EAEko Biztanleriaren Banaketa Lurraldeka
EAEko Biztanleriaren Banaketa
Bizkaia
Bizkaiko biztanleria 1.142.853koa zen 2019an. Horietatik 549.721 gizonezkoak eta 593.132 emakumezkoak ziren. Kopuru horrek EAEko biztanleriaren %52,23a ordezkatzen du; beraz, EAEko biztanleriaren erdia Bizkaian bizi da. Lurralde Historiko honen azalera 2.216 km2-koa da, eta dentsitatea 516 bizt./km2-koa. XX. mendearen hasieratik (1900ean 307.607 biztanle) Bizkaiko populazioa etengabe handitu da. 1960ko hamarkadan gorakada nabarmena izan zen industriak sortutako lanari esker, besteak beste.
Bilbao hiriburua biztanle gehien duen udalerria da (343.430 – lurraldeko %30a). Hiriburua kenduta, hurrengo udalerriak aipagarriak dira: Barakaldo (100.000 baino gehiago), Getxo (80.000 inguru), Portugalete, Santurtzi eta Basauri (40.000-50.000 artean). Herri hauek Bilboko metropoli-eremuan daude. Egoera hau XX. mendearen hasieratik ikus daiteke. Garai hartan, biztanle gehien zituzten Bizkaiko udalerri gehienak (10 udalerriko zerrendatik) Bilboko eremuan zeuden, Bermeo eta Mungia salbuespen. 2006an, egoera ia berdina zen, baina orduan salbuespena Durango zen. Gaur egun, egoera mantentzen da eta desoreka nabaria da.
Gipuzkoa
Biztanleriari dagokionez, Gipuzkoa EAEko bigarren lurraldea da. Guztira 717.197 biztanle ditu (350.516 gizon eta 366.681 emakume). Ehunekotan, Gipuzkoak EAEko biztanleriaren %32,78a du. Dentsitatea 362,5 bizt./km2-koa da. 1900. urtean, lurraldeak 196.531 biztanle zituen; pixkanaka gora egin zuen kopuruak, baina gorakada nabarmenena 60-70 hamarkadetan gertatu zen. XX. mendearen amaieran eta XXI.aren hasieran, biztanleen kopurua gutxitu zen, baina gero berriro gora egin zuen gaurko zifretara iritsi arte.
Donostia hiriburuak 181.652 biztanle ditu; beraz, Gipuzkoako biztanleriaren %25,33a hartzen du. Biztanleriaren banaketari dagokionez, biztanle gehienak Donostialdean bizi dira. Bidasoa Behereko zonaldean ere kopurua altua da. Goierriko eremua ere aipagarria da (68.407 biztanle, 2019ko Eustaten arabera). Gipuzkoako topografia malkartsua dela eta, populazio-pilaketak haranetako azpialdeetan gertatzen dira. Hala ere, beste lurraldeekin alderatuta, Gipuzkoako banaketa nahiko orekatua da.