Antzinako eta Erdi Aroko Kosmologia Ikuspegiak
Grezia: Kosmosari buruzko ikuskerak
Unibertsoa kosmos bat zen, osotasun ordenatua eta ulergarria, kaosik eta arbitrariotasunik gabea. Azalpen naturalista emateko joera zuten eta errealitatea erabat ezagungarria dela pentsatzen zuten, naturan kausalitatearen printzipioa betetzen dela erabat sinetsita baitzeuden; baina Grezian bi ikuspegi kontrajarri zeuden:
- Azalpen kualitatiboa: Platon eta Aristoteles ziren honen aldekoak.
- Azalpen kuantitatiboa: Atomistak eta Epikuro ziren honen aldekoak.
Errealitateari buruzko ikuskera
Ikuspegi kualitatiboaren arabera, errealitatea osotasun ordenatu bat da, ikuspegi organizista eta teleologikoa oinarri hartuta; errealitate horretan, edertasuna, xedea eta ordena harmonian biltzen dira osotasun organiko baten baitan, eta ez da ezer alferrik egiten. Atomistak, ordea, ikuspegi mekanizista baten aldekoak dira: jatorriak baldintzatzen du gauzen garapena, eta ez xedeak.
Izakiei buruzko ikuskera
Animalien eta landareen espezieak bezain betierekoak eta aldaezinak dira naturaren elementu bizigabeak. Platonen ideien teoriak eraginda, Aristoteles iritzi horren aldekoa zen. Anaximandro, berriz, garatu gabeko eboluzionismoaren aldeko agertu zen.
Matematikari buruzko ikuskera
Pitagorasen eraginaren ondorioz, matematikaren erabilera erabat espekulatiboa eta espirituala zen. Nolanahi ere, erabilera pragmatikoa ere bazuen.
Unibertsoari buruzko ikuskera
Interpretazio antropozentrikoa hedatuta zegoen. Horren ondorioz, honako hau sinisten zuten:
- Lurra laua da. Pitagorikoek izan ezik, Lurra esfera formakoa zela defendatzen baitzuten, itsasontzi bat kostaldetik urruntzean egindako behaketei esker, eta ilargi-eklipseei egindako behaketei esker.
- Geozentrismoa: Lur planeta unibertsoaren erdigunetzat hartzen zuten. Baina Aristarko Samosekoak jada eman zuen aditzera sistema heliozentrikoa.
- Bi mundu guztiz desberdin daude: Ilargiaz gaindiko mundua eta ilargipeko mundua.
Erdi Aroko ikuskera: Jainkoak sortutako kosmosa
Inperio helenistikoaren gainbeheraren ondoren interes etikoak eta erlijiosoak nagusitu egin ziren eta, bestalde, kristautasunak krisi itzela eragin zuen. Horren ondorioz, bigarren mailan geratu zen Greziak kosmosari buruz zuen ikuspegia. Mende askotan ezkutuan egon ondoren, kultura arabiarraren bidez berreskuratu zen Aristotelesen fisika.