Enpresaren Finantza Egoeraren Analisia: Ratioak eta Gomendioak
Maniobra Fondoa
Maniobra fondoa, edo errotazio fondoa, kapital iraunkorrez finantzatutako aktibo korrontearen zatia da, eta enpresaren finantza egonkortasuna neurtzeko balio du. Kasu honetan, positiboa da, eta horrek esan nahi du enpresa gai dela bere epe laburreko betebeharrei aurre egiteko aktibo korronteak ematen dion likideziarekin. Hala ere, maniobra fondoa handitzea gomendatzen da. Likideziaren ratioaren emaitzan ikusten denez, 1,29 ematen du, eta 1,5 eta 1,8 artean ematea gomendatzen da. Horrek esan nahi du, maniobra fondoaren analisian ikusi dugun bezala, maniobra fondoa txikiegia dela eta handitu beharko lukeela. Gainera, kaudimen arazoak agertzeko arriskua dago epe laburrean.
Ibilgetuaren Ratioa
Ibilgetuak aktibo ez-korrontean egiten den kapital iraunkorren aplikazioa neurtzen du. Ratio hau 1 baino txikiagoa izatea gomendatzen da. Kasu honetan, 0,43 ematen du, eta, beraz, egokia da, baina apur bat igo beharko luke.
Zorpetzearen Ratioa
Zorpetzearen ratioak kanpoko finantzazioak ondare garbiarekiko duen pisua adierazten du. Kasu honetan, ez da egokia, 1,05 ematen duelako, eta 0,5 eta 1 artean ematea gomendatzen delako.
Finantza Autonomiaren Ratioa
Finantza autonomiaren ratioak enpresak kanpoko baliabideekiko duen dependentzia maila aztertzen du. Normalean, 0,8 eta 1,5 artean eman beharko luke, eta, kasu honetan, 1,23 eman du; beraz, enpresak finantza autonomia dauka. Hau da, momentuz, enpresak kanpoko baliabideekiko dependentzia gutxi du.
Altxortegiaren Ratioa
Altxortegiaren ratioa —ordainketen etenerako distantziaren ratioa edo froga azido izenekin ere ezaguna— enpresak epe laburreko zorrak estali ditzakeen adierazten du. Ratioak 1 baino handiagoa eman beharko luke, eta 2,85 ematen du. Handiegia da, eta horrek esan nahi du likidezia gehiegi dagoela eta murriztu beharko lukeela. (1 inguruan badago, kontuz ibili behar da, ordainketak eteteko arriskuan dagoelako).
Bermearen Ratioa
Bermearen ratioak hartzekodunek euren zorrak kobratzeko duten bermea eta enpresaren hedapen gaitasuna neurtzen ditu. Kasu honetan, 1,94 ematen du, eta 1,7 eta 2 artean ematea gomendatzen da; beraz, egokia da, baina apur bat murriztea komeni zaio.
Ondorioak eta Gomendioak
- Maniobra fondoa handitzea komeni da; horrela, likideziaren ratioa ere handituko litzateke, eta egokia izango litzateke.
- Ibilgetuaren ratioa apur bat igotzea gomendatzen da, egokiagoa izan dadin.
- Zorpetzea murriztu behar du, egokia izateko.
- Altxortegiaren ratioa murriztu behar du, likidezia gehiegi baitago.
- Bermea ere apur bat murriztu behar du, egokiagoa izateko.