Botere Politikoa, Legitimitatea eta Estatuaren Teoriak
Botere Politikoa eta Legitimitatea
Botere politikoa: Besteak modu jakin batean jokatzera behartzeko ahal edo indarra.
Legitimitatea: Botere politikoa legitimoa da obeditu behar dutenek baliotzat dutenean hura gauzatzeko modua.
Autoritatea: Botere politikoaren aginduak obeditu behar dituztenek hura errespetatzean eta balioztatzean egiten dioten aitorpena.
Legitimazio Motak
Legitimazio tradizionala: Denboraren joanean aldaezin iraun duten ohituren prestigioan oinarritzen da legitimazioa.
Legitimazio karismatikoa: Aparteko norbaiti lotuta dago legitimazioa; itzelezko nortasuna duela-eta besteengan mirespena eta errespetua sortzen duen norbaiti lotuta.
Legitimazio arrazional-legala: Boterea gauzatzeko modua arautzen duten zenbait lege eta arau arrazional izatean oinarritzen da legitimazioa.
Gizakia eta Gizartea
Animali politikoa (Aristotelesen definizioa): Gizakia gizartekoia da izatez, besteeekin biziz baizik ezin lor baitezake zoriona.
Teoria kontraktualista: Kontratu edo hitzarmen batean oinarritutako teoria. Filosofo kontraktualisten esanetan, gizartea akordio baten bitartez sortu zen.
Estatua eta Gizarte Zibila
Estatua: Gizarte modernoetan, estatu deritzogun instituzioak du subiranotasuna. Egitura administratibo batek osatzen du estatua, eta haren bidez gauzatzen da boterea, muga erabat argiko lurralde batean bizi diren biztanleen gain.
Gizarte zibila: Estatuaren mendeko zuzenean izan gabe ere, beren jardunaren bidez gure arteko bizikidetza hobetzen laguntzen duten gizabanako eta talde guztien multzoa.
Teoria Politikoak
Liberalismoa: Teoria politiko honek gizabanakoen askatasunean oinarritutako erregimen politiko baten alde egiten du, eta estatuaren botereak mugak izan behar dituela eta herritarren onespenean oinarritu behar duela dio.
Anarkismoa: Estatuak gizabanakoak zapaltzen dituela kritikatu, eta gizartea inolako estatu-egiturarik gabe antolatu behar dela aldarrikatzen duen teoria politikoa.
Totalitarismoa: Erregimen totalitario deritzen sistema politikoetan, estatuak botere mugagabea du bizitzako eremu guztien gain, eta ez du errespetatzen gizabanakoen askatasuna.
Faxismoa: Mugimendu nazionalista autoritarioa, gizartea modu hierarkikoan antolatzea helburu duena, eta, horretarako, buruzagiak agindutakoari erabateko obedientzia izan behar zaiola dioena.
Komunismoa: Gizakia esplotazio kapitalistatik askatzea helburu duen teoria politikoa; horretarako, jabetza pribatua eta gizarte-klaseen sistema ezeztatu beharra azpimarratzen duena.
Demokrazia Motak
Zuzeneko demokrazia: Herritar guztiek beren gizarteko auziei buruz zuzenean iritzia eman eta haietan parte hartu dezaketeneko sistema demokratikoa.
Ordezkaritzazko demokrazia: Erabakiak hartzeko prozesuan herritarrek zeharka eta hauteskundeen bidez parte hartzen duteneko sistema demokratikoa.
Herritartasuna
Herritarra: Gizartean modu aktiboan bizi den gizabanakoa, eskubideak legez aitortuak dituena eta eragiten dioten auzietan parte har dezakeena.