Baserri Paisaia Euskal-Mediterranearra: Hedapena eta Ingurune Biogeografikoa
Hego Isurialdea
Hego isurialdean zehar hedatzen da, Arabako lurralde ia osoan, mendi ertain eta lautadaz osaturiko erliebearekin. Hegoalderantz egiten den neurrian, klima aldatuz doa, mediterraneoarreranzko trantsiziotik mediterraneo kontinentalizaturantz, euriak urrituz eta udako lehortearekin. Orokorrean, nekazaritzarako egokitasuna du, kalitate oneko lurzoruekin. Horregatik, bi zona bereiztu ahal dira: trantsizioko klima mediterraneodun Araba eta klima mediterraneo kontinentalizatua duen Araba. Bietan, baserritik bizi den biztanleria aktibo kopurua EAEko batez bestekoa baino altuagoa da, % 4, estatuko batezbestekoaren antzekoa, lurralde honetan industrializazio prozesua beranduago eta indar gutxiagorekin garatu zelako.
Trantsizioko Klima Mediterraneodun Baserri Paisaia
Arabaren erdialdean zehar hedatzen da: Arabako Lautada, Arakil ibai ondoko korridorea eta Trebiñuko arroa. Habitat bildu laxoa da, herrixka txikiekin eta lur-jabetza ertainekin. Mekanizazio maila handia du. Erliebe laua eta lurzoru emankorrak dituenez, hauxe da EAEn lehorreko zereal lur nagusia, bai tradizioz, bai gaur egun duen ekoizpenagatik (garia, garagarra...). Zereala da ekoizpen nagusia, lurgorriaren eta forraje-oleaginosoekin (ekilorea eta koltza) txandakatuta. Nekazaritza ureztatuak garrantzia txikiagoa du: patatak eta barazkiak dira nagusi, baina artoa eta ekoizpen industrialak ere lantzen dira (azukre-erremolatxa...).
Klima Mediterraneo Kontinentalizatua duen Baserri Paisaia
Arabaren hego muturrean hedatzen da, Ebroren erriberan, hau da, Arabako Errioxan zehar. Habitat bildua da nagusi, elkarren artean nahiko urrun dauden herri handi samarrak ditu: Oion, Leza, Laguardia, Bastida... Jabetza txikiak, minifundioak, mantentzen dira, mahatsaren lanak oztopatu egiten duelako partzelen kontzentrazioa, baina ustiapenaren tamaina handitu egin da errentamenduen bidez. Erliebe laua baina paisaia idorragoa du, eta lehortea udan. Lehorreko nekazaritza mahastietan espezializatu da, ia monokultibo moduan. Horregatik, hauxe da EAEko mahats eta ardo eskualde nagusia. Nekazaritza ureztatua gorantz doa eta nekazaritza-lurren % 15 osatzen du, patata eta barazkien ekoizpenean espezializatuta. Hauen ondoan, artoa, azukre-erremolatxa eta fruta-arbolak ere lantzen dira.
Basogintza
Arabako mendizerretan hedatzen da, hego isurialdearen % 40 inguruan zehar (Urbasa, Entzia, Gasteizko Mendiak, Kantauriar mendiak...). Pinus radiataren ustiapena da nagusi. Bertako zuhaizti autoktonoa ere ondo mantentzen da eta baso-lurren herena osatzen du.