Ekonomia-alienazioa Marxen arabera: Lanaren kritika
1.5. Ekonomia-alienazioa
Alienazio ekonomikoa alienazio forma nagusia da, beste guztiak horren menpe daudelako. Lanean ematen da, eta adierazten du nola subjektu produktoreari bere lanaren produktua kentzen zaion. Horrekin, gizakiaren izaeraren bereizgarri nagusia ere kentzen zaio: gizakia, lanaren bidez, bere inguruarekin harremanean, bere buruaren eta bere izaeraren sortzailea da. Beraz, lana da norbanakoa askea izateko modua.
Marxen Ikuspegia eta Gizarte Kapitalista
Azken puntu hau oso garrantzitsua da alienazio ekonomikoaren garrantzia ulertzeko. Marxek ez zuen ukatu giza-esentzia edo giza-natura existitzen denik, baina horrek harremana izango du behar biologikoekin (elikadura, ugalketa…). Gizakiarengan topatzen ditugun gainerako ezaugarriak indarrean dagoen antolamendu sozialaren ondorioak dira, hau da, gizakiak bere burua eraiki du, eta egite horren muga bere garaiko antolamendu soziala izango da.
Gizakia izaki produktiboa da eta lanak ezaugarri hori adierazten du. Lanaren bitartez gizakiak errealitatea eraldatzen du bere beharrak asetzeko, baina hori egitean, bere burua ere eraldatzen du. Gizakiaren zoriontasuna egintzan datza, ez da izaki pasiboa.
Marxen ustez, arazoa sortzen da gizakiak nola bizi duen lana aztertzean. Ez du bizi bere burua garatzeko tresna gisa, baizik eta sufrimendu eta muga gisa. Gizarte kapitalistan, emakumeak eta gizonak ez dira beren lanaren jabeak; saldu egin behar dute beren produzitzeko ahalmena, eta lana, askatzailea izan beharrean, alienatzaile bihurtuko da.
Lanaren Alienazio Motak Marxen Arabera
Marxen ustez, honako hauek dira lanaren alienazio motak:
Produktuarekiko Alienazioa
Produkzio-modu kapitalistan langileei kendu egiten diete lanaren emaitza: ez dira produzitutakoaren jabe, eta zatirik handiena kapitalistaren eskuetan geratzen da. Hori da Marxek esan nahi zuena merkantzia fetitxismoari buruz hitz egin zuenean: benetan garrantzitsua dena objektua da, subjektua merkantzia ekoizteko baliabide huts bihurtzen da, bere banakotasuna galduz.
Esplotazio-gizarteari marxismoak egindako kritikan topa dezakegu Kanten tesia: gizakia beti helburua izan behar da, inoiz ez zerbait lortzeko baliabidea.