Antzinako Greziako Filosofia: Sofistak, Sokrates, Platon eta Aristoteles
Sofistak eta Atenasko Demokrazia
Atenasko sistema politiko nagusia demokrazia zenean, herritarrek batzar politikoetan hitz egiteko aukera zuten, eta beraien betebeharra zen foroetan eztabaidatzea, entzutea eta erabakitzea. Komunitatean bizitzeko, arrakasta izateko eta nork bere interesak babesteko, argudio sendoak erabiltzen jakin behar zen. Egoera horretan hartu zuten indarra sofistek. Izan ere, hauek kanpotarrak zirenez, ez zuten foroetan parte hartzeko eskubiderik, eta erretorika eskolak eta elkarrizketa metodoak saltzen zizkieten herritarrei.
Sofisten Pentsamendua eta Erlatibismoa
Sofisten iritziz, Naturak (Physis) ez luke ikergai izan behar, gizakiak kontrolatu ezin duelako. Beraz, unibertsoari buruzko gogoetak baztertu eta arazo berriak aurkeztu zituzten: antropologikoak, hizkuntzazkoak, zuzenbidekoak, politikoak eta moralak. Hauek Nomosa osatzen zuten, gizakiek beraien hitzarmenez sorturikoak baitziren. Sofista garrantzitsuak Protagoras (“Gizakia gauza guztien neurria da”) eta Gorgias izan ziren.
Sofistek zentzumenen baliozkotasuna azpimarratzen zuten: pertsona bakoitzak zentzumenen bidez informazio ezberdina jasotzen du, eta norberaren esperientzia bihurtzen da garrantzitsuena. Horregatik, pertsona guztien gaineko egiarik (Egia Absoluturik) ez dago, eta ondorioz, ez da posible hura ezagutzea. Honi Eszeptizismo epistemologikoa deritzo.
Argudio hori baliagarria da etikan zein politikan ere: kultura bakoitzak ikuspuntu bat proposatzen du arazo etikoen aurrean. Hau da, erlatiboa da, gizarte-talde bakoitzak jarrera bat baitu gai etiko edo politikoen aurrean. Bestalde, legeen konbentzionaltasuna defendatzen zuten. Honen arabera, gizakiok gizarteko legeak hitzarmenez eta guretzako onuragarriak eta komenigarriak direlako onartzen ditugu. Sofistentzat, arrakastatsua (bertutetsua) izatea solaskideek zure argudioak onartzen trebe izatea da, eta hori Platonek kritikatzen du, jakinduriaren erronkari uko egiten zaiolako eta egiaren zein zuzentasunaren aurretik interes pribatuak lehenesten direlako.
Sokrates: Egia Unibertsalaren Bilaketa
Sokratesek ez zuen ezer idatzi, eta hari buruz dakiguna bere ondorengoek idatzitakoa da. Aristotelesen arabera, Sokratesen ekarpenak elkarrizketa induktiboa eta definizio unibertsalak izan ziren. Sofisten erlatibismoaren aurka, Sokratesek definizio unibertsalak daudela aldarrikatzen du, gauzek badutelako zerbait amankomuna. Gainera, Sokratesek uste zuen atenastarrek beraien eztabaida politikoetan egia bilatu ordez, beraien interesekin bat zetozen jarrera guztiak onartzen zituztela, erlatibismo arriskutsuan erorita.
Zuzentasunaren edo edertasunaren arloan definizio zehatzak emateak berebiziko garrantzia zuela azpimarratzen zuen, eta hitzaren esangura mamitsua aurkitu eta mugatu behar zela, iritzi guztien gainetik. Jardunbide zuzena (egia morala) bilatzea da gure egitekoa. Etikaren esparruan, bestalde, Sokratesena da lehen moral arrazionala, eta intelektualismo morala defendatzen du. Honen arabera, onbidea jakintzaren mende dago, eta inork ez du oker jokatzen borondatez, jardunbide zuzena ezagutzen ez duelako baizik. Sokratesentzat, Filosofia ez da pentsamendu amaitua, solasaldien bidez mamitzen den gogoeta baizik.
Elkarrizketa Metodo Sokratikoa
Elkarrizketa-metodo sokratikoa bi urratsek osatzen zuten:
- Ironia: Ezjakinaren itxurak eginez, solaskideen hasierako jakinduria kritikatzen du, mintzaidearen zalantza eta ezjakintasunaren aitorpena lortu arte, kontraesanak agerira ateraz.
- Maieutika: Gure barnean ditugun ezagutzak erditzen lagundu behar du filosofoak, barneko edukiak kanporatzen. Helburua ikergaiaren gaineko erabakiarekin (definizioarekin) topo egitea da.
Platonen Filosofia: Ideien Mundua
Atenasen, sistema demokratikoa usteltze prozesuan zegoen, eta eszeptizismoa eta erlatibismoa nagusitu ziren sofisten eraginez. Ondorioetako bat Sokratesen heriotza izan zen. Platonen ustez, balio absolutuak existitzen direla justifikatzeko, benetako errealitatea zein den eta nolakoa den azaldu beharra dago.
Ideien Teoria eta Dualismo Ontologikoa
Platonentzat, zentzumenen bidez hautematen dugun mundu fisikoa (materiala) etengabe mugitzen eta aldatzen da, eta horrela ezinezkoa da ezagutza zientifikoa eratzea. Izan ere, zientziak ondo definitu behar ditu ikergaiak, eta definizioak ezin aldatuzko ezaugarriez osaturik daudenez, ezin dira mundu fisikoan aurkitu.
Platonen ustez, munduko izaki guztiak materiagabeko eredu baten arabera sortuak izan dira, eta eredu horiek Ideiak dira. Ideiak benetako errealitatea osatzen dute eta izatearen alderdi egonkorra dira. Ideia unibertsal horiek mundu fisikotik haratago daude, Ideien Munduan hain zuzen. Mundu sentikorreko gauza orok Ideien Munduan dauden ideien kopiak dira. Platonek dioenez, Demiurgoak unibertsoa eratzean, mundu fisikoa eta Ideien Mundua ezberdindu zituen.
Ideien ezaugarriak:
- Eredu aldaezinak eta betierekoak.
- Bakarrak eta perfektuak.
- Mundu sentikorretik haratago daude.
Platonek moralaren eta estetikaren unibertsalak, baita beste hainbat izaki ere, definitu beharrekoak direla dio, eta ideien artean hierarkia dagoela: garrantzitsuena Ongia da (mundu sentikorra ulergarri egiten duena), ondoren matematikazko zein zientziazko kontzeptuak, eta azkenik, mundu sentikorreko objektuen ideiak.
Ideiak, Platonentzat, arrazoiaren ezaugarriak dira, eta sofisten akatsa zentzumenen mende egotea da. Gainera, erreferentzia-puntuak dira ideiak; gizaki baten portaera ez da ikuspuntuaren araberakoa (erlatiboa), baizik eta unibertsala den erreferentzia-puntuaren araberakoa. Azkenik, ideiak objektu naturalen zergatikoak dira; Mundu sentikorreko gauzek dagozkien ideietatik hartzen dute beren izana.
Izakiari buruzko teoria honek bi mundu daudela (Dualismo Ontologikoa) proposatzen du: mundu fisikoa eta Ideien Mundua. Azken horrek osatzen du benetako errealitatea.
Ezagutzaren Teoria eta Epistemologia
Platonen ustez, zentzumenen bitartez ezin da benetako ezagutza eskuratu, horiekin hautemandakoa etengabe aldatzen delako. Benetako ezagutza ez da pertzepzioa, eta hortaz, ezagumenean dugun edukien multzoa arrazoimenaz baliatuta ezagutzen dugu. Platonen ustez, gure jakin-mina ez da asetzen harik eta izaki egonkorren bat aurkitu arte. Ezagumenaren helburua kontzeptu unibertsalak aurkitzea da, eta ez objektu aldagarrietako ezaugarri partikularrak.
Erabateko ezagutzaranzko bidean, gizakiak hiru egoeratatik igaro behar du:
- Ezjakintasunaren maila: Gizabanakoak benetako jakinduriaren jabe dela uste du.
- Zentzumenen maila (Iritzia): Zentzumenen bidez jasotako informazioan oinarritutako erdiko mailako ezagutza lortzen da, eta horiek errealitatearen gaineko iritziak (Doxa) dira.
- Arrazoimenaren maila (Zientzia): Arrazoimenaren azterketaren ondorioz eskuratzen den egoera ezagutza-maila gorena da. Hura da desiragarriena, emaitzatzat zientzia (Episteme) baitauka.
Platonen doktrinaren arabera, bi ezagutza-maila bereizten dira, hortaz: zentzumenez baliaturiko ezagugaiak (iritzia) eta arrazoiaren bidezkoak (zientzia).
Ezjakintasuna norberak bere burua jakitun duelako ustearen eta botere-nahiaren eraginezkoa da. Gainera, Platonen ustez ezinezkoa da nahita gaizki jokatzea, benetako jakinduriaren jabe denak zuzentasunaren ezagutzak gizaki zuzen bihurtzen baitu ezinbestean. Bestalde, benetako ezagutza ezin da irakatsi, norberaren jarreraren ondorioa da. Areté (bertutea) irakastea sofisten nahia zen. Platonentzat, trebeziak irakasgarriak dira, baina legez jardutea ez.
Dualismo Antropologikoa: Arima eta Gorputza
Platonek gizakia bitan zatitzen du: arima eta gorputza. Arima jainkozkoa, betierekoa eta hilezkorra da; gorputza, aldiz, hilkorra eta arimaren kartzela. Platonek arimaren hiru zati bereizten ditu, Hegodun Gurdiaren Alegoriaren bidez azaltzen dituenak:
- Arrazoi-arima (Zati Arrazionala): Gizakiaren goi-mailako gaitasuna da. Buruan dago eta gurdi-gidariak ordezten du. Gogamenaren funtzioak (pentsamena, nahimena, etab.) betetzen ditu. Bere bertutea zuhurtzia da (egia eta ongia bilatzeko).
- Suminezko arima (Zati Oldarkorra): Sentimenduetatik (mendekua, ausardia, etab.) sortzen den gogoa bideratzea du zeregin. Bihotzean dago eta zaldi zuriak ordezten du. Bere bertutea sendotasuna da (asmo eta nahiak orekatzeko).
- Irritsezko arima (Zati Irritsua): Plazera, mina eta horrelako nahierak osatzen dituzte. Sabelean kokaturik dago eta zaldi beltzak ordezkatzen du. Bere bertutea neurritasuna da (gure nahien joerak neurtzeko eta menderatzeko).
Arrazoi-arimak beste biak mendean hartu behar ditu, eta hilezkorra da. Beste biak (gorputzaren parte izanik) zati hilkorra osatzen dute. Arima arrazionala ideien mundukoa da. Gurdi-gidaria ideiak ezagutzen aritzen da, eta horretarako beste bi zatiak bideratu eta zuzendu behar ditu. Arima irritsuaren zaldi beltza menderatzen zailagoa da. Gizabanakoak zuzentasuna lortzeko hiru arimen oreka izan behar du. Arimen elkarrekiko eraginek determinatuko dute gizabanakoa zein taldetara atxikiko den. Arimaren hilezkortasuna lur honetan ongi jokatzeko eginahala saritzeko modua da Platonentzat.
Bertuteak eta Hiri Ideala Platonen arabera
Platonentzat, hiriaren antolaketaren oinarriak arimaren hiru zatiak dira. Komunitatearen jatorria eta helburua zuzentasuna da, hura gabe elkarteko bizikidetza ezinezkoa baita. Hiria zuzena izango da herritar bakoitzak bere zeregina betetzen duenean, bakoitzak bere gaitasunen arabera. Estatuaren helburua ondasunen ekoizpena eta herritarren beharrizanei erantzutea da. Bakoitzak bere abileziak elkartearen eskura jarri behar ditu.
Hiria haztean, ondoko lurraldeak indarrez hartu beharko dira, horregatik uste du gerraren zergatiak ekonomikoak direla. Horrela, gudurako soldaduak prestatu behar dira, hiria zaintzeko, eta hauek heziketa jaso beharko dute, adimena lantzeko eta baita gorputza prestatzeko ere. Horien artetik onenak estatuaren agintaritzan jarduteko balioko dute, heziketa-prozesu luze baten ondoren. Prozesu hori igarotzean eta Ongiaz jabetzean, Filosofoak izango dira, eta horiek hartuko dute estatuaren buruzagitza.
Platonek hiru gizarte sail ezberdintzen ditu:
- Produktugileak (Eskulangileak): Oinarrizko ondasunak ekoiztuko dituzte. Neurritasuna da beraien bertutea, eta euren irrikak kontrolatuz heltzen dira perfektutasunera.
- Soldaduak: Gaitasun fisiko eta moralez horniturik daude, gizartea defenditzeko. Beraien bertutea sendotasuna da.
- Gobernari Filosofoak: Zuhurtasuna dute bertute, eta hauek dira agintariak; zuzentasuna eta ongia ezagutzen dituenak beste inork ezin du hiria gizalegez gobernatu. Horregatik ez dator bat demokraziarekin, eta espirituzko aristokrazia proposatzen du.
Hirian justizia izan dadin, soldadu eta agintariei ondasunak ukatuko zaizkie, baina ez eskulangileei. Gainera, nahiz eta gizon-emakumeek parte har dezaketen politikan, familiari uko egin behar zaio, eta estatuak erabakiko du nolako bikoteak sortuko diren. Seme-alaben heziera estatuaren esku egongo da.
Aristoteles: Errealismoa eta Etika Politikoa
Platon eta Aristotelesek eszeptizismoa baztertzen dute, eta errealitatea ezagutu daitekeela diote, baina benetako errealitatea zein den definitzeko orduan planteamendu ezberdinak dituzte.
Platon eta Aristotelesen arteko Konparaketa
- Errealitatearen definizioa: Platonek zioen mundu sentikorra ez zela benetako errealitatea. Aristotelesek, aldiz, errealitate substantziala eta akzidentala bereizten ditu. Errealitate substantzialaren barruan lehen substantzia (inguratzen gaituen eta zentzumenez hautematen dugun errealitatea) eta bigarren substantzia (esentzia unibertsalak) daude. Benetako errealitatea lehen substantziek osatzen dute. Hortaz, Platonen idealismoaren aurrean, errealismoa aldarrikatzen du Aristotelesek.
- Munduko aldaketak azaltzeko: Platonek mundu sentikorra kopia bat dela dio. Aristoteles Teoria Hilemorfikoan oinarritu zen. Aldaketa zerbait ez izatetik izatera edo izatetik ez izatera igarotzea da. Horretan oinarrituz, Aristotelesentzat hiru elementu daude aldaketa-prozesuan: forma (orain dena), subjektua (aldatzen den gaia) eta potentzia (izan daitekeena). Izakiak bi elementuz osaturiko substantziak dira: materia eta forma. Forma horiek materiari lotuta daude.
- Ezagutzaren teorian (Epistemologian): Platonek dio ezagutza-prozesuan esperientzia sentikorra engainagarria eta baztergarria dela. Aristotelesek, aldiz, ezagutza esperientzian hasten dela dio, eta ez dela inolaz ere baztergarria, nahiz eta esperientziarekin ezagutza ez den amaitzen.
- Gizakiaren definizioa: Platonen ustez gorputza arimaren kartzela da, eta zentzu hertsian, gizakia arima baino ez da. Aristotelesentzat, arima bizi-printzipioa da, gorputzari lotua eta hilkorra. Gorputzak eta arimak errealitate bat osatzen dute: gizakia. Aristotelesek zalantzan jartzen ditu Platonen arimaren hilezkortasuna eta erreminiszentziaren (anamnesi) teoria.
- Zoriontasuna: Platonek ezagutzarekin lotzen du; jakintsuek gobernaturiko hiri justuan lortzen da zoriontasuna. Aristotelesen ustetan, ondo bizitzea eta ondo jokatzea zoriontsu izatea da, eta denok lortu nahi dugun zerbait da. Zoriontasuna praktikaren bitartez lortzen dela dio, eta ez berezko gaitasun batzuei esker.
Aristotelesen Teoria Politikoa
Aristotelesentzat gizakiak bizirik iraun nahi du, eta horretarako elkartu egiten da gizartean, hortxe garatzen baitu perfekzioa gizaki gisa. Gizakia animalia politikoa da (Zoon Politikon), eta lehenengo elkartea familia da, ondoren auzoa eta azkenik hiria. Familia beharrezkoa da, ez da oztopo.
Estatua antolatzeko bi gobernu mota bereizten dira: zuzenak (guztien ongia bilatzen dutenak) eta okerrak (gobernuan daudenen interesak baino babesten ez dituztenak). Zuzenen artean monarkia, aristokrazia eta errepublika daude, baina hauek usteltzean tiranian, oligarkian eta demagogian (demokrazia erradikalean) bihur daitezke, hurrenez hurren. Hala ere, sistemarik onena Aristotelesentzat errepublika da, eta bertan gehiengo erdiko klase batek ezartzen ditu jokaera ereduak. Oligarkia eta demokraziaren tarteko erregimena da. Aristotelesen ustez, gobernurik onena irauten duena da.
Gobernu mota bat definitzerako orduan, kopurua ez da garrantzitsuena, eta erregimen okerren zuzenketa ez datza kopuruan (zenbatek gobernatu behar duten), baizik eta dituzten ondasunetan. Politikan aritzen direnek ondasun minimoak izan behar dituzte eta denbora librea politikan jarduteko, eta ez dago jabetza pribatua desagertzearen alde.
Bestalde, herritarren zeregina zehazterakoan, Aristotelesek dio herritar guztiek har dezaketela parte polisaren erakundeetan, merezimendua (bertutea) kontuan hartuta. Esklaboak ez dira herritarrak, eta esklabotza naturala onartu beharrekoa eta ezinbestekoa dela dio estatua antolatzeko.
Hiriko zuzentasuna ezagutzak bermatzen duela dio Platonek, baina Aristotelesentzat ezagutza beharrezkoa izan arren ez da nahikoa. Izan ere, zuhurtzia bertutearen bidez muturreko jarrerak bereizten ditugu, eta tarteko bide hori aukeratu, jarraitu eta eusteko bertute etikoak behar ditugu. Ohiturak eta bertute onak erabiliz bihurtzen gara bertutetsu, eta esperientzia oso garrantzitsua da horretarako.
Bertute etikoen artean justizia dago. Platonentzat justizia oreka (harmonia) da, herritar bakoitzak duen gaitasunari loturik. Aristotelesek legezkotasuna eta merezimenduarekin lotzen du. Legezkotasuna legeak dioenaren arabera bizitzea da, eta merezimendua herritar guztiei tratu bera ematea, merezi dutenaren arabera.