Erdi Aro Berantiarra: Gorteak, Koroak eta Batasun Dinastikoa
Erdi Aroko Gorteak: Egitura eta Funtzioak
Gizarteko hiru estamentuetako ordezkariek (noblezia, kleroa eta hirietako ordezkariak) osatutako erakundea. Azken talde hau merkataritzaren ondorioz hirietan sortzen ari zen burgesiak osatzen zuen.
- Gaztelako Gorteak: Penintsulako zaharrenak, XII. mendean sortu ziren (1188). Erregeari eskaerak egiteko eta ezohiko zergak baimentzeko ahalmena zuten (aholkularitza funtzioa besterik ez).
- Aragoiko Koroako Gorteak: XIII. mendean sortuta, erresuma bakoitzak (Katalunia, Aragoi eta Valentziak) gorte independenteak zituen. Aragoikoek botere legegilea ere izan zuten. Kataluniako Gorteek XV. mendean Generalitat sortu zuten.
- Nafarroako Gorteak: XIII. eta XIV. mendeetan eratu ziren. Eginkizun nagusiak legeak berretsi, zergak onartu eta foruen zaintza ziren. Aragoikoek bezala, nolabaiteko ahalmen legegilea zuten.
Aragoiko Koroaren Eraketa eta Hedapena
Aragoiko Koroa erresuma desberdinek osatzen zuten. Koroa sortzeko abiapuntua Erramun Berenger IV.a Bartzelonako kondea eta Petronila Aragoiko Koroaren oinordekoa 1137an ezkontzea izan zen. Lotura dinastiko honekin sortu zen erresuma.
Urteek aurrera egin ahala, konkisten bitartez, Koroara sartu ziren erresumen kopurua handitu egin zen. Iberiar penintsulako Errekonkista prozesua Valentzia eta Balearrak konkistatu ostean amaitu eta gero, Mediterraneorantz zabaldu ziren, Kataluniako merkataritza sarearen bultzadarekin. Modu honetan, honako lurralde hauek eskuratu zituzten:
- Sardinia, Sizilia eta Napoliko erreinuak.
- Atenas eta Neopatriako dukerriak.
Errege berbera izan arren, erresumen konfederazio modukoa zen, eta Kataluniak, Aragoik eta Valentziak norberak bere gorte independenteak zituen.
Errege Katolikoak: Batasun Dinastikoa (1469)
Gaztelako Isabelen eta Aragoiko Fernandoren ezkontzaren ondorioz (1469an) eraman zen aurrera batasuna. Dena den, 1479an eskuratu zuen tronua Fernandok Aragoin, eta urte berean Isabelek Gaztelan ondorengotza gatazkari aurre egin ostean.
Ezkontzaren bidez bakoitza bi koroetako errege-erregin bihurtzen bazen ere, erresuma bakoitzak bere legeak eta erakundeak mantendu zituen. Barne-gatazkak gainditu ostean, indarrak batuz, honako lurralde hauek bereganatu zituzten:
- Granadako nazariar erreinua (1492).
- Nafarroako erresuma (1512).
Batasun dinastiko honen bitartez, etorkizuneko Espainia izango zenaren oinarriak jartzen hasi ziren, Gaztelako erresuma besteen gaineko autoritatea eskuratzen joan baitzen pixkanaka.
Nafarroaren Inkorporazioa Gaztelako Koroara (1512)
1515ean Burgosko Gorteetan hartutako erabakia izan zen, 1512an, Fernando Katolikoaren aginduz, Albako dukeak Nafarroa inbaditu ondoren, beaumondarren laguntzarekin. Inbasio hau Europako hegemonia lortzeko Gaztelaren eta Frantziaren arteko lehiaren testuinguruan kokatu behar da.
Legeak eta erakundeak mantendu arren, Nafarroak erresuma independente izateari utzi zion. Horretarako, Gaztelako Koroaren esanetara zegoen erregeorde bat jartzen zuten. Nafarroako errege-erreginek, frantsesen eta agramondarren laguntzarekin, erresuma berreskuratzeko hainbat saio egin zituzten, Noaingo guduan (1521) eta Amaiurren (1522) garaituak izan arte. Nafarroa Behereak independentzia mantendu zuen.
Juduen Kanporatzea eta Erlijio Batasuna (1492)
Erlijio-batasunaren eta katolizismoaren alde Errege Katolikoek hartutako neurrietako bat izan zen, Erdi Aroan juduen kontra hasitako jazarpena bururaino eramanez. Jazarpen hori nabarmen handitu zen krisialdietan. Neurri honek Inkisizioak eta odol-garbitasunak hurrengo urteetan izango duten garrantziaren adibide garbia dira.
Juduek estatus ekonomiko ona izan arren (bankari asko juduak ziren), bizitza publikotik zokoratuta eta auzo berezietan (aljametan) bizitzera behartuta zeuden. 1492an, Errege Katolikoek Torquemada inkisidoreak prestatutako dekretua sinatzean, kristau bihurtzeari uko egin zioten judu guztiak (100.000 inguru) Gaztelatik eta Aragoitik kanporatu zituzten, heriotza-zigorraren mehatxupean. Sefardiak deitzen zaie. 50.000 judu inguruk bataioa onartu zuten, eta handiki eta aberatsenak geratu ziren batez ere.