1876ko uztailaren 21eko legea: foru-berezitasunen amaiera eta Kontzertu Ekonomikoa
1876ko uztailaren 21eko legea (6)
Aztergai dugun testua “1876ko uztailaren 21eko legea” da. Testu juridikoa eta publikoa da, lege bat delako, eta Madrilgo Gazeta aldizkarian argitaratu zen. Lehen mailako testu historikoa da: Gorteek onartu eta Alfontso XII.a erregeak, Cánovasekin batera, berretsitako legea. Espainiako herritarrei zuzenduta dago, bereziki Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleei. Foruak indargabetzeko legea Alfontso XII.aren erregealdiaren hasieran idatzi zen, karlistak galtzaile atera ondoren, hirugarren gerra karlista amaitu zenean. Helburua foru-berezitasuna indargabetzea zen.
Testuaren analisia
Testuaren analisian ideia hauek nabarmendu behar dira sarreran eta zenbait artikulutan. Hasteko, Alfontso XII.ak herritarrei jakinarazi zien Gorteek egindako legea onartu zuela. Ondoren, lehen artikuluan, euskal probintzietako biztanleek, Espainiako gainerako biztanleek bezala, soldadutza egin behar zuten eta Estatuaren gastuetan parte hartu behar zuten; beraz, foru-berezitasunen azken pribilegioak ezeztatu ziren. Bigarren eta hirugarren artikuluetan, derrigorrezko soldadutza eta zergen ordainketa indartzeko arau batzuk onartu ziren. Laugarren artikuluan, gobernuari baimena eman zitzaion foru-erregimenaren aldaketa guztiak egiteko.
Errestaurazioaren testuingurua
Seiurteko iraultzak hondatu eta errepublika finkatzeko saiakerak huts egin zuten. Borboien monarkia berriro ezarri zen Isabel II.aren semearen, Alfontso XII.aren bitartez (1874). Horrela hasi zen Errestaurazioa. Antonio Cánovas del Castillok bideratu zuen Errestaurazioa, eta berak eratu zuen garai hartako sistema politikoa. Erregimen liberal moderatura itzuli zen, baina modu berritu batean, joera liberal guztiak bildu ahal izateko. Cánovasen sistemaren helburu nagusia egonkortasun politiko, sozial eta ekonomikoa bermatzea izan zen. Erregimen hau 1923ra arte iraun zuen, eta tarte horretan Alfontso XII.ak, Maria Kristina erreginaordeak eta Alfontso XIII.ak gobernatu zuten.
Errestaurazioaren lehen gobernua
Errestaurazioaren lehen gobernua Cánovasek zuzendu zuen, eta hiru helburu zituen: alde batetik, gerra amaitzea; bestetik, ordena politiko eta soziala berrezartzea, hau da, alderdi kontserbadore eta liberalen arteko txandaketaren bidez egonkortasun politikoa lortzea; eta azkenik, sistema politiko berriaren oinarriak finkatuko zituen konstituzioa idaztea: 1876ko Konstituzioa.
Foruen eztabaida eta El Pardoko Ituna
1876. urtean, azken karlistaldiaren ondoren, berriz hasi zen foruei buruzko eztabaida. Espainiako iritzi publikoak foruei egozten zien karlismoaren indarra eta bi gerren eragina. Alfontso XII.a hil zenean, erreginaordea bihurtu zen bere emaztea, Maria Kristina, Alfontso XIII.aren haurdun zegoelako. Cánovasek eta Sagastak txandakatze politikoa eta Errestaurazioaren erregimenaren jarraipena ziurtatzeko akordioa egin zuten, El Pardoko Itunaren bidez.
1876ko uztailaren 21eko legea
Antonio Cánovas del Castillok foruetan murrizketak egitea erabaki zuen, euskal probintziak beste probintziekin berdintzeko. Hori 1876ko uztailaren 21eko Legearen bidez egin zen, foruak ezabatzeko lege gisa ezagutua izan dena. Horren arabera, euskal probintziek Espainiako Ogasunari zergak ordaindu behar zizkioten, eta gizonek soldadutza egin behar zuten. Lege hori Bizkaiari, Gipuzkoari eta Arabari zegokien; Nafarroan, berriz, 1841eko Lege Hitzartua indarrean jarraitu zuen.
Foru Aldundien ordez Diputazio Probintzialak
Hurrengo urtean, Foru Aldundiek agindutako betebeharrei uko egin zieten. Orduan, Cánovasek Batzar Nagusiak ezabatu eta Foru Aldundien ordez Diputazio Probintzialak ezarri zituen.
Kupoa eta Kontzertu Ekonomikoa
Arazo berri bati aurre egin behar zitzaion: euskal probintziek beren zergak ordain zitzaten lortu behar zen. Behin-behineko irtenbide gisa, Diputazio Probintzial bakoitzarekin akordio bat egin zen, zergak biltzen eta kudeatzen jarrai zezaten, baina Estatuari diru kopuru bat ordaindu beharko zioten. Diru kopuru hori kupoa izenez ezagutzen da.
Hitzarmena 1878ko otsailaren 28ko Dekretuaren bidez jarri zen indarrean, eta zortzi urteko iraupena izango zuen. Hitzarmen hori da Kontzertu Ekonomikoa. Nafarroak, 1841eko Lege Hitzartuaren arabera, antzeko sistema du, Konbenio izenarekin ezagutua. Kontzertu Ekonomikoari esker, foruak ezabatuak izan ziren, baina ez ziren erabat desagertu.
Kontzertu Ekonomikoaren ondorioak
Kontzertu Ekonomikoak diputazioei zergak erabakitzeko eta autonomiaz kudeatzeko aukera eman zien. Politika fiskal hori onuragarria izan zen burgesiarentzat, industrian lortutako etekinen gaineko zergak ez baitzituzten ordaindu behar. Horrek kapitalak metatzen eta industria-inbertsioak bultzatzen lagundu zuen.