Enpresa Motak: Sailkapena Forma Juridikoaren Arabera
Enpresak, beren forma juridikoaren arabera, honela sailka daitezke:
Enpresa Indibiduala
Nortasun fisikoa duen enpresa da; hau da, enpresaren jabea pertsona bakarra da. Enpresaburu indibiduala izan edo sozietate pribatua izan, sailkapen desberdinak egin ditzakegu enpresa indibidualen barruan:
Enpresaburu Indibiduala
Merkataritza-, industria- edo profesional-jarduera egiten duen pertsona fisikoa da (bere izenean edo enpresa baten izenean). Enpresaburu izateko, honako hau da beharrezkoa: adinez nagusia izatea eta ondasun propioak erabiltzeko baliabide guztiak izatea. Enpresa sortzeko ez da gutxieneko diru-kapitalik jarri behar. Enpresaren izenak titularraren izen bera izan behar du. Enpresaburu indibidualek beren zergak ordaintzen dituzte, PFEZ bidez; izan ere, enpresaren onurak indibidualtzat jotzen dira.
Sozietate Zibil Pribatua
Kontratu batean oinarritzen da. Kontratu horren bidez, bi pertsona edo gehiagok komunean dirua, ondasunak edo industria jartzea adosten dute, horrela lortutako onurak elkarren artean banatzeko asmoarekin. Sozietate mota honek besteen aurrean erantzukizun mugagabea eta pertsonala du. Ez dago kapital-mugarik era honetako sozietateak eratzeko. Enpresaren izena bazkideek erabakitako edozein izan daiteke.
Enpresa Sozietatea
Nortasun juridikoa duen enpresa mota da; hau da, enpresak, jabeek ez bezala, beste nortasun bat hartzen du. Sozietate guztiek Merkataritza Erregistroan eman behar dute izena. Sozietateak honela banatzen dira:
Sozietate Zibil Publikoa
Sozietate zibil pribatuak dituen helburu eta ezaugarri berak ditu, baina bazkideen arteko paktuak publikoak dira eta notario aurrean sinatutako eskritura publikoaren bidez sortzen dira. Nortasun juridikoa duten enpresa guztiak bezala, Merkataritza Erregistroan eman behar dute izena.
Merkataritza-Sozietatea
Ondare-funts bat komunean jartzen duen pertsona-multzo batek osatzen du. Helburua da onurak lortzea eta onuren banaketan parte hartzea. Merkataritza-sozietate guztiak beren sorkuntza-eskritura publikoaren eta Merkataritza Erregistroan izena ematearen bidez formalizatzen dira. Honela sailka ditzakegu:
- Sozietate Pertsonalistak: Enpresa hauetan, bazkideei dagokie enpresaren kudeaketa, eta bakoitzaren dimentsio pertsonala kapitala baino garrantzitsuagoa da.
- Sozietate Kapitalistak: Enpresa hauetan, kapitalaren ekarpena bazkideen ezaugarri pertsonalak baino garrantzitsuagoa da.
- Gizarte Intereseko Sozietatea: Onura lortzea bilatzen ez duen enpresa da. Bilatzen dutena da beren kideen behar komunak asetzea. Hemen sortuko dira kooperatibak.