Biztanleria-piramidea eta Zahartzea: Analisia eta Erronkak

Geografia6,62 KB

Biztanleria-piramidea: Egitura demografikoaren analisia

Biztanleriaren piramidea egitura demografikoa une jakin batean sexuaren eta adinaren arabera erakusten duen grafikoa da. Horrez gain, profilean azken ehun urteetan ondorio demografikoak izan dituzten gertaerak agertzen ditu.

Piramide hau, duen formagatik, populazio erregresiboa dela esan daiteke. Horrek adierazten du populazioa zaharkitua dela eta hazkunde natural oso apala edo negatiboa daukala, Europako herrialde garatuen joerarekin bat etorriz. Jarraian, honen zergatiak eta ondorioak aztertuko dira.

1. Egitura sexuaren arabera

  • 0-4 urte: Lehenengo kohortean ikus daiteke gizonezko gehiago jaiotzen direla arrazoi biologikoengatik.

Hala ere, gizonen hilkortasun-tasa handiagoa denez, adinak aurrera egin ahala oreka hori aldatzen hasten da.

  • 40-44 urte: Une horretatik aurrera, kohorte guztietan emakumeak ugariagoak dira gizonak baino.

Gizonen hilkortasun handiagoa hainbat arrazoi biologiko eta sozio-kulturalengatik azaltzen da: bizi-modu arriskutsuagoa izan dute; gerretan parte-hartze handiagoa, lan fisikoki gogorragoak, istripu-tasa altuagoa eta ohitura kaltegarrien presentzia (tabakoa, alkohola edo portaera arriskutsuak, tartean errepideko istripuak).

Emakumeak biologikoki erresistenteagoak dira arrazoi hormonal eta immunologikoengatik; fenomeno hau haurtzaroan bereziki nabarmena da. Emakumeen egoera aldatu egin da denborarekin: erditzean eta erditu osteko hilkortasuna nabarmen jaitsi da, eta osasunari dagokionez jokabide prebentiboagoak dituzte. Oro har, emakumeek mediku-arreta sarriago bilatzen dute eta gaixotasuna onartu eta tratamendua jarraitzeko joera handiagoa dute.

2. Egitura adinaren arabera

Adin-multzoen portzentajeak honako hauek dira:

  • Gazteak (0-14 urte): %11,88
  • Helduak (15-64 urte): %70,50
  • Adinekoak (65 urte eta gehiago): %17,62

Piramide honetan agertzen den populazioa oso zahartua dela ondoriozta dezakegu. Populazioa gaztea dela esateko, 0-14 urteko taldeak gutxienez %25 izan beharko luke.

Kohorteen azterketa xehea

Lehenengo kohorteak (0-4 urte bitartekoak): Sartune nabarmenak ditu, hau da, jaiotza-tasak ez du berezko hazkunderik ematen. Hainbat fenomenorekin lotu daiteke: familia tradizionalaren ereduan izandako aldaketak, haurdun geratzeko adinean dauden pertsonen ahalmen ekonomiko eskasagoa, eta haurren heziketaren inguruko ikuspegi eta lehentasun berriak.

5-44 urte bitarteko kohorteetan: Murrizketa nahiko konstantea izan dela ikusten da. Horrek urte luzez berezko hazkunde txikia edo negatiboa ekarri du. Fenomeno hori lotu daiteke bizi izandako krisi ekonomiko ezberdinekin, zeinek jaiotza-tasa eta migrazio-fluxuak zuzenean baldintzatu baitituzte.

45-59 urte bitarteko kohorteetan: Piramidean ikus daitekeen irtenuneak direla eta, hazkunde demografikoa antzematen da. Izan ere, 1960ko hamarkadak Espainiako ekonomiaren modernizazioa eta ongizatearen hobekuntzak ekarri zituen: heriotza-tasaren jaitsiera eta jaiotza-tasaren igoera, baby-boom fenomenoa eraginez.

60-74 urte bitartekoetan: Hazkundea motelagoa da. Gerraosteko bizi-baldintzak oso gogorrak izan ziren. Espainiako gobernuak elikagaien arrazionamendua 1952ra arte mantendu zuen, eta horrek jaiotza eta biziraupen baldintzak nabarmen kaltetzen zituen.

80 urtetik gora: Bistaz txikiagoa da bi sexuetako barratan. Hori Gerra Zibilaren eragin zuzena da: jaiotza-tasaren beherakada eta bizi-baldintza txarrak, gerra garaiko hilkortasuna eta populazioaren galera orokorrak.

Bi sartune nabarmen ikus daitezke. Talde horretako gizonek Gerra Zibilaren garaian borrokatzeko adina zutenez, sartune horiek gerran hildakoak eta erbesteratuak adierazten dituzte. Populazioaren zahartzea oso agerikoa da, bereziki emakumeen aldean. Emakumeen bizi-itxaropen handiagoak eta haien hilkortasun-tasa baxuagoak piramidearen goiko aldean efektibo oso handiak azaltzen ditu, bizi-itxaropen luzearen adierazgarri garbia eskainiz.

3. Zahartzearen arrazoiak

Populazioaren zahartzearen arrazoiak bi dira: jaiotza-tasaren murrizketa eta bizi-itxaropenaren luzapena. Euskadin gizonen bizi-itxaropena 77 urte ingurukoa da, eta emakumeena 83 urtekoa.

Piramidearen oinarrian agertzen diren sartuneek, hau da, jaiotzen beherakadak, hainbat arrazoi dituzte:

  • Krisi ekonomikoak: Langabezia-tasa handitu dute, seme-alaba kopurua murriztuz eta ezkontza-adina atzeratuz. Behin-behineko kontratuek eta etxebizitzaren prezioek gazteen emantzipazioa zaildu dute.
  • Aldaketa sozialak: Demokraziarako trantsizioarekin mentalitate-aldaketa etorri zen: erlijioaren eraginaren beherakada, antisorgailuen hedapena, abortuaren despenalizazioa eta emakumeen laneratzea.
  • Bizi-mailaren hobekuntza: Ongizate pertsonala lehenetsi da. Kontsumo-ohitura berriek (etxea, autoa, oporrak) seme-alabak edukitzeak dakarren kostuarekin eta denborarekin lehian jarri dira.

Bestalde, heriotza-tasaren jaitsiera osasunaren eta medikuntzaren aurrerapenei esker sendotu da: higiene- eta elikadura-ohituren hobekuntza eta prebentzio-medikuntzaren garapena dira horren oinarri.

4. Ondorioak eta etorkizuneko erronkak

Gaur egun, Euskadiko populazioa Europako biztanleriarik zaharrenetakoa da, eta errealitate horrek ondorio ekonomiko, sozial eta sanitarioak ekartzen ditu.

Arlo ekonomikoan, populazio aktiboaren murrizketa nabarmena da. Eustaten arabera, pentsioak populazio aktiboaren hazkundea baino hiru aldiz azkarrago handitu dira: jubilatzen diren 10 langiletik 6 besterik ez dira ordezkatuko. Sistema mantentzeko, hurrengo urteetan urtean 7.000 immigrante inguru beharko lirateke.

Osasunaren eta gizartearen arloan, adinekoek zerbitzu sanitario eta baliabide gehiago eskatzen dituzte. Landa-eremuetan zahartzea handiagoa denez, arreta espezializatua bertara egokitu beharko da. Era berean, egoitza-eskariaren hazkundeak inbertsio handiak eta langile espezializatuen (gerontologoen) trebakuntza eskatuko du.

Azken batean, errealitate demografiko honek erronka handia planteatzen dio gizarteari. Immigrazioa erakartzeaz gain, beharrezkoa izango da familia-sustapen politikak indartzea, jaiotza-tasak bultzatzeko eta populazioaren berritze-prozesua bermatzeko.

Deskargatu

PDF Word HTML