XX. Mendeko Lau Poeta Euskaldun Garrantzitsu: Aitzol, Lizardi, Lauaxeta eta Aresti
Aitzol (Tolosa, 1896 - Hernani, 1936)
Aitzol, idazle, kazetari, elizgizon, euskaltzale eta abertzalea izan zen. Euskararen ofizialtasuna eskatu zuen idazleetako bat izan zen. Euskaltzaleak elkartea eta El Día egunkaria sortu zituen, eta ELA sindikatuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Olerkia eta bertsoa jendea mugiarazteko tresna zirela plazaratu zuen. Hasieran kantu kultuen alde egin zuen, baina herritar xumeek ez zituztela ulertuko konturatzean, kantu herrikoien alde egin zuen gero. Donostia ondoan harrapatu, atxilotu eta torturatu ondoren fusilatu zuten.
Xabier Lizardi (Zarautz, 1896 - Tolosa, 1933)
Xabier Lizardi abokatua zen ofizioz, baina enpresa bateko gerentea izan zen. Bost seme-alaba zituen, eta haiek txikiak zirenean idazten zien. Ekintza gizona izan zen, euskal kulturaren bultzatzailea. Euskaltzaleak elkartean ibili zen, Euskararen Eguna antolatu zuen, EAJ alderdian ardura ugari izan zituen, egunkari euskaldun bat egiteko ahaleginak egin zituen eta Poesiaren Eguna bultzatu zuen. Gai politikoei buruz idazten zuen, eta bere olerkien ezaugarri nagusiak trinkotasuna, aditzaren elisioa eta hoskidetasuna ziren. Obra nagusia: Biotz-begietan.
Lauaxeta (Laukiz, 1905 - Gasteiz, 1937)
Lauaxeta, kanpoko kazetari batzuei Gernikako txikizioa erakusten ari zela, harrapatu eta sasi-epaiketa baten ondoren, Gasteizen fusilatu zuten. Idazlea izan zen, eta poesia, eleberriak eta antzerkia egin ondoren, egunkari bateko zuzendaria izan zen. EAJko kide eta gobernuko propaganda burua izan zen. Obra nagusia: Bide barrijak.
Gabriel Aresti (Bilbo, 1933 - 1975)
Gabriel Aresti euskaldun berria zen, baina izugarri ondo menperatzen zuen euskara. Frankismo garaian ikasi zuen euskara, debekatua zegoen arren. Txillardegi eta Koldo Mitxelenarekin batera, euskara batuaren sortzaileetako bat izan zen. Hiztegigintzan, antzerkian eta eleberrigintzan aritu zen, baina batez ere poesia landu zuen. Gizartean zeuden arazoei buruz hitz egiten zuen poesia horietan. Itzultzailea ere izan zen, eta Lorcaren eta Elioten hainbat obra euskaratu zituen. Poesia eta eleberrigintza Euskal Herria euskalduntzeko armatzat erabili zituen. Gainera, obra hauetan herri hizkera erabiltzen zuen denek uler zezaten. Obra ezagun batzuk: Harri eta Herri, Euskal Harria, Harrizko Herri Hau.