Berrezarpeneko Erregimena: Canovas, Txandaketa eta Kazikismoa

Historia4,92 KB

3. Erregimenaren funtzionamendu politikoa

Konstituzioarekin batera, Canovas-en sistema zeritzana ezarri zen. Canovas-ek egonkortasuna lortzeko, bi euskarri jarri zituen: erdibanaturiko subiranotasuna (Erregea eta Gorteak), eta Konstituzioaren legeak onartzen zituzten alderdi ofizialen printzipioan oinarritutako jarduera politikoa.

Txandaketa sistema (Turno Pacífico)

Canovas-ek uste zuen alderdi bakar batek ezin ziola eutsi Berrezarpenari. Konstituzioa errespetatzen zuten bi alderdi behar zirela, iritziak batzeko eta gobernuan txandaketak egiteko. Alderdi handiak izan behar zuten, baina masa-mugimenduekin zerikusirik izan gabe. 1878ko Hauteskunde Legeak erroldaren araberako sufragioa ezarri zuen berriro, eta horrek herritarren parte-hartzea biztanleen %5era gutxitu zuen.

Alderdi ofizialak

Canovas, sistema honen sortzailea, liberal-kontserbadorea zeritzan alderdiaren buruzagia zen (Kontserbadoreak). Alderdi hau osatzen zuten:

  • Goi-burges lur-jabeek.
  • Goi-funtzionario militar eta zibilek.
  • Batez ere, Penintsulako hegoaldeko nobleziak.

Beste alderdia, Praxedes Mateo Sagastak zuzentzen zuen Alderdi Liberal-Fusionista izan zen (Liberalak). Alderdi hau 1869ko Konstituzioari eta Amadeo I.ari botoa eman zioten demokratek eta liberal aurrekoiek osatzen zuten.

Zentralismoa eta Foruen abolizioa

Legegintzako ezaugarri nagusia zentralismo politiko-administratiboa indartzea izan zen, eta honekin batera, sistemaren izaera itxia. Zentralismoari eta lege-berdintasunari lotutako lehen ekintza euskal probintziei Foruak kentzea izan zen, 1876ko Legearen bitartez. Zentralismoaren joera ere oso garbi geratu zen probintzietako aldundiak eta udalak berritu behar izan zirenean. Karguak aukeratzeko herritarren parte-hartzea murriztu egin zen, eta 30.000 biztanletik gorako herrietan, alkateak erregeak izendatu zituen.

Prentsa askatasunaren murrizketak

Bestalde, inprimatze-askatasunak ere legedi murriztailea izan zuen. 200 orrialdetik beherako idatzietarako aurretiko zentsura ezarri zen. Beraz, Estatuak egunkari eta liburuxka guztiak kontrolatzen zituen. Gainera, Elizari liburu guztiak moral eta ohitura onen arabera zentsuratzeko aginpidea eman zitzaion. 1879ko Inprimatze Legeak delitutzat ezarri zuen Berrezarpeneko sistema politiko eta sozialari erasotzea edo sistema zalantzan jartzea.

Hauteskunde-iruzurra eta Kazikismoa

Canovas-ek ezarritako txandaketa-sistemak alderdi biei beren programak modu baketsuan betetzeko aukera eman zien. Horretarako, hauteskunde-manipulazioa eta kazikismoa ezinbestekoak izan ziren.

Txandaketa aurretik hitzartua zegoenez, etengabe faltsutu egiten ziren hauteskundeak. Faltsutze hori onartzeak, Koroa eta Konstituzioarekin ados egotea ez ezik, zenbait planteamendu ekonomiko eta sozialekin ere ados egotea esan nahi zuen: produkzio kapitalista, jabetza pribatua, etab.

Kazikismoaren funtzionamendua

Alderdi ofizialek bermatzen zuten sistema hau. Alderdiak probintziaka antolatzen ziren eta lekuan lekuko agintea kazikismoaren bitartez kontrolatzen zuten, nekazal inguruetan batez ere. Laukitxoen sistema esaten zitzaiona erabiltzen zuten:

Gobernuaren onespena zeukaten hautagaiekin zerrenda bat egiten zen, eta ondoan, hauteskundeei begira estatuan zeuden barrutien zerrenda jartzen zen. Hautagai ofizial horiek ia irabazita zeukaten hauteskundea egin aurretik ere. Gainera, hauteskunde-iruzurra ohikoa zen; indarkeriaz, botoak erosteaz eta abarrekin baliatzen ziren hautagai horiek aukeratzeko.

Kazikismoa XX. mendeko lehen herena bete arte eman zen. Kazikeak, edo jauntxoak, berez, leku edo inguru bateko eliteko kideak ziren, eta 3 ezaugarri betetzen zituzten:

  1. Geografia, ekonomia eta gizarte-egoera jakin batean errotuak.
  2. Gizarte itxi horretan nagusi ziren.
  3. Estatuaren aurrean gizarte horren bitartekari moduan aritzen ziren.

Kazikeak, beraz, herriko ahaltsuenak izaten ziren, eta praktikan, diputatu ofizialarentzat botoak batu eta hauteskundeak erabiltzeko ardura zeukaten. Inguruko gobernadore zibilarekin edo Madrilgo buruzagiekin harremanetan, mesede-emaile bihurtu ziren botoen truke.

Pardoko Ituna eta Sagastaren erreformak

1885ean Alfontso XII.a hiltzean, erregimenaren jarraipena arriskuan jarri zen. Baina Sagasta eta Canovas-ek Pardoko Ituna sinatu zuten alderdien txandaketa-sistema ziurtatzeko, Maria Kristina Habsburgokoaren erregeordetzan.

Urte hauetan, Sagastaren gobernuak erregimena 'demokratizatzeko' ahaleginak egin zituen:

  • Prentsa Legea (1883).
  • Batzartzeko askatasuna eta adierazpen-askatasuna (1881).
  • Sindikatu-askatasuna (1887).
  • Garrantzitsuena, gizonezkoen sufragio unibertsala (1890).

Deskargatu

PDF Word HTML