Antzerkia Erromatar Inperioan: Tragedia eta Komedia
Antzerkia Erromatar Inperioan
Jatorria: Erromatar antzerkiaren jatorria K.a. III. mendean koka dezakegu, legio erromatarrek Italiako hegoaldean greziar antzerkiarekin harremanetan jartzearen ondorioz.
Tragedia eta Komedia
Lehenengoaren protagonistak jainkoak eta heroiak dira, eta bere hizkuntza fina eta solemnea da; komedia, ostera, kaleko gizonaz tratatzen duenez, sarritan hizkuntza ozarra eta lizuna erakusten du. Erromako lehen antzerki lanak obra greziarren itzulpenak edo moldaketak ziren, obraren gaia, lekua eta pertsonaiak greziarrak zirelarik. Itzulitako greziar tragediei latinoek fabula cothurnata izena eman zieten, eta komediei fabula palliata izena. Geroago, gaia, lekua eta pertsonai erromatarrez osaturiko antzezlanak sortu ziren, greziar jatorria zeukaten obrekin batera biziz. Horrela, tragedia erromatarrari fabula praetexta izena emango zioten, eta komediari fabula togata. Beraz, honela labur dezakegu orain arte azaldutakoa:
- Tragedia: Fabula cothurnata
- Komedia: Fabula togata
Tragedia
Erroman, tragediaren lehen antzezpenak, lehenago esan dugunez, K.a. III. mendean eman ziren, greziarrek egin zituzten tragediak imitatuz. Adibidez, Livio Andronikok, Neviok eta Enniok, nahiz eta autore epiko bezala ezagunagoak izan, gai, leku eta pertsonai greziarrak zituzten tragediak idatzi zituzten. Baina, beharbada, erromatar tragediagile garrantzitsuenak Pakubio eta Accius izan ziren. Tragediak ez zuen arrakasta handirik izan Erroman, eta ikuslego eskasagatik desagertuz joan zen. Gizartearen goimailakoek ez zuten antzerkian behemailakoekin nahasterik nahi, eta behemailakoek komedia eta anfiteatro eta zirkoko ikuskizunak zituzten gogokoago. Honen ondorioz, tragedia gutxiengo batera mugatu zen. Bestalde, erromatar tragedia ezin dezakegu greziarrarekin konparatu, ez antzerki obra kopuruan, ezta obren kalitatean ere.
Komedia
Komedia erromatarrak monologo luze batekin hasten dira, pertsonai garrantzitsu edo jainko batek hitz egiten duelarik. Honek, iraganeko ekintzak azaldu ondoren, momentuko egoera azaltzen du, eta akzioaren etorkizunari buruz pistak ematen ditu. Monologo hau ikuslegoaren modu onei dei eginez amaitzen da (suposa dezakegu, beraz, ikuslegoaren portaera nolakoa zen). Komedia hauetan, normalean, pertsonaiak errepikatu egiten dira: gazte axolagabea, emagaldua edo prostituta, agure zekena, matrona birtutetsuak, neskato maiteminduak, soldadu harroa, sukaldari lapurra, esklabu gezurti eta tranpazalea, etab. Jendeak hauek ezagutzen zituen, eta beren agerraldietan bazekiten gutxi gorabehera zer egin behar zuten eta zer esan behar zuten. Arlo honetan, Plauto eta Terenzio izan ziren autorerik nagusienak.
Plauto
Plauto izan zen, agian, bere garaian benetako arrakasta izan zuen komediagile bakarra. Bera hil ondoren, bere fama areagotu egin zen, eta mende bat beranduago 130 komedia aurki zitezkeen bere izenean. Varron jakintsuak sakonki aztertu ondoren, bakarrik 21 zirela benetan Plautorenak ondorioztatu zuen, eta 21 hauek dira orain kontserbatzen direnak, nahiz eta batzuk “mutilaturik” edo zatika kontserbatu. Hona hemen Plautoren obra batzuk: Amphitruo, Aulularia, Captivi, Miles gloriosus, Pseudolus, etab. Plautoren obra guztiak palliata genero barnean sailka ditzakegu.
Terenzio
Terenzio komediagileak ere palliata landu zuen, eta gai eta pertsonaietan ez zen batere aldendu Plautorengandik. Hala ere, ez zuen lortu Plautok eduki zuen arrakasta (ezta gutxiago ere; badakigu garai horretako jendeari gehiago gustatzen zitzaiola Plauto Terenzio baino), bere obrei kutsu didaktiko bat eman nahi zielako, hau da, erromatar ikuslegoa hezitzea zelako bere helburu nagusia, eta ez barre eragitea edota entretenitzea. Ikuslegoak askotan bizkarra eman zion, gladiadoreak, funanbulistak eta antzerako ikuskizunak zirela eta. Dakigunez, 6 komedia idatzi zituen: Andria, Hecyra, Eunuchus, Heautontimoroumenos, Phormio eta Adelphoe.
Palliatari buruz zerbait esan ondoren, fabula togataren egoera aztertzea komenigarria litzateke, hau da, gai eta pertsonai erromatarrak aurkezten dituen komediarena. Komedia mota honek bi autore garrantzitsu izan zituen: Titinio eta Afranio. Bien obra guztiz fragmentaturik heldu zaigu. Fabula togatak espero zitekeen baino arrakasta gutxiago lortu zuen, beharbada palliatatik behar zuen beste urrundu ez zelako. Gai eta giro erromatarrak landu zituen, baina pertsonai "tipoak" eta egoerak molde greziarren barnean mantendu ziren.
Antzerkitokia, Lekua, Denbora eta Antolamendua
Antzerkia beste ikuskizun bat zen erromatarrentzat, eta joko publiko batzuk antolatzen ziren egunetarako prestatzen zen. Joko garrantzitsuenak honako hauek ziren: Ludi Megalenses, Zibeles jainkosaren omenez ospatzen zirenak, azaroaren 4tik 17ra.
Antzeztokiari dagokionez, Erroman ez zegoela toki finkorik ia Errepublika garai osoan esan dezakegu; orduan, errepresentazioak aire zabalean egiten ziren, ikusleak zutik edo lurrean eserita zeudelarik. Gaur egun, Erroman kontserbatzen den bakarra. Antzeztokiak planta erdizirkularra zuen, eta gradak ikuslegoarentzat ziren. Behean eszenatokia zegoen, atzekaldean zutabez, erliebez eta estatuez ornaturiko horma batekin. Eszenatokia eta graden artean orchestra zegoen, senadoreen eta goi magistratuen jezarleku zena. Gradetako lehen 14 hilarak zaldizkoentzat ziren, eta besteak herri xehearentzat.
Joko publikoetan, antzerkien antolatzaileak edilak ziren. Hauek antzerki talde baten zuzendariarekin harremanetan jarri, eta obra egokia bilatzeko eta antzezteko eskatzen zioten. Zuzendariak obra bat erosten zuen, aktoreak kontratatu eta obra antzezten zuen. Berak ere aktore gisa lan egin zezakeen, eta normalean aktoreak esklaboak eta gizonezkoak ziren. Antzezpenak arratsaldeko lehen orduetan egiten ziren.