Ecce Homo: Nietzsche-ren Filosofia eta Kristautasunaren Kritika
Nietzsche-ren Ideia Nagusien Sintesia
Ecce Homo-k, Nietzsche-ren ideia nagusien sintesia egiteaz gainera, filosofia eta gizakiaren jokabidea nola uztar daitezkeen azaltzen du, bereziki, "nigan hezurmamitu eta jenio bihurtu dena". Zoriak "lehen gizaki zintzoa" bihurtu nau, "milaka eta milaka urtetako gezurraren aurrean" ezarri nau. Neuk aurkitu dut lehenik egia, neuk sentitu -usnatu- dudalako lehenik gezurra gezur. Protesta egiten dut, inoiz baino ozenago, eta, hala eta guztiz ere, ez dut ezer ikustekorik "ezezkoa baizik ematen ez dakiten ergelekin". "Mezu berri bat dakarren mandatari alaia" nauzue, eta horren garaia da nire eginbeharra, "ezen gaurdaino kontzepturik existitu ez dela esan baitaiteke". Ni iritsi artean ez da itxaropenik egon. Hala, ni izango naiz, nahitaez, "halabeharraren gizakia". Izan ere, egia milurteko gezurrarekin borrokatuko denean, "inoizko astindu latzenak pairatuko ditugu, mendiak eta haranak berdinduko dituzten itzelezko lurrikarak sufrituko ditugu". Espirituen borrokak guztiz menderatuko du politika kontzeptua. Antzinako gizartearen botere egitura oro lehertuko dira, guztiak baitaude gezurraren gainean eraikita. Inoiz izan diren gerra ankerrenak ikusiko ditugu Lurrean. Soilik nigandik aurrera sortuko da munduan politika nagusi bat.
Kristautasunaren Moralari Mozorroa Kenduz
Ulertzen al da? Kristautasunaren moralari mozorroa kendu izana da gizadiarengandik bereizten nauena. Horrexegatik nuen "munduari desafio egingo liokeen hitz baten beharra". Lehenago konturatu ez izana da, nire aburuan, gizadiak bere kontzientziari eginiko bekaturik larriena. Neuk antzeman dut engainua sen bihurtua: gertakizun, kausa, errealitate ororen aurrean, ezinikusiarena egiteko borondate irmoa, krimen izatera heltzen den psikologiaren eremuko txanpon faltsu moduko bat. Kristautasunaren aurrean itsu egotea da denik eta krimenik gailenena: bizitzaren beraren kontrako krimena.
Kristau-moralaren Asmakizuna: Hondamendi Ikaragarri Bat
Ulertzen al da? Nik ez dut hemen esan bost urte lehenago Zaratustrak esan ez duen hitzik. Kristau-moralaren asmakizuna aurrekaririk gabeko gertakizuna izan zen, hondamendi ikaragarri bat. Horrek badu ezinbesteko kausa bat, patu bat: gizadiaren historia bi zatitan banatzea, kristautasunaren aurrekoa bata eta kristautasunaren ondorengoa bestea... Egiaren tximistak jo eta birrindu du gezurraren gailurra. Txikizio horren lekuko izan den oro ohar bedi horren esanahiaz. Orain arte egiatzat jotzen zen guztia gezurrik arriskutsuena, zitalena eta ezkutukoena bezala gelditu da agerian. Gizakiak "on" bihurtzeko aitzakia sakratua trikimailu huts bat besterik ez da, bizitza bera ahitzeko, bizitzari odola xurgatzeko. Hara hor morala banpirismotzat hartua... Morala aurkitzen duenak, aldi berean, gorenekotzat hartzen diren balioen baliorik eza aurkitzen du. Jadanik ez da zertan ohoratu gizadiak gehien ohoratutako gizakiak, aldarera goratutako gizakiak. Gizaki zeharo ustelak dira, jendea itsutu eta nahasi egin dute...