Bertsolaritza: Euskal Kulturaren Bihotzean
Ahozko literaturaren barnean, bertsolaritza izan da gaur egungo gizartera ondoen egokitu den kultur tradizioa. Beste herrialde batzuetan, kultura modernoak aurrera egin duen heinean, indarra galtzen joan da.
Ukaezina da egun bertsolaritzak gure artean duen indarra. Horren adibide garbiak dira etengabe egiten diren lehiaketak, geroz eta indar gehiago duten bertso eskolak, herriko festetako saioak, irrati eta telebista bidezko hedapena...
Bertsolaritzaren ezaugarririk bereziena bat-batekotasuna da. Bertsolariak segundo gutxitan pentsatu behar du bertsoa eta bota. Ezaugarri horrexek bereizten du batez ere, beste ahozko generoetatik.
Historia apur bat
Bertsolaritzaren fenomenoa oso antzinakoa izanik ere, XIX. mendetik aurrera izan duen bilakaera dugu ezagunena. Hona hemen J. M. Lekuonak egiten duen bereizketa:
Erromantizismo aurrea (1800-1839)
Giro nekazaria da nagusi eta garaiko bertsolari ezagunenak eskolatu gabeak ziren. Fernando Amezketarra da bereziki aipatu beharrekoa.
Erromantizismoa (1839-1876)
Bi gerrate karlisten arteko garaia da. Lekuonak urrezko aroa deitzen dio. Nekazari giroa nagusi izanik ere, giro berria nabaritzen hasten da... (gaietan, esate baterako: maitasuna, kalea/baserria, eguneroko gai arruntak, bakea/gerra, Euskal Herria...). Bertsolari eskolatuagoak ugaldu ziren. Izen sonatu asko dira garai hartakoak: Bilintx, Xenpelar, Iparragirre, Etxahun.
Pizkunde aurrea (1876-1935)
Azken gerra karlistarekin batera azken foruak galdu zirenetik, 1936-1939ko Gerra Zibila hasi arteko urteak. Bertsolari eskolatuak eta eskolatu gabeak aurki ditzakegu garai honetan. Lehenengoen artean, P. M. Otaño eta K. Enbeita azpimarra daitezke. Eskolatu gabekoen artean, berriz, Txirrita eta Pello Errota.
Pizkunde garaia (1935-1968)
1935. urtean ospatu zen "Bertsolari eguna" izan daiteke aro berri honen hasiera. Bertsolaritza Euskal Herriko aldaketa sozialei egokitzen ahalegindu zen: bertsolaria kaletartu egin zen, nekazari mundutik urrundu, hiriko giro industrial eta teknikoari egokitu zitzaion. Entzuleria ere aldatu egin zen, kultura gehiagoko jendea genuen. Era berean, bertso saioak ere ugaritu egin ziren, lehiaketak ospatu ziren eta komunikabideetan ere sartu zen bertsolaritza. Bat-bateko bertsogintzak indar handia hartu zuen garai honetan.
Urte hauetako bertsolarien artean Basarri, Uztapide, Xalbador, Mattin eta M. Lasarte aipa daitezke.
Bertsolaritza soziala (1968-1977)
Urte hauetan politizatu egin ziren bertsoen gaiak, kezka politikoak plazaratzen zituzten bertsolariek. Aurreko urteetako txapelketen ordez jaialdi handiak antolatu ziren. Hona hemen gailendu ziren bertsolarietako batzuk: Xalbador, Lopategi, Amuriza, Mattin, Lazkao-Txiki, Lizaso...
Azken urteak (1977-)
Azken urteotan eman den aldaketa argia eta garbia izan da. Garai honen aitzindari eta gidari Xabier Amuriza jarri behar da. Oinarrizkoa gertatu da belaunaldi berrietan hark urratutako bidea.
Hamarkada hauetako fruiturik nabarmenena bertso eskolen sorrera izan da. Horrela, bat-batekotasun hutsetik bertsolaritza ikasira eman da jauzia eta, ondorioz, bertsolari onenak unibertsitariak eta tituludunak dira, salbuespen batzuk ezik. Beraz, kultura modernoan itsatsita dago gaur egun bertsolaritza, eta aurretik egon zitezkeen arriskuak urrundu eta gainditzeko urrats garrantzitsuak eman dituela esan daiteke.