Bakezaletasuna eta giza eskubideen aldeko borrokalariak
Bakezaletasuna
Oinarrian bakea lortu nahia dago. Bakea ez da “gerrarik ez egote hutsa” (hori “hilerriko bakea” izan daiteke). Benetako bakea justizian oinarritzen da. Pertsonen eta herrien eskubideak errespetatzea eskatzen du: pertsona eta herrien garapena.
Oinarrizko printzipioak
- Ezin da onartu inolako biolentziarik erabiltzea, nork bere helburuak lortzeko.
- Ezin gaitezke gelditu ezer egin gabe injustizien aurrean. Ekintzak antolatu behar dira pertsonen eskubideen alde, baina biolentziarik erabili gabe.
Bakezaletasunaren eredu bikaina da Nazareteko Jesus. Heriotza onartu zuen, denen barkamenerako. Eta erlijio handien sortzaile batzuk ere bai: Buda, Konfuzio...
Óscar Romero
Óscar Romero gotzain katolikoa izan zen. San Salvador hirian hil zuten, tiroz, 1980ko martxoaren 24an, meza ematen ari zela.
Gobernua nekazariak zapaltzen ari zen; ejerzitoak apaiz eta nekazari asko hil zituen. Romerok, bere hitzaldietan, bakearen eta justiziaren alde egin zuen. Ejerzitoko soldaduei ez obeditzeko eskatu zien, norbait hiltzeko agintzen zietenean. Nekazarien alde jarri zen, biolentzia salatuz, baina biolentziarik erabili gabe. Elizak santu izendatu zuen 2018ko urriaren 14an.
Martin Luther King Jr.
Estatu Batuetan jaiotako elizgizon (eliza baptistako artzaina) eta legegizona izan zen. Beltzen eskubideen alde saiatu zen, batez ere boto-eskubidearen alde. Autobusei eginiko boikotaren ondoren, kartzela eta jipoiak pairatu zituen.
1963ko abuztuaren 28an Washington hirira eginiko ibilaldi jendetsuan hitzaldi historikoa eman zuen: “Amets bat egin dut!”: bere seme-alabak ume zuriekin elkarrekin jolasean, berdintasunean, biziko zirela, Estatu Batuetako tokirik arrazistenetan. Beltzen berdintasunaren aldeko lege batzuk onartu ziren, bere eraginez. Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1964an. Tiroz hil zuten 1968ko apirilaren 4an.
Mahatma Gandhi
Indian jaiotako legegizona izan zen. Gaztetan Hego Afrikan bizi izan zen. Indiaren independentzia bideratu zuen. Aurrez, gatzaren eta kotoizko jantzien gatazketan arrakasta lortu zuen.
Justiziaren alde lan egiteko ez zuen armarik edo biolentziarik nahi. Berak ez-biolentzia, manifestazioak, ibilaldiak, baraua eta gose-grebak erabili zituen. Hinduisten eta musulmanen arteko gorrotoak gainditzen saiatu zen. Asko sufritu zuen Pakistan Indiatik banatu zenean. Fanatiko hindu batek hil zuen tiroz 1948ko urtarrilaren 30ean. Bere azken hitza “Rama!” (Jaungoikoa) izan zen.