik eta hori guztia era egokian eta landuan egin; hau da, estiloa eta forma ezinbestekoak bihurtuko dira. Gainera, errealitatea ulertzeko ereduak sekularizazio prozesu bat pairatuko du. Natura ulertzeko Jainkoaren garrantzia pixkanaka-pixkanaka ukatuko dute, naturalismoa hedatuz.
Korronte filosofiko eta politikoak
Errenazimentuan hainbat korronte filosofiko garatu ziren, esaterako: neoplatonismoa, errenazimentuko aristotelismoa eta errenazimentuko helenismoa. Halaber, bi korronte politiko nagusitu ziren: idealismo politikoa eta errealismo politikoa.
Idealismo politikoa
Idealismo politikoak Platonen teoria politikoa du eredutzat. Ikuskera normatiboa du; hau da, ez du aztertzen dagoen politika, baizik eta nolakoa izan beharko lukeen irudikatzen saiatzen da. Utopiak planteatzen ditu. Ikuskera idealistan Tomas Mororen pentsamendua nagusitu zen. Honek, bere Utopia liburuan, gizarte perfektu bat imajinatzen du. Gizarte hori irla batean kokatuta dago eta gobernua ezagutzean oinarritzen da.
Errealismo politikoa
Errealismo politikoak Aristoteles hartzen du eredutzat. Ikuskera deskriptiboa du; hau da, dagoen politika eta erregimen politikoak aztertzen ditu. Ikuskera errealistan Nikolas Makiaveloren pentsamendua nagusitu zen. Aditu askok Makiaveloren teoria politikoa zientzia politikoaren sorreratzat jotzen dute. Honek, bere Il Principe liburuan, printzipe gazte bati gobernatzeko aholkuak ematen dizkio. Bere esaldi famatuena, nahiz eta bere liburuan honela ez agertu, “helburuak bitartekoak justifikatzen ditu” da.
Zientziaren iraultza
Gainera, zientzia iraultza jazo zen. Erdi Aroan Ptolomeo eta Aristotelesen teoriak nagusitu ziren. Keplerrek planeten mugimendu eliptikoa proposatu zuen, Galileok eta Kopernikok eredu heliozentrista, eta Giordano Brunok unibertsoaren infinitasunari buruzko hipotesia proposatu zuen.