Erlijio-jakintza eta filosofia
Erlijio-jakintza
Erlijio guztiak saiatzen dira biziaren zentzuarekin zer ikusia duten galderei erantzuten: nola, noiz eta zertarako sortu zen bizia, eta zer gertatuko zaigu hil ondoren. Galdera horiei erantzuteko ez dira liburu sakratuetan, hala nola Toran, biblian eta Koranean errebelatutakora mugatzen. Gainerako jakintzek ez bezala, erlijioek bizi alderdi eta alderdi pertsonal handia dute, sinestunen bizitzaren alderdi guztietan eragiten duena. Gainera, beren buruei buruz eta errealitateari buruz duten ikuskera haien fedeak baldintzatzen du. Erlijioa filosofiatik bereizten duen ezaugarri nagusia abiapuntua da. Erlijioak zalantzarik gabeko egietatik abiatzen dira; filosofiak, berriz, horiei buruz galdetzen du, eta ez du baieztapen eztabaidaezinik onartzen.
Filosofia. Filosofiaren “begirada”.
Esan dugu filosofiak k.a. VI. mendean sortu zela guk ezagutzen dugun eran. Filosofiak errealitate osoa azaltzeko mitoak zuen xedeari eutsi zion, baina pixkanaka fantasiara eta aparteko botereak dituzten pertsonaietara jotzeari utzi zion. Pentsamendu filosofikoaren erroa miresmena da, bai natura-fenomenoen erregulartasunarekiko, bai eta unibertso osoko ordenarekiko ere: mitoek ez zuten erregulartasun eta orden hori azaltzerik lortu. “Filosofia” hitzak “jakintzari maitasuna” esan nahi du. Sokratesek sinesten zuen jakinduria zela irriken arteko gorenena, eta ezjakintasuna gaitzetan okerrena.
Filosofiaren helburuak eta objektuak
Bi helburu izan ditu: 1. Errealitatearen egia ezagutzea; begirada filosofikoak errealitate osoaren azalpena lortu nahi du, bai haren estruktura, bai zentzua azaleratzeko. Hori da filosofia teorikoaren lana; munduaren pluraltasuna ulertzearena, teorien eta kontzeptuen bidez barrentzearena eta hizkuntzaren bidez ematearena. 2. Bizitza zoriontsua bizitzea. Filosofia praktikoa da helburu horiez arduratzen dena eta haren objektu dira gizakiaren ekintza askeak; bai indibidualak, bai sozialak. Beraz, hauek ere badira filosofia praktikoaren objektuak; gizakiaren ekintza askeak estatu bateko kidetzat; estatuaren legeak eta zilegitasuna, eta hartan herritarren bizitza arautzen duten legeak; hizkuntza gogatzeko eta gozamenerako tresnatzat; ondasunen eta artelanen erabilera zuzena.