B Linfozitoen Erantzun Humorala

Biologia3,7 KB

Erantzun Humorala

Erantzun humoral mota honetan antigorputz askeak sintetizatuko dira, eta odolean eta linfan zehar zirkulatuko dute antigenoa neutralizatu arte. Erantzun mota hau baliagarria da antigeno askeen zein mintzeko antigenoen aurrean. Antigorputz-ekoizpena espezifikoa da; beraz, B linfozito bakoitzak antigorputz mota bakarra emango du. Hori dela eta, B linfozitoak populazio edo klon desberdinetan bereizi behar dira, eta hori heltze prozesuan zehar gertatzen da.

B Linfozitoen Heltze Prozesua

B linfozitoak hezur-muinean heltzen dira. Prozesu hori antigenoa agertu aurretik gertatzen da. Linfozitoari mintzeko proteinak sortzen zaizkio etengabe; hau da, mintzari lotutako antigorputzak (immunoglobulinak). B linfozito jakin batek mintzeko errezeptore guztiak berdinak izango ditu; beraz, epitopo bakarra ezagutu ahal izango du. Linfozitoek, heldu ondoren, antigenoa ezagutu eta erantzun humorala eragiteko prest egongo dira.

Erantzun Humoralaren Prozesua

Antigenoa eta B linfozitoa elkartu ondoren garatzen da. Hiru fasetan zatituko dugu:

  1. Hautespen eta Aktibazio Fasea

    Fase honetan linfozitoek antigenoa (antigenoaren determinatzaile antigenikoa) antzemango dute eta antigenoak linfozito klon bat hautatuko du. Gehienetan, antigenoak linfozito-klona hautatu izatea ez da erantzun humorala eragiteko nahikoa; izan ere, horrez gain T4 linfozitoen eta makrofagoen lankidetza behar baita hautatu den klon hori aktiba dadin. Makrofagoak antigenoa fagozitatu eta zatitu egiten du; ondoren, MHCari lotuta epitopoak aurkezten ditu mintzean. T4 linfozitoak zuzenean elkartuko dira makrofagoekin, eta horren ondoren, aktibatu eta interleuzina izeneko molekula kimiko batzuk sintetizatzen hasiko dira. Interleuzinek, B linfozitoei erreakzionatzean, erantzun humorala aurrera jarrai dezan behar den bigarren seinalea eragingo dute. Aktibazioa organo linfoide sekundarioetan gertatu ohi da, bertan elkartuko baitira B eta T linfozitoak, makrofagoak eta antigenoak.

  2. Ugalketa Fasea

    Aktibatutako linfozito-klona aktiboki ugalduko da, bi zelula mota emanez: zelula plasmatikoak, antigorputzen sintesian espezializatuak, eta memoria zelulak, barne ingurunean denbora luzez geratuko direnak, antigeno bera atzera agertzen denean erantzun immunologikoa berriz eragiteko. Fase honetan sintetizatutako antigorputzak libreki zirkulatuko dute odolean, linfan eta organo linfoide sekundarioetan antigeno askeekin edo mintzeko antigenoekin selektiboki elkartu arte.

  3. Fase Efektorea

    Antigenoa suntsitu egingo da. Antigeno-antigorputz erreakzioa era ezberdinetan gerta daiteke:

    • Antigeno-antigorputz multzoa prezipitatuz edo aglutinatuz.
    • Fagozitoak aktibatuz.
    • Osagarria aktibatuz. Osagarria multzo entzimatikoa da. Entzima litikoen eraginez zelularen lisia gertatuko da.

Deskargatu

PDF Word HTML