Ekonomia sistemak: kapitalista, sozialista eta mistoa
Sistema ekonomikoa
Sistema kapitalista
Sistema kapitalistan jarduera ekonomikoa merkatuaren bitartez erregulatzen da; horregatik, merkatu-ekonomia ere esaten zaio. Eskaintzaren eta eskariaren legeak arautzen du, eta hiru alderdi hauek erabakitzen dituzte: zer ekoizten den, nola ekoizten den eta norentzat ekoizten den —produktuen ordainketa egin eta har ditzaketenentzat baitira.
Sistemaren oinarrizko beste printzipio batzuk hauek dira:
- Jabetza pribatuaren nagusitasuna.
- Pertsonen eta salgaien zirkulazio askea.
- Enpresen arteko lehiakortasun askea.
- Banako etekin handienaren bilaketa.
Gaur egun, sistema kapitalista munduko herrialde gehienetan ezarri da.
Sistema sozialista
Sistema sozialistan jarduera ekonomikoa estatuak erregulatzen du enpresek nahitaez bete behar dituzten planen bitartez; horregatik, ekonomia planifikatuko sistema ere esaten zaio.
Estatuak erabakitzen du zer ekoiztu den, nola ekoiztu den eta norentzat ekoiztu den, eta produktuen prezioak eta langileen soldatak finkatzen ditu.
Sistemaren oinarrizko beste printzipio batzuk hauek dira:
- Enpresen eta produkzio-bitartekoen jabetza estatuko eskuetan.
- Plangintza ekonomikoa estatuaren eskuetan.
- Gizarte-berdintasunaren lorpena.
Gaur egun, soilik Txinan, Kuban, Vietnamen, Laosen eta Ipar Korean irauten du sistemak. Halere, azken urteetan herrialde horietako batzuetan ekimen pribatua sustatzen ari dira.
Sistema mistoak
Sistema mistoek merkatu-ekonomia eta estatuaren esku-hartzea (handia ala txikia) konbinatzen dituzte. Hori da ongizate-estatuaren kasua.
Sistema mistoetan, merkatuak eta estatuak erabakitzen dute zer ekoiztu den, nola ekoiztu den eta norentzat ekoiztu den. Izan ere, merkatuko prezioen ondorioz produktuak ordain ditzaketenentzat dira, baina estatuaren esku-hartzeak biztanle guztiei funtsezko beharrei erantzutea bermatzen du.
Sistemaren oinarrizko beste printzipio batzuk hauek dira:
- Jabetza pribatua, nahiz eta enpresa publikoak egon.
- Banako etekina lortzeko asmoa, baina aberastasunak banatzeko neurriak daudela.
Gaur egun, sistema mistoak munduko herrialde askotan funtzionatzen dute, batez ere Europan.