Aro Garaikideko Definizioak eta Iraultza Nagusiak
Definizio Garrantzitsuak
Errepublika: Antolaketa era politikoa, Estatuaren buruzagitza aldi jakin baterako aukeratutako pertsona baten esku egotean datzana. Herriaren subiranotasunean oinarrituriko ordezkaritza sistemekin lotu ohi da.
Sufragio zentsitarioa: Hauteskunde sistema, zerga kantitate jakin bat ordaintzen zuten gizonezkoei soilik ematen zitzaien botoa emateko eskubidea.
Plebiskitua: Botoa emateko eskubidea duten herritarrei egiten zaien kontsulta, garrantzi handiko erabakiak hartzea edo baztertzea helburu duena. Erreferendum hitzaren baliokidea da.
Nazio-estatua: Batasun politiko-administratiboa, lurralde jakin batean kokatutako nazio batek osatua, hau da, zenbait elementu komun (adibidez, hizkuntza) dituen komunitate batek osatua.
Altxaldiak: Gudarosteko taldeen matxinadak, erregimena aldatzeko xedea zutenak; manifestu bat aldarrikatuz hasten ziren.
Ameriketako Estatu Batuetako Independentzia Gerra
Independentzia Gerraren Bilakaera
Britainia Handiko gobernuaren eta Filadelfiako biltzarraren ordezkariak Londresen elkartu ziren, baina elkarrizketa horiek huts egin zuten eta 1775eko apirilean gatazka hasi zen.
1776ko maiatzaren 15ean Virginiako independentzia aldarrikatu zen, eta handik egun batzuetara konstituzio bat aldarrikatu zuten (subiranotasun nazionala eta ongi komuna aldarrikatuz). Hamahiru koloniek Independentzia Adierazpena egin zuten 1776an. Thomas Jeffersonek idatzi zuen deklarazioaren atarikoa.
Britainiarrek ez zuten onartu kolonien independentzia, eta kolono matxinoek, George Washington buru, gudarostea antolatu zuten metropoliaren kontra borrokatzeko. Gerrak bost urtez iraun zuen. Frantziak eta Espainiak amerikar 'abertzaleekin' bat egin zuten, Britainia Handiak itsasoan zuen nagusitasuna deuseztatzeko.
Versailleseko Bakean, Britainia Handiak Estatu Batuen independentzia aitortu zuen (Kanada kolonia gisa geratu zen).
Frantziako Iraultzaren Oinarri Politiko Berriak
Ezarri ziren oinarri politiko berriak (3 ezaugarri)
- Neurri erreformistak: Pribilegioak abolitzea, kontribuzio zuzena eta unibertsala ezartzea, askatasun zibila onartzea, kleroaren konstituzio zibila onartzea eta asignatuak jaulkitzea.
- 1791ko konstituzioa: Gizakiaren eta Herritarren Eskubideen Adierazpena. Asanblea bakarrak izan zuen botere legegilea eta botere betearazlea erregeak.
- Sufragio zentsitarioa.
Errestaurazioa eta Vienako Biltzarra
Zer da Errestaurazioa eta non hitzartu ziren oinarriak?
Napoleonek hondoa jo ondoren, Europan iraultzaren ondoren zabaldu zen joera bat zen errestaurazioa. Vienako Biltzarrean (1814-1815) finkatu ziren haren oinarriak.
Simon Bolívarren Ibilbide Askatzailea
Simon Bolívarrek Quitora jo zuen eta Peruko diktadore izendatu zuten. Lurralde hura eta Bolivia Kolonbia Handiari lotu zitzaizkion, baina handik gutxira bereizi ziren berriro.
Lehen Industria Iraultza
Lehen Industria Iraultzaren Garrantzia
Lehen Industria Iraultzak goitik beherako aldaketa eragin zuen ondasunak ekoizteko moduan. Prozesu dinamikoa, bizkorra eta geldiezina izan zen. XVIII. mende erdialdera hasi zen (1750), eta 1870 arte iraun zuen. Britainia Handia izan zuen abiapuntua eta beste herrialde batzuetara hedatu zen XIX. mende hasieran.
Neolitikoaz geroztik ekoizpen egituretan gertatutako eraldaketarik handiena ekarri zuen. Tailerretik fabriketara, ondasunak eskulanen eta manufakturen bidez ekoitzi ordez, modu masiboan eta bitarteko mekanikoen bidez ekoizten hasi ziren, eskala handian.
Demografia Iraultza
Zerk eragin zuen XVIII. mendeko bigarren erdiko demografia iraultza?
Biztanleriaren hazkunde iraunkorra hasi zen Britainia Handian. Hazkunde horren eragile nagusiak hauek izan ziren:
- Nekazaritza ekoizpena handitzea.
- Higienean eta medikuntzan egindako aurrerapenak.
- Izurriak deuseztatzea.
- Ezkontza adina aurreratzea.
Ekarri al zuen ondorio ekonomikorik?
Ondorioz, gora egin zuten eskulanak eta kontsumoak.
Lurrun Makina eta Garraioa
Zer suposatu zuen lurrun makinak eta lurrun lokomotorak?
1769an James Watt eskoziarrak lurrun makina bat patentatu zuen. Goitik beherako aldaketa ekarri zuen gizakiaren lanera eta bizimodura. Ur-lurrunak bete zuen ordura arte gizakiaren eta animalien lan indarrak betetzen zuen egitekoa.
Lurrun makina lehorreko garraioari aplikatuta, lehen lurrun lokomotorak eraiki zituzten. Trena garatzeko kapital soberakinak behar izan ziren. Ahalmen handiko garraiobide merke eta bizkorra zen, eta bolumen handiko produktuak garraiatzeko balio zuen.
Trenek burdinbide sarea eskatzen zuten, eta horretarako diru inbertsio handiak egin behar izan zituzten: lurrak erosi, azpiegiturak (zubiak, tunelak...), errailak, geltokiak...