Amerikako eta Frantziako Iraultzak eta Napoleonen Inperioa: Arrazoiak eta Etapak

Historia9,76 KB

(2) Amerikako Iraultzaren arrazoiak

1. Zazpi Urteko Gerraren ondoren, Britainia Handiak koloniei zerga gehiago ezarri nahi izan zizkien gerraren gastuak ordaintzeko.

2. Koloniek ez zuten hori onartu, Britainia Handiko Parlamentuan ordezkaririk ez zutelako; horregatik, "ordezkaritzarik gabe, zergarik ez" defendatu zuten. Gainera, metropoliak kolonien merkataritza eta hedapena kontrolatzen zituen.

3. 1773an, Bostongo Tearen Matxinadan, britainiar ontzietako tea itsasora bota zuten zergen aurka protesta egiteko. Britainia Handiaren erantzun gogorrak Independentzia Gerra piztu zuen 1775ean.

1.2 Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerra (1775-1783)

1776ko uztailaren 4an, Hamahiru Koloniek independentzia aldarrikatu zuten Filadelfian, berdintasuna, askatasuna eta nazio-subiranotasuna defendatuz. Britainia Handiak ez zuen independentzia onartu, eta gerrak jarraitu zuen. George Washingtonen gidaritzapean, eta Frantziaren zein Espainiaren laguntzarekin, kolonoek britainiarrak garaitu zituzten Yorktownen, 1781ean. Azkenik, 1783ko Parisko Itunean, Britainia Handiak Ameriketako Estatu Batuen independentzia onartu zuen.

1.3 1787ko Konstituzioa

Gerra amaitu ondoren, Hamahiru Koloniak estatu independente bihurtu ziren, baina gobernu bateratu bat behar zuten. Horregatik, 1787an Konstituzioa onartu zen Filadelfian. Konstituzioak nazio-subiranotasuna, botereen banaketa eta errepublika federala ezarri zituen. 1791n, Eskubideen Gutuna gehitu zitzaion, eta oinarrizko askatasunak bermatu zituen.


(2.2) Frantziako Iraultzaren arrazoiak

  • Politikoak eta ideologikoak: Ilustrazioak absolutismoa kritikatu zuen, eta Amerikako Iraultzak ideia berriak praktikan jar zitezkeela erakutsi zuen. Gainera, Luis XVI.ak gero eta babes gutxiago zuen.
  • Ekonomikoak: Uzta txarrek, jakien garestitzeak eta Estatuaren zorrek krisia eragin zuten, gastu militarren eta gorteko gastuen ondorioz. Pribilegiatuei zergak ordaintzea proposatu zitzaien, baina aurka egin zuten; horregatik, Estatu Orokorrak deitu ziren.
  • Sozialak: Estamentuzko gizarteak desberdintasun handiak sortzen zituen: nobleziak eta kleroak pribilegioak zituzten, burgesiak ez zuen botere politikorik, eta herri xehea egoera txarrean bizi zen.

2.2 Frantziako Iraultzaren etapak

  1. Estatu Orokorrak (1789): nobleziak eta kleroak botoa estamentuka ematea nahi zuten; hirugarren estatuak, berriz, pertsonaka bozkatzea eskatzen zuen. Eskaera baztertu zutenez, hirugarren estatuko ordezkariek Nazio Biltzarra sortu zuten eta konstituzioa egin arte ez desegiteko zina egin zuten.
  2. Batzar Nazional Konstituziogilea (1789-1791): Nazio Biltzarra Biltzar Konstituziogile bihurtu zen, konstituzioa egiteko. Bastillaren hartzeak iraultza zabaldu zuen, eta Biltzarrak feudalismoa deuseztatu, Elizaren ondasunak nazionalizatu eta 1791ko Konstituzioa onartu zuen. Horrela, monarkia konstituzionala eta sistema liberalaren oinarriak ezarri ziren.
  3. Batzar Nazionala Legegilea (1791-1792): 1791ko Konstituzioaren ondoren sortu zen, baina arazo asko izan zituen. Erregea eta noblezia iraultzaren aurka zeuden, iraultzaileen artean liskarrak sortu ziren, sans-culotteek presioa egiten zuten kalean, eta kanpoko gerrek krisia handitu zuten.
  4. Konbentzio Nazionala (1792-1795): Errepublika aldarrikatu zuen, monarkia amaitu eta Luis XVI.a exekutatu zuten. Gerra eta barne-krisia zirela eta, jakobinoek boterea hartu zuten, Robespierre buru zela, eta Izuaren Garaia hasi zen. 1794an Robespierre gillotinan hil zuten; ondoren, 1795eko Konstituzio moderatuagoa onartu zen, eta Direktorioaren garaia hasi zen.
  5. Direktorioa (1795-1799): Herrialdeko ezegonkortasuna zela eta, 1799ko azaroaren 9an, Napoleonek estatu-kolpea eman zuen. Ondoren, Kontsulatua ezarri zen, eta Napoleon lehen kontsul bihurtu zen.

Horrekin, Frantziako Iraultzaren amaiera eta Napoleonen garaiaren hasiera etorri ziren.

(2.3) Napoleonen Inperioa

3.1 Kontsulatua (1799-1804)

Napoleonek Frantzia baketu eta iraultzaren lorpenak sendotu nahi izan zituen. Oposizioa kontrolatu, noble erbesteratuei itzultzeko aukera eman eta Aita Santuarekin Konkordatua sinatu zuen. 1804ko Kode Zibilak berdintasun juridikoa eta askatasun zibilak sendotu zituen; gainera, ekonomia, industria eta hezkuntza publikoa bultzatu ziren. Lorpen horiei esker, Napoleon 1802an biziarteko lehen kontsul eta 1804an enperadore bihurtu zen.

3.2 Napoleonen Inperioa (1805-1815)

Napoleonek Frantziaren menpeko inperio handia sortu nahi izan zuen, eta kanpaina militarren bidez Europako lurralde asko kontrolatu zituen. Salbuespen nagusia Erresuma Batua izan zen, Trafalgarko guduan ontzidi frantses-espainola garaitu eta Napoleonen blokeo ekonomikoari eutsi baitzion. Konkistatutako lurraldeetan, Napoleonek senideak edo jeneralak jarri zituen agintean, eta ideia iraultzaileak, Kode Zibila eta feudalismoaren amaiera zabaldu ziren. Hala ere, atzerriko menpekotasunaren aurka mugimendu nazionalistak sortu ziren, Espainian adibidez.

3.3 Napoleonen erorialdia

  1. Porrota Errusian: 1812an, Napoleonek porrot handia izan zuen Errusiako kanpainan, eta haren boterea ahultzen hasi zen.
  2. Parisen erorketa eta Elba uhartea: 1814an, Europako potentzien koalizioa, Erresuma Batua, Austria, Prusia eta Errusia buru zirela, Parisen sartu zen; Napoleon Elba uhartera erbesteratu zuten, eta Frantzian monarkia berrezarri zen, Luis XVIII.arekin.
  3. Waterlooko gudua: 1815ean, Napoleonek Elbatik ihes egin eta agintea berreskuratu zuen Ehun Egunetan, baina Waterlooko guduan behin betiko garaitu zuten.
  4. Santa Helena uhartea: Waterlooko guduaren ostean, Napoleon Santa Helenara erbesteratu zuten, eta han hil zen 1821ean. Ondoren, Vienako Kongresuak absolutismoa berrezarri eta Europako mapa berrantolatu zuen.

3.4 Berrezarkuntza

Vienako Batzarra (1814-1815)

Vienako Kongresuak absolutismoa berrezarri eta Europako mapa berrantolatu nahi izan zuen. Berrezarkuntzaren garaian, Antzinako Erregimeneko monarkek boterea berreskuratu zuten. Ordena hori babesteko, Aliantza Santua sortu zuten Austriak, Prusiak eta Errusiak; gero, Aliantza Laukoitzean, Erresuma Batua ere gehitu zen.

Italiaren bateratzea

1814ko Vienako Kongresuaren ostean, Italian zazpi estatu zeuden, eta batzuk atzerriko potentzien menpe zeuden. Bateratzea Piamonte-Sardiniako Erresumak gidatu zuen, Viktor Emanuel II.a erregearen eta Giuseppe Garibaldiren laguntzarekin.

Alemaniaren bateratzea

Alemaniako Konfederazioa 39 estatuk osatzen zuten. Bateratzea Prusiako Erresumak gidatu zuen, Gilen I.a erregearen eta Otto von Bismarck kantzilerraren zuzendaritzapean. 1871n, Alemaniako Inperioa edo II. Reicha sortu zen.

(1) Antzinako Erregimena

Europan XV. eta XVIII. mendeen artean nagusitu zen sistema politiko, ekonomiko eta soziala izan zen, Frantziako Iraultzaren aurreko Europa definitzeko erabiltzen dena. Lau ezaugarri nagusi zituen:

  • Estamentuzko gizartea.
  • Lehen sektorea (nekazaritza) ekonomiaren oinarria.
  • Monarkia absolutua vs. despotismo ilustratua.
  • Merkantilismoa.

1.2 Monarkia absoluta eta beste sistema batzuk

Sistema politiko hedatuena monarkia absolutua zen. Erregearen boterea Jainkoarengandik zetorrela defendatzen zen, eta botere legegilea, betearazlea eta judiziala bere esku zituen. Gainera, ekonomia, ogasuna eta armada kontrolatzen zituen, eta herritarrek zergak ordaindu behar zituzten. Salbuespenak: Probintzia Batuetan errepublika eta Britainia Handian monarkia parlamentarioa.

1.3 Ilustrazioa, Argien Mendea

Ilustrazioa XVIII. mendean garatutako mugimendu intelektuala izan zen, eta Frantzia izan zen haren zabalkunde-gune nagusia. Ilustratuek arrazoia, aurrerapena, askatasuna eta pertsonen eskubide naturalak defendatu zituzten; haien ustez, hezkuntzak, zientziak eta kulturak gizartea hobetu zezaketen.

1.4 Pentsamendu ilustratuaren oinarriak

Ilustratuek Antzinako Erregimena kritikatu zuten, gizartearen aurrerapena eta zoriontasuna oztopatzen zituelako. Haien pentsamendua arrazoian, kritikan, tolerantziaren defentsan, hezkuntzan eta zientzian oinarritzen zen. Horregatik, merkantilismoa, estamentuzko gizartea, ezjakintasuna, superstizioa eta intolerantzia baztertu nahi zituzten, eta jakintzaren zabalkundea defendatu zuten.

1.5 Despotismo ilustratua

XVIII. mendearen bigarren erdian, erregeek botere absolutua mantendu zuten, baina Ilustrazioaren ideia batzuk aplikatzen saiatu ziren. Ekonomian, administrazioan, hezkuntzan, zientzian eta nekazaritzan erreformak bultzatu zituzten, baina herritarrei ez zieten erabakietan parte hartzen utzi ("Dena herriarentzat, baina herririk gabe").

1.6 Entziklopedia

Entziklopediak garaiko jakintza eta Ilustrazioaren ideiak bildu zituen. Diderotek eta d'Alembertek zuzendu zuten, 1751 eta 1772 artean argitaratu zen, eta askatasunaren zein berdintasunaren ideiak zabaltzen lagundu zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML