Aristotelesen Pentsamendu Politikoa: Gizartea eta Estatua

Filosofia eta etika2,53 KB

Aristotelesen ustez, gizakia animalia politikoa da; bizirik irauteko gizartean bizitzea derrigorrezkoa zaiolako, eta, gainera, perfekzioa ondo antolatutako gizartean bakarrik lor dezakeelako. Gizakiak lehendabizi familia sortzen du, eta familiak elkartzean gizarte politikoa sortzen du.

Estatuaren Helburua: Zoriontasuna eta Ongia

Estatuaren helburua herritarren zoriontasuna eta perfekzio morala lortzea da, horretarako lege zuzenak ezarriz eta herritarren hezkuntzaz arduratuz. Zoriontasuna izateko, gizakiak lege zuzenak dituen polis batean bizi behar du. Hala ere, pertsona batentzat eta polisarentzat ongia gauza bera izan arren, polisaren ongia lortzea garrantzitsuagoa da gizabanakoaren ongia lortzea baino, hirian gizabanako asko daudelako.

Hezkuntzaren Funtsezko Papera eta Mugak

Hezkuntzak herritarrei morala irakatsi behar die, bi arrazoirengatik:

  1. Zoriontsu izateko, herritarrek bertuteak behar dituzte. Beraz, estatu onena bere herritarrei hezkuntzaren bitartez bertuteak irakasten dizkiena da.
  2. Moralitatea da hiri-estatuaren oinarria, hau da, batasuna eta antolaketa mantentzeko bidea.

Horregatik, haurrak eta gazteak bertutezko ohituretan hezi behar dira, baina ez dira haur eta gazte guztiak hezi behar: esklaboek, eskulangileek eta merkatariek ez dute bizitza bertutetsurako aukerarik, lana egin behar dutelako.

Gobernu Formak: Onak eta Ustelduak

Aristotelesek bere garaiko gobernuak aztertu zituen, eta ondorio hauek atera zituen: monarkiak, aristokraziak eta demokraziak guztien onura bilatzen dute eskuarki. Aitzitik, haien forma ustelduak, hots, tiraniak (monarkiaren usteldura), oligarkiak (aristokraziaren usteldura) eta demagogiak (demokraziaren usteldura) interes pribatuak bilatzen dituzte.

Aristotelesen Gobernu Hobespenak

Teorikoki, monarkia eta aristokrazia egokienak iruditzen zitzaizkion. Baina gakoa hauxe zen: ez zela erraza onenak zeintzuk ziren jakitea. Horregatik, praktikan demokrazia nahiago zuen, hala ere gobernu mota hori modu honetan mugatuz: bere ustez, aisialdirik gabeak eta hezigabeak bizitza politikotik baztertu behar ziren. Demokrazian herria hezita ez badago, berehala sortuko da demagogiaren usteldura.

Hiri-Estatua eta Klase Ertainen Gobernua

Aristotelesek gustuko zuen eskema politikoa hiri-estatuarena zen, neurri txikiko eskema. Egalitarismoa baztertzen zuen, baina klase ertainen gobernua nahiago zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML