Ekoizpen-prozesu motak eta haien ezaugarriak
Ekoizpen-prozesu motak
1. Banakako produkzioa
Produktu berezien edo pertsonalizatuen ekoizpenean erabiltzen da gehienetan. Mota honetako produkzio-prozesuaren adibideak dira zenbait ezkontza-eraztun edo marka batzuetako autoak (adibidez, Aston Martin etxeko auto guztiak eskuz egiten dira). Normalean, ekoizpen-prozesu hauek eskulan-intentsiboak dira eta trebetasun handiko langileak behar dituzte.
Produkzio-metodo honen alde txarrak dira ez dela erraza izaten hain langile trebatuak aurkitzea, unitateko kostu aldakorrak altuak izatea eta ekoizpenak denbora luzea behar izatea. Alde onen artean, balio erantsi handiko produktuak sortzen direla eta langileen motibazioa altua izan ohi dela nabarmendu behar da.
2. Produkzioa sortan
Talde desberdinetan multzokatzen dira produktuak ekoizpen-prozesuan zehar. Talde edo sorta bereko produktuak produkzio-prozesu osoan zehar doaz elkarrekin, hainbat ekoizpen-fase desberdinetatik pasatuz. Mota honetako produkzioak lanaren banaketa edo espezializazioa ahalbidetzen du, eta sortaren tamaina (unitate kopurua) nahiko handia bada, enpresak eskala-ekonomiei probetxu handia atera diezaieke.
3. Produkzioa fluxu edo jario moduan
Metodo hau banakako unitateak ekoizpen-fase batetik hurrengora igarotzen direnean erabiltzen da, unitate bakoitza prest dagoen bezain laster, beste unitateei itxaron beharrik gabe. Mota honetako ekoizpenak egokiak dira denbora laburrean unitate estandar asko ekoitzi behar dituzten enpresentzat (horregatik deitzen zaio, halaber, masako ekoizpena).
Produkzio hau ekoizpen-lerro edo zinta batean zehar egitea ohikoa izaten da. Produktu estandarren eskari handia dagoenean oso erabilgarria da jario-ekoizpen hau.
i. Masako pertsonalizazioa
Interesgarria litzateke banakako produkzioaren abantailak (malgutasuna eta langileen asebetetzea) eta fluxu-produkzioarenak (unitate gehigarri bat egiteko kostu txikia) uztartzen dituen metodo bat izatea. Horixe da, hain zuzen, masako pertsonalizazioa.
ii. Taldeko edo "zelula" bidezko produkzioa
Fluxu-produkzioko (edo masako produkzioko) modu bat da, baina langile bakoitzak eginkizun bakarra izan beharrean, langile desberdinez osatutako talde txikiak (zelulak) sortzen dira. Talde bakoitzak unitate oso bat ekoizten du —adibidez, motor oso bat, eta ez haren zati bat bakarrik—. Mota honetako produkzioak langileen motibazioa, dedikazioa eta produktibitatea handitzen ditu.