Dibisa Merkatuak, Truke-Tasak eta Nazioarteko Moneta Sistema
Nazioarteko Merkataritzako Dibisa Merkatua
Herrialde batzuek beste batzuetatik ondasunak inportatzen dituztenean, norberaren herrialdekoak ez diren monetetan egin behar izaten dituzte ordainketak. Horregatik, merkatu espezializatu bat dago norberaren dibisa beste batekin trukatzeko.
Merkatu honetan kontuan hartu beharrekoak
- Bihurgarritasuna: Dibisa batek beste dibisa bat bihurtzeko duen ahalmena da. Moneta batzuk bakarrik dira bihurgarriak, eta horietako batzuek bihurgarritasun mugak dituzte. Horregatik, esportatzaileek eragiketaren prezioa moneta indartsuetan ezartzen dute, herrialdekoak ez izan arren (adibidez, dolarretan edo eurotan).
- Finantza-bitartekariak: Dibisa merkatuetan jarduten duten finantza-bitartekariek dibisen trukegatiko komisioa edo ehuneko bat kobratzen dute. Beraz, inportatutako salgaiaren kostuari trukearenak erantsi behar zaizkio.
Dibisen Truke-Tasa
Dibisa salgai bat da; beraz, haren balioa eskaintza-eskariaren legearen mende dago: zenbat eta eskari handiagoa, orduan eta prezio altuagoa, eta alderantziz.
Dibisa merkatuak badu berezitasun bat: dibisaren truke-tasa beste moneta batekiko ezartzen da, eta hala bi monetak zehaztuz adierazten da. Adibidez, euroaren truke-tasa dolarrekiko honela adierazten da: € / $.
Truke-tasa motak
Moneta gaietako agintariek truke-tasa zentral bat ezartzen dute beste moneta batzuekiko, eta gero tasa hori eskaintza-eskariaren legearen arabera aldatzen da. Beraz, bi truke-tasa mota daude:
- Truke-tasa zentrala: Moneta agintariek monetari ezarritako prezio ofiziala da. Truke-tasa igotzeko aldatzen dutenean, debaluazioa egin dela esaten da, eta jaisteko aldatzen dutenean, errebaluazioa egin dela.
- Merkatuko truke-tasa: Eskaintza-eskariaren arabera dibisa-merkatuan moneta bakoitzak duen kotizazioa adierazten du. Merkatuaren egoerak dibisa baten truke-tasa beste batekiko jaistea eragiten duenean, balio-irabaztea (urritasuna) izan dela esaten da, eta igotzea eragiten duenean, balio-galera (ugaritasuna).
Dibisen Eskaria Nazioarteko Merkatuan
Hainbat arrazoi daude herrialdeek atzerriko dibisa asko edo gutxi eskatzeko. Nagusienak hauek dira:
- Ondasunen eta zerbitzuen esportazioak eta inportazioak: Esportatzaileak ezartzen du zein monetan egin behar den nazioarteko transakzio jakin bat.
- Inflazio-tasa: Herrialde batean inflazioak gora egiten badu, baina ez gainerako herrialdeetan, prezioak igotzen dira eta esportazioak murrizten dira. Hau da, herrialde horretako txanponaren eskari txikiagoa dago. Eta inportazioak gehiago dira, merkeagoa delako beste herrialde batzuetan erostea norberaren herrialdean erostea baino. Erosteko herrialdeko monetaren eskaintza egin behar denez, haren truke-tasa jaitsi egiten da eskatutako dibisekiko.
- Interes-tasa: Diruaren prezioa beti dago lotuta dibisa batekin.
- Balio-irabazteen edo balio-galeren aurreikuspenak.
- Moneta gaietako agintarien jarduna: Banku zentralak bere txanponak erosiz edo salduz.
Nazioarteko Moneta Sistema
Moneta gaietako agintariek ezaugarri jakin batzuk dituzten prozedurak baliatzen dituzte kotizazioetan eragiteko, eta haiek guztiek osatzen dute moneta sistema.
Gaur egun moneta sistema hauek erabiltzen dira:
- Flotazio garbia: Hau da sistema ohikoena. Haren ezaugarri nagusia da moneta gaietako agintariek ez dutela esku hartzen. Hau da, dibisaren kotizazioa dibisa-merkatuko eskaintzak eta eskariak baldintzatzen du.
- Flotazio zikina: Merkatuaren arabera egiten da, baina, batzuetan, moneta-gaietako agintariek esku hartzen dute, atzerriko dibisak norberaren dibisen truke erosiz (debaluatzeko) edo alderantziz.
- Truke-sistema doigarria: Bai goitik, bai behetik muga batzuk ezartzen dira. Muga horien artean dagoen bitartean eskaria eta eskaintzaren arabera funtzionatzen da. Hortik ateratzen denean, moneta gaietako agintariek esku hartzen dute.
- Truke-tasa sistema finkoa: Norberaren dibisaren kotizazioa finkatzeko, erreferentzia-dibisa bat baliatzen da.