XIX. Mendeko Espainiako Testu Historiko Garrantzitsuenak

Historia15,11 KB

1. Cadizko Konstituzioa (1812)

Testu hau 1812ko Konstituzioaren zenbait artikulu dira (testu artikulatua). Jatorriaren arabera, testu historikoa da, hau da, lehen mailako iturria, eta formaren aldetik juridikoa. Egilea kolektiboa da (Cadizko Gorteetako diputatuak), eta hartzailea ere kolektiboa; beraz, testu publikoa da.

Oinarrizko Printzipioak

1812ko Konstituzioaren oinarrizko printzipioak azaltzen dira testuan:

  • Subiranotasun Nazionala: Subiranotasuna nazioari dagokiola nabarmentzen da (1.-3. art.). Espainiar nazioak Ameriketako koloniak barne hartzen zituen.
  • Legearekiko Berdintasuna: Legearekiko berdintasuna eta zerga-betebeharra (8. art.) Antzinako Erregimenaren amaiera adierazten dute.
  • Erlijioa: Erlijio katolikoa Estatuaren bakarra da (12. art.), absolutismoari kontzesioa eginez.
  • Gobernu Mota: Monarkia moderatua izango da (14. art.), botere-banaketa ezarriz:
    • Legegilea: Erregea eta Gorteak.
    • Betearazlea: Erregea.
    • Judiziala: Auzitegiak.
  • Eskubideak: Konstituzioak ez ditu eskubideak modu esplizituan aitortzen, baina hainbat askatasun aipatzen dira, hala nola inprenta- eta adierazpen-askatasuna (371. art.).

Testuinguru Historikoa

XIX. mendearen hasieran, Karlos IV.aren monarkiak prestigio gutxi zuen, eta Godoy balidoak oposizioa piztu zuen kontserbadoreen eta liberalen artean. 1807an, Fontainebleauko Itunaren bidez, frantses tropak Espainiara sartu ziren. 1808an, Aranjuezeko matxinadak Fernando VII.a errege bihurtu zuen, baina Napoleonek Baionan aita-semeak abdikatzera behartu eta José Bonaparte errege izendatu zuen. Maiatzeko Madrilgo matxinadek Independentzia Gerrari hasiera eman zioten.

Baionako abdikazioak eta José Bonaparte onartu ez zirenez, frantsesen aurkako gerra eta iraultza politikoa abiatu ziren. Junta Zentralak Gorteak deitu zituen Cadizen, inbaditu gabeko hiri bakarrean. Bertan, bi korronte nagusitu ziren: absolutistak eta liberalak, azken hauek indar handiagoarekin. 1812ko martxoan, “La Pepa” izenez ezaguna den Konstituzioa onartu zen, subiranotasun nazionala, zerga-pribilegioen deuseztapena eta botere-banaketa aldarrikatuz.

Ondorioak

1814an Fernando VII.a itzuli zenean, Konstituzioa baliogabetu eta absolutismoa berrezarri zuen. Bi urtez indarrean egon arren, haren espirituak XIX. mendeko liberalismoa inspiratu zuen eta erreferentzia bilakatu zen Europako iraultza liberalentzat.

2. Pertsiarren Manifestua (1814)

Testu historikoa da, hau da, lehen mailako iturria. Formaren aldetik manifestua da, beraz narratiboa, eta gaiari dagokionez politikoa. Egilea kolektiboa da, Gorteetako diputatu absolutistek idatzitakoa. Manifestua Fernando VII.a erregeari zuzenduta dagoenez, testu pribatua da, baina herria manifestuaren jakitun izango denez, publikotzat ere jo daiteke. Valençayko Ituna sinatu (1813) eta Independentzia Gerra amaitu ondoren, Fernando VII.a Espainiako tronura iritsi zenean idatzi zuten, Madrilen, 1814ko apirilaren 12an.

Edukia eta Helburua

Testuak absolutismoaren eta Antzinako Erregimenaren berreskurapenaren alde egiten du, Cadizko legegintza lan guztia indargabetuz:

  • Lehenengo paragrafoan, sei urteko anarkismoa kritikatu eta erregearen itzulera ospatzen da, pertsiarren anarkiarekin alderatuz.
  • Bigarren paragrafoan, monarkia absolutuaren beharra azpimarratzen da, boterearen jatorri jainkotiarra eta gizartean ordena bermatzeko funtzioa nabarmenduz.
  • Azken paragrafoan, Gorte Estamentalak bildu eta Cadizko dekretuak baliogabetzea eskatzen dute, zilegitasunik gabekoak direlako.

Testuingurua eta Eragina

1808tik 1813ra, Independentzia Gerra gertatu zen. 1810ean, Cadizen Gorteak bildu eta 1812an Konstituzioa onartu zuten. 1813an, Napoleonek Valençayko Ituna sinatu eta Fernando VII.a tronura itzuli zen. Gerra amaitzean, liberalak eta absolutistak aurrez aurre zeuden. 1814an, Fernando VII.ak Valentziako Dekretuarekin botere absolutua berrezarri zuen, Cadizko Konstituzioa indargabetuz eta Seiurteko Absolutista hasiz.

Testuak eraginkortasun handia izan zuen, Cadizko legegintza lana deuseztatzea Espainiako historian atzera pauso bat suposatu baitzuen. Erregimen Zaharreko antolaketa berrezarri zen. Dokumentu honek Fernando VII.a absolutismoa ezartzera bultzatu zuen.

3. Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836)

Testu historikoa da, hau da, lehen mailako iturria. Forma kontuan izanda, juridikoa da (gobernu liberal progresistaren dekretua), eta edukiari dagokionez ekonomikoa. Dokumentu publikoa da (hartzaile kolektiboa), Maria Kristinak onar zezan idatzita egon arren, “Gazeta de Madrid”en argitaratu zelako. Egilea Juan Alvarez de Mendizabal dugu, Maria Kristinaren erreginaordealdian gobernu buru (1835) eta Ogasun ministroa (1836) izandakoa, joera liberal progresistakoa.

Ideia Nagusia eta Helburuak

Testuaren ideia nagusia desamortizazioaren beharra eta helburuak dira. Gobernuak lurren salmentarekin hainbat helburu lortu nahi zituen:

  • Zor nazionala murriztea.
  • Zorion publikoa handitzea, hildako aberastasuna berpiztuz eta ekonomia modernizatuz.
  • Industriaren oztopoak kentzea eta inbertsioetarako dirua lortzea.
  • Herrialdearekiko lotura sendotzea eta Isabel II.aren monarkiaren oinarri sozial berria (burgesia) sortzea.

Dekretuaren helburua jabeen familia zabala eratzea eta estatu liberal berri bat finkatzea zen.

Testuinguru Historikoa

1836ko desamortizazio dekretua Maria Kristina erregina-ordearen agintaldiaren parte izan zen, Lehen Gerra Karlistaren ondorioz Espainia krisi ekonomiko eta politiko larrian zegoenean. Fernando VII.aren heriotzaren ondoren, Isabel II.a tronurako aldarrikatu zuten, eta Maria Kristina erregina-ordea izan zen. Karlos Maria Isidroren aldekoek ez zuten onartu eta Gerra Karlista hasi zen.

Herri matxinadak bultzatuta, Mendizabal, liberal progresista, izendatu zuten gobernu buru. 1836ko otsailean, hauteskundeak deitu ziren eta progresistak garaile izan ziren, desamortizazio dekretua onartuz. Abuztuan, "La Granjako Sarjentuen Matxinada" izan zen eta gobernua progresisten esku geratu zen. Desamortizazio dekretua 1837an lege bihurtu zen, Elizaren eta udalerrien ondasunak nazionalizatuz eta enkante publikoetan salduz.

Ondorioak

Desamortizazioa neurri erreformatzailea izan zen, baina Eliza-Estatu harremanak apurtu zituen. Nekazariek lurrik gabe gelditu ziren, burgesekin lehiatzeko gaitasunik gabe. Desamortizazioak ez zuen nekazal erreformarik ekarri, eta nekazariek karlistei babes handia eman zieten. Hala ere, dokumentu honek historiografikoki balio handia du, ekonomiaren modernizazioa eta burgesiaren babesa lortzea izan baitzuen helburu.

4. Trenbidearen Lege Orokorra (1855)

Testu historiko baten aurrean gaude, garaikidea eta lehen mailako iturria. Formaren aldetik juridikoa eta gaiari dagokionez ekonomikoa (trenbidea eraikitzeko arauak zehazten dira). Egile kolektiboa du (Gorteak), nahiz eta Luxán ministroak eta Erreginak sinatuta egon Aranjuezen, 1855eko ekainaren 3an. Hartzailea ere kolektiboa da, helburu publikoa duen testua delako. Madrilgo Gazetan argitaratu zen 1855eko ekainaren 6an.

Legearen Xedea

Lege honek trenbidearen eraikuntza bultzatu nahi du, Espainiaren modernizazio ekonomikoaren lehen pausoa izanik. Legeak eraikuntza nork egin ahal duen, laguntzak eta aspektu teknikoak zehazten ditu:

  • 4. artikulua: Gobernuak, partikularrek eta konpainiek eraiki ahal dutela adierazten du, baina baimenik gabe ezin dute ezer egin.
  • 8. artikulua: Laguntza publikoak nola bideratu azaltzen du.
  • 19. artikulua: Atzerriko kapitalari bermeak ematen dizkio.
  • 20. artikulua: Baimena duten enpresei abantailak ematen dizkie.
  • Azkenik, aspektu teknikoak, hala nola zabalera, aipatzen dira.

Ekimen pribatuak indarrik ez zuela ondorioztatzen da.

Testuingurua: Biurteko Progresista

Legea Isabel II.aren erreinaldian kokatzen da, Biurteko Progresistan (1854-1856), O'Donnell-en pronuntziamenduaren ostean (Vicalvarada) hasi zena. Progresistek (Espartero gobernu buru) ekintza garrantzitsuak egin zituzten finantzen esparruan. Inportanteenak izaera ekonomiko eta finantzarioa izan zuten:

  1. Lurraren bigarren desamortizazioa burutu zuten (Madozena, lur zibilena).
  2. Burdinbidea eraikitzeko lege orokorra atera zuten 1855ean.

Herriaren ekonomia modernizatzeko beharrezkoa zen garraio sistemaren modernizazioa. Espainian modernizazio ekonomikoa atzerapen handiz burutu zen, Europako beste herrialdeen aurrean. Legea erabakigarria izan zen trenbidearen garapena bultzatzeko, atzerritar inbertsioa lortzea erraztu baitzuen. Trenbide sarea erradio egitura jarraituz eraiki zen, Madril erdiko gunea zelarik.

5. 1839ko Urriaren 25eko Foruen Legea

Testu historikoa eta juridikoa da, 1839ko urriaren 25eko legea hain zuzen ere. Gorteek egin eta Maria Kristina erreginak berretsi eta sinatu zuen. Testu publikoa (hartzailea nazioa) eta gaiaren aldetik politikoa da. Helburua, Lehen Gerra Karlistaren ondoren hartutako erabakia jakinaraztea (foruak berresten direla 1837ko Konstituzioa errespetatuz).

Gai Nagusia eta Artikuluak

Gai nagusia Euskal probintzietako eta Nafarroako foruen behin-behineko berrespena onartzen duen legea da, betiere Konstituzioari uko egin gabe. Konstituzioarekin bateragarriak izateko egin behar diren aldaketak burutzeko legea da (“foru konponbidea”).

Legeak honako bi artikulu biltzen ditu:

  1. 1. artikulua: Foruen baieztapena Nafarroan eta Euskal probintzietan, beti ere, Espainiako monarkiaren batasun konstituzionala arriskuan jarri gabe.
  2. 2. artikulua: Aurreko artikulua kontuan izanik, Gorteek ahalmena izango dute (Euskal probintziei eta Nafarroari entzun ondoren) foruak aztertzeko eta Konstituzioen arabera hauek aldatzeko.

Testuingurua: Lehen Gerra Karlista

Lehen Gerra Karlista (1833-1839) Fernando VII.a hil eta ondorengo oinordetza arazoek sortutako gatazkaren ondorioz hasi zen. Isabel II.aren aldeko liberalek iraultza eta konstituzionalismoa bultzatzen zuten; Karlistek, aldiz, absolutismoa, foralismoa eta Antzinako Erregimenaren pribilegioak defendatzen zituzten.

1839an, Maroto jeneralak Esparterorekin negoziatu zuen eta Bergarako Besarkada sinatu zen, non foruak eta Isabel II.aren tronua onartzen ziren. Lege honek foruen egonkortasunaren alde egin zuen, baina 1841ean Nafarroako foruak aldatu ziren eta euskal probintzietan foruen egonkortasunaren inguruko debateak jarraitu zuten. Karlistadaren ondorioz, foruen gaiak garrantzi handia hartu zuen, eta 1876an, Hirugarren Karlistadaren amaieran, Euskal foruak bertan behera geratu ziren.

6. Euskal Foruen Ezabapena (1876)

Dokumentu juridiko honetan aztergai daukagun gaia Euskal foruen ezabapena da. “Gaceta de Madrid”en argitaratua 1876ko uztailaren 25ean, beraz publikoa. Jatorriz testu historikoa eta gaiari dagokionez politikoa. Gorteek egina, beraz egile kolektiboa, eta helburu publikoa duen testua da.

Legearen Edukia

Testuaren ideia nagusia Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foruen indargabetzea da (Nafarroako foruak Lege Hitzartuaren bidez egokituta zeuden 1841ean). Legeak foru-pribilegio nagusiak ezabatzen ditu:

  • 1. artikulua: Armarik gabe zerbitzatzeko eta estatuko gastuetan laguntzeko beharra jasotzen du.
  • 2. artikulua: Armadako zerbitzuaren betebeharrak zehazten ditu (derrigorrezko soldadutza).
  • 3. artikulua: Zergen salbuespenaren abolizioa eta Euskal probintzietan zergak ordaintzeko betebeharra ezartzen du.
  • 4. artikulua: Gobernuari foraleko erreformak egiteko baimena ematen dio.

Testuingurua eta Ondorioak

XIX. mendean, foru-arauak eztabaidagai bihurtu ziren, eta Karlista eta liberalen arteko borrokek garrantzi handia izan zuten. Hirugarren Karlistaldian (1872-1876), foruen inguruko gatazkek indar handia izan zuten, eta 1876an, porrotaren ondorioz, foruak desagertu egin ziren. Cánovas del Castillok Konstituzio berrian foruen desagertzea onartu zuen.

1876ko legeak foruak ez zituen modu esplizituan indargabetu, baina salbuespenak eta pribilegioak kendu zituen, eta “foruak abolitzeko” legetzat interpretatu zen. Lege horrek derrigorrezko soldadutza, zergak eta Espainiako kodeak ezarri zituen. 1877an Batzar Nagusiak desegin ziren, eta diputazio probintzialak ezarri. Foruen desagertzeak nazionalismoa piztu zuen, baina 1878ko Kontzertu Ekonomikoaren sistema ezarri zen, euskal lurraldeek autonomia ekonomikoa mantendu zutelarik, Estatuko ogasunarentzako ekarpenak eginez. 1876an amaitu zen foruzaletasunaren zikloa.

7. 1876ko Konstituzioa (Berrezarkuntza)

Aurrean daukagun testua juridikoa da, bertan Konstituzioaren hainbat lege azaltzen direlako. Egilea kolektiboa da, Gorteetako diputatu talde batek idatzi zuelako. Hartzailea ere kolektiboa da, espainiar guztiei zuzenduta dagoelako. Testu publikoa da.

Ezaugarri Nagusiak

Testu honek Espainiako 1876ko Konstituzioaren hainbat artikulu aztertzen ditu. Subiranotasuna erdibanatua zen (Erregea eta Gorteak) eta Monarkia gobernu forma izango zen:

  • 11. artikulua: Eliza eta Estatuaren harremana aztertzen da, katolizismoa Estatuaren erlijio ofiziala izanik, baina beste erlijio batzuk onartuta.
  • 13. artikulua: Herritarren eskubideak, hala nola adierazpen askatasuna, aitortzen ditu.
  • Botere Banaketa: Legegilea eta betearazlea erregearen eta Gorteen artean banatuta (18. eta 50. art.).
  • Gorteak: Bi ganbarako Gorteak (19. art.).
  • Sufragioa: Diputatuen hautaketa zehazten da (28. art.), sufragio murriztua ezarri zela.
  • 75. artikulua: Lege berdintasunari buruzko irizpideak ematen ditu.

Testuingurua: Berrezarkuntza

Dokumentua Berrezarkuntzaren hasieran kokatzen da, I. Errepublikaren hondamendiaren ondoren. Cánovas del Castillok Berrezarkuntza prozesua abian jarri zuen, Alfontso XII.a errege izendatuz. Canovasek britainiar eredua hartu nahi zuen, egonkortasuna, prestigioa eta askatasun liberalak bilatuz, militarrak politikatik kanpo uzteko. Konstituzioak malgutasuna zuen, eta eztabaidagarriak ziren gaiak (sufragioa eta erlijioa) gobernuaren esku geratzen ziren.

Garrantzia Historikoa

Espainiako historian denbora gehien indarrean egon zen konstituzioa izan zen (1931ra arte, 47 urte). Helburu gehienak lortu zituen, batez ere lehenengo etapan: bakea, egonkortasuna eta garapen ekonomikoa. Alderdiak era baketsuan txandakatzen ziren agintea lortzeko (Cánovas kontserbadorea eta Sagasta liberala). Hala ere, hauteskundeen manipulazioa eta kazikismoa izan ziren akats nagusiak. Konstituzioak asmo bateratzailea zuen, baina Canovasek Euskal lege bereziak kentzeko asmoa zuen, 1876ko Foruen Legearen bidez gauzatu zena.

Deskargatu

PDF Word HTML