1929ko Krisia eta Erregimen Totalitarioen Gorakada
1929ko Burtsaren Krak-a eta Depresio Handia
Lehen Mundu Gerran zehar, Ameriketako Estatu Batuetako industria eta nekazaritza hazi egin ziren. Gerra amaitzean, ordea, Europako herrialdeen eskariak txikiagotu egin ziren. Nekazaritzako eta industriako ekoizkinak saldu ezinik geratu eta metatu egin ziren. Horrela, enpresen benetako balioa ez zetorren bat enpresa horien akzioek burtsan zuten balio handiarekin. Egoera horrek akzioen prezioa jaitsi zuen.
New Yorkeko burtsaren krak-a 1929ko urriaren 24an gertatu zen. Zerk eragin zuen? Akzioen prezioa gehiago jaitsiko ote zen beldurraren ondorioz, jendea bere akzioak saltzen hasi zen eta prezioak are gehiago jaitsi ziren.
Krisi Ekonomiko Orokorra AEBetan
Burtsaren porrotak krisi orokorra eragin zuen Ameriketako Estatu Batuetako ekonomian. Bankuek ere porrot egin zuten. Industria askok ateak itxi behar izan zituzten. Nekazariek ezin izan zieten zorrei aurre egin. Kanpo-merkataritza gelditu egin zen, herrialde bakoitzak bere ekonomia babesteko neurriak hartu zituelako.
Krisiaren Nazioarteko Hedapena eta Ondorioak
Krisia Europara eta Asiako zein Latinoamerikako herrialdeetara zabaldu zen 1930 eta 1931 artean, hainbat arlotan eraginez:
- Ekonomian: Eskaria murriztean, ekoizpena ere jaitsi egin zen. Kanpo-merkataritza ere urritu egin zen, protekzionismoa zela eta. Protekzionismoa estatu bateko gobernuak produktu edo sektore ekonomiko jakin batzuei ematen dien sostengua da, atzerriko konkurrentzia saihesteko. Horretarako, gobernuek hainbat neurri hartzen dituzte, hala nola zerga handiak ezartzea atzerriko produktuei, salgai jakin batzuei sarrera debekatzea edota inportazio batzuei kupoak edo kontingenteak ezartzea.
- Demografian: Biztanleriaren hazkundea gelditu zen. Migrazioa ere jaitsi egin zen.
- Gizartean: Langabezia eta gizarte-desberdintasunak hazi egin ziren.
- Politikan: Depresioak sistema kapitalistaren kontrako jarrera piztu zuen erdiko klaseetan eta langileengan. Komunismoaren aldeko giroa piztu zen langileen artean, eta totalitarismo zein autoritarismoaren aldeko giroa erdiko klaseetan.
Krisiari Aurre Egiteko Neurriak: Keynesianismoa eta New Deal
Krisiari irtenbidea aurkitzeko, herrialde gehienek Keynesen teoriak erabili zituzten. Estatuak ekonomian parte hartu beharra zeukan. Zertarako? Inbertsioak, lanpostuak eta kontsumoa bultzatzeko. AEBetan, Roosevelt presidenteak plan ekonomiko bat jarri zuen martxan: New Deal. Estatuak bankuak kontrolatzen zituen, interes txikiko kredituak emanaraziz. Horrez gain, estatuak nekazaritzari eta industriari dirulaguntzak ematen zizkien ekoizpena murrizteko eta soberakinak amaitzeko. Lanaldiak laburtu eta gutxieneko soldatak ezarri zituen. Langabeziaren ondorioak leuntzen saiatu zen, herri-lanak bultzatuz eta langabezia-aseguruak sortuz.
Erregimen Totalitarioen Gorakada
Gerren arteko aldian, Europako erdialdeko eta hegoaldeko herrialde batzuek erregimen totalitarioak ezarri zituzten. Totalitarismoan, aginte politikoa, ekonomikoa, gizartea, kultura eta artea kontrolpean daude (adibidez, Italian faxismoa eta Alemanian nazismoa).
Zergatik izan zuen hainbesteko arrakasta?
- Demokrazia ondo sendotu gabe egoteagatik.
- Gobernu liberalei krisi ekonomikoaren erantzukizuna leporatu zitzaielako.
- Gizarteko talde batzuek komunismoaren hedapena mugatu nahi zutelako.
- Bake-itunen aurkako muturreko nazionalismoak agertu zirelako.
Zeintzuk izan ziren haien alde egon ziren giza taldeak?
- Erdiko klaseak: krisiaren ondorioz bizi-maila asko jaitsi zitzaienak.
- Aberats handiak: komunismoaren gorakada gelditu nahian.
- Soldadu ohi nahigabetuak.
- Langabetu asko.
- Gizarte-sektore kontserbadoreenak.
Sistema Politiko Autoritarioen Ezaugarriak
Sistema politiko autoritarioen ezaugarri nagusiak hauek dira:
- Aginte osoa estatuaren esku: Estatuak aginte osoa biltzen zuen, buruzagi karismatiko bat buru zela, eta esanekotasun itsua eskatzen zuen. Ez zegoen askatasun pertsonalik, eta indar paramilitarren bidez zapaltzen zuten edozein aurkakotasun.
- Ekonomia eta gizartea kontrolatzea: Estatuak ekonomia zuzentzen zuen eta bere burua kapitalismoaren zein komunismoaren aurkakotzat aldarrikatzen zuen. Gizartea kontrolatzen zuen propagandaren, komunikabideen zentsuraren eta hezkuntzaren bidez.
- Berdintasuna ukatzea: Alderdiko kideen nagusitasuna gainerakoen gainetik; gizonezkoen nagusitasuna emakumezkoen gainetik; eta arraza batzuen nagusitasuna beste batzuen gainetik.
- Pentsaera irrazionala: Fanatismoaren eta esanekotasun itsuaren alde agertu ziren.
- Muturreko nazionalismoa: Nazioaren handitasuna aldarrikatu eta lurraldeak erreklamatzen zituzten.
- Militarismoa: Indarra eta gerra defendatzen zituzten.