Cadizko Gorteak eta 1812ko Konstituzioa: Espainiako liberalismoaren oinarria

Historia3,74 KB

Cadizko Gorteen lan iraultzailea eta 1812ko Konstituzioa

Independentzia Gerran (1808-1814), frantsesen aurka borrokatzeko eta boterea zentralizatzeko, probintzietako juntek Junta Zentrala sortu zuten 1808ko irailaren 25ean. Frantsesen aurrerapenaren ondorioz, Junta Zentrala Cadizera joan zen, eta 1810ean Erregeordetza batek hartu zuen haren lekua. Urte bereko irailaren 24an, Cadizko Gorteak bildu ziren. Bi joera nagusi zeuden: liberalak, erreformen aldekoak, eta absolutistak, monarkia absolutuaren eta Antzinako Erregimenaren aldekoak. Liberalek gehiengoa zuten, eta nazio-subiranotasuna aldarrikatu zuten, boterea nazioari zegokiola defendatuz.

Gorteek Antzinako Erregimena desegiteko hainbat dekretu onartu zituzten. Besteak beste, prentsa- eta inprenta-askatasuna ezarri, erregimen feudala eta Inkisizioa indargabetu, gremioak desegin eta merkatu-askatasuna sustatu zuten. Neurri horien helburua gizartea eta ekonomia liberalizatzea izan zen.

1812ko martxoaren 19an, La Pepa izenez ezagutzen den Konstituzioa onartu zuten, San Jose egunean. Espainiako lehen Konstituzio liberala izan zen. Konstituzioak nazio-subiranotasuna, botereen banaketa eta monarkia konstituzionala ezarri zituen. Botere legegilea Gorteen eta erregearen esku zegoen, betearazlea erregearenean eta judiziala auzitegi independenteenean. Gainera, adierazpen-askatasuna, jabetza-eskubidea eta berdintasun juridiko eta fiskala aitortu zituen. Hala ere, katolizismoa estatuaren erlijio bakarra zen, eta emakumeek ez zuten boto-eskubiderik.

Azkenik, Fernando VII.a 1814an itzuli zenean, Konstituzioa indargabetu eta absolutismoa berrezarri zuen. Hala ere, Cadizko Gorteek eta 1812ko Konstituzioak Espainiako liberalismoaren oinarriak ezarri zituzten.


1.1. Independentzia Gerra eta Jose I.aren gobernua: frantsestuak

Independentzia Gerra (1808-1814) hainbat arrazoirengatik hasi zen. 1807an, Carlos IV.ak Fontainebleauko Ituna sinatu zuen Napoleonekin, frantses armadari Espainian sartzeko baimena emanez, Portugal inbaditzeko. Hala ere, Napoleonen helburua Iberiar Penintsula osoa konkistatzea zen. 1808ko martxoan, Aranjuezko Matxinadaren ondorioz, Carlos IV.ak abdikatu egin zuen eta Fernando VII.a errege bihurtu zen. Baina Napoleonek bi erregeak Baionara eraman eta Espainiako tronua bere anaia Jose Bonaparteri eman zion. 1808ko maiatzaren 2an, Madrilgo herritarrak frantsesen aurka altxatu ziren, eta matxinada Espainia osora zabaldu zen, gerra hasiz.

Gerran bi botere paralelo sortu ziren. Alde batetik, Jose I.aren gobernua zegoen, frantsestuen babesarekin. Frantsestuak elite ilustratuko kideak ziren, eta erreformen eta modernizazioaren aldekoak. Jose I.ak 1808ko Baionako Estatutua ezarri zuen, baina gerraren ondorioz erreformak ezin izan ziren behar bezala gauzatu. Espainiar gehienek erregeari aurka egin zioten, atzerritarra eta Napoleonek ezarritakoa zelako.

Bestetik, frantsesen aurkako erresistentzia antolatzeko Batzordeak (Juntas) sortu ziren. 1808an Junta Zentral Gorena eratu zen, eta 1810ean Erregeordetza Kontseiluak hartu zuen haren lekua, Cadizen.

Gerraren fase nagusietan, espainiarrek Bailénen garaipena lortu zuten 1808an. Gero, gerrillek eta britainiarren laguntzak, Wellingtongo dukea buru zutela, frantsesen porrota eragin zuten. 1813an, Gasteizko eta San Martzialgo guduak nabarmendu ziren. Urte berean, Valençayko Itunaren bidez, Napoleonek Fernando VII.ari tronua itzultzea onartu zuen.

Azkenik, gerrak hondamendi demografiko eta ekonomiko handia eragin zuen. Gainera, nazioarteko gerra eta gerra zibila izan zen, espainiarrak frantsestuen eta frantsesen aurkakoen artean banatu baitziren.

Deskargatu

PDF Word HTML