Enpresaren Estrategia Mailak eta Xede Mota Ezberdinen Arteko Harremana
Xede Mota Ezberdinen Arteko Harremana
Zuzendaritzaren egitekoa enpresaren xedeak kostu txikienarekin lortzea da, lehian. Organizazioak lortu nahi dituen balio eta emaitzak, enpresaren jarduerak zuzentzeko balio dezaten, behar den moduan hierarkizatu eta desglosatu behar dira, idealen eta orokorrenetatik hasi eta zehatzen eta operatiboraino.
- Misioa (Eginkizuna): Enpresak zer jarduera duen eta zertarako dagoen esaten digu misioak. Honako galderei erantzuten die: zer egiten du enpresak? Zertan dihardu enpresak? Batzuentzat eginkizunaren definizioa ikuspenarekin osatzen da. Enpresak etorkizunera begira dituen nahiak islatuko ditu ikuspenak solaskideen aurrean.
- Helburuak: Enpresa guztiek etekinak, ospea, bikaintasuna eta abar bilatzen dituzte. Asmo horiek egia bihur daitezen, helburu batzuk ezarri beharra dago. Oro har, enpresa batek bere izateko arrazoia zein den (eginkizuna) esaten duenean, edo bere nahia identifikatzen duenean (ikuspena), enpresaren lehen helburua deskribaturik geratzen da. Baina helburu orokor hori gehiago zehaztu beharko da, bai lortu nahi diren emaitzetan eta bai denboran. Helburuek, eragina izan dezaten, baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Kontrolagarriak
- Errealistak eta lortzeko modukoak
- Ulergarriak eta jakinaraziak
- Malguak
- Gutxi eta funtsezko emaitzetara zuzenduak
- Elkarren artean koordinatuak
- Estrategia: Enpresak aldez aurretik ezarri dituen helburuak lortzeko jarraitzen duen ekintza programa da. Helburuak aurrera eramateko ezarri den epea kontuan harturik definituko da. Behin xedeak ezarrita, konpainiak korporazio mailako estrategia finkatzen du.
Estrategiaren Mailak
Enpresak negozio batean baino gehiagotan aritzen direnez, prozesu estrategikoak hiru azterketa maila izaten ditu gutxienez: formulazioa, ezarpena eta estrategiaren kontrola, elkarrekin lotura dituztenak hirurak.
- Korporazio Estrategia: Enpresa dibertsifikatu baten plan orokorra da. Negozio batean baino gehiagotan diharduten enpresetan agertuko da. Konpainia batek zein sektore eta negoziotan lehiatu nahi duen esaten du; jarduera-eremua edo zein negoziotan aritu gura duen. Jarduera-eremuaren azterketa dinamikoa egiteko, jarduera-karteraren bilakaera erakusten duen tresna erabil daiteke. Enpresak planteatzen du zein izango den, gaurko baldintzetan edo aurreikusi daitezkeenetan, bere kartera osatzen duen negozioen hiru dimentsioen egoera. Azterketa hori egin eta gero, korporazio-estrategia adierazteko irizpideak izango ditu enpresak dibertsifikazio, integrazio, internazionalizazio, bategite, eskurapen, beste konpainiekiko laguntza, enpresak sortze, desinbertsio eta abarri dagokionean.
Korporazio estrategia sortzeak, hau eskatzen du:
- Jarduera zein sektoretan dibertsifikatu nahi den erabakitzea, eta, beraz, enpresaren kartera zein negoziok osatuko duten eta, uztekotan, zein utziko dituen erabakitzea.
- Osagarri bezala, zein eremu geografikotan arituko den eta zein produktu/zerbitzu arloan jardungo duen erabakitzea.
- Enpresa-garapenaren formulei dagokienean konpainiak zer politika jarraituko duen zehaztea.
- Inbertsio-lehentasunak ezartzea eta korporazio-baliabideak negozio-unitate erakargarrienetara zuzentzea.
Korporazio-estrategia zuzendaritza nagusiak diseinatzen du, administrazio-kontseiluaren onarpena eta berrikuspena izaten ditu eta konpainiaren xede globalei dagokie.
- Negozio Estrategia: Enpresak bere sektore edo negozioan nola lehiatu behar duen zehazten duen jarduera-egitasmoa da. Konpainiak negozio bakarra duenean, korporazio-estrategia eta negozio-estrategia bat izaten dira. Enpresaren lehiarako posizioa sortzea eta epe luzera indartzea da helburua. Estrategia hau NUE-Zuzendaritzak/atalak/enpresak diseinatzen du; korporazio-zuzendaritza nagusiak onartzen du eta berrikusten du, eta korporazio mailako xedeei dagokie.
- Funtzio Estrategia: Funtzio-arlo jakin baten (produkzioa, komertzializazioa, Giza Baliabideak...) jarduera-egitasmoa da. Funtzio-estrategiek xehetasunak gehitzen dizkiote negozio-estrategiari, eta funtzio-jarduerak nola burutuko diren zehazten dute. Hortaz, funtzio-estrategiak funtsezkoak dira konpainiaren lehia-estrategia ezartzerakoan. Funtzio-zuzendaria izan ohi da estrategia hau diseinatzen duena; NUE Zuzendaritzak/atalak/enpresak onartzen du eta berrikusten du, eta negozio-estrategia mailako xedeei dagokie.