Trantsizioko Testu Historikoen Analisia

Historia18,38 KB

Sailkapena

Aztergai dugun testua Europako Mugimenduaren Kongresuak onartutako testua da, Espainiak Europar Batasunean sartzeko eskaera egin ondoren. Testua zirkunstantziala da, lehen mailakoa eta eduki politikoa dauka (Espainiari Europako Ekonomia Erkidegoan sartu ahal izateko bete beharreko baldintza adierazten zaio testuan: “Espainian erregimen demokratikoa ezartzea ezinbesteko pausoa da Europako Ekonomia Erkidegoan sartzeko”). Testuaren egilea Municheko Kongresura gonbidatutako Espainiako ordezkaritza (erbestean zein Espainian dagoen oposizioa) eta kongresua bera da, egile kolektiboa da, beraz. Nazioarteko iritzi publikoari eta Frankoren erregimenari zuzendutako erabakiak dira. 1962ko ekainaren 7an eta 8an elkartu ziren Munichen. Frankoren erregimen autoritario eta immobilistaren garaian hartutako erabakiak dira, Espainiak EEEan sartzeko eskaera egin zuenean. Nazioarteko onespenean sakondu nahi du erregimenak, eta horretarako garrantzitsua da gisa horretako erakundeetan sartzea.

Analisia

Egitura: Sarrera paragrafoa, bost “baldintza” eta ondorioa.

Sarrera: Kongresuaren arabera, herrialde bat EEEn sartzeko baldintza erakunde demokratikoak izatea da. Espainiako erregimen politikoa diktadura izanik, hurrengo “artikulu”etan ezarritakoa bete beharko luke erakundean onartua izateko.

  • 1. Ordezkaritzako erakunde demokratikoak. Honek esan nahi du herritarrek euren ordezkari politikoek aukeratzeko eskubidea izan behar dutela; nazio subiranotasuna, hauteskunde demokratikoak.
  • 2. Giza eskubideen bermea (adierazpena eta biltzekoa bereziki). Bai baitakigu herritarren askatasunak ez daudela aitortuta, eta zentsura ere indarrean dagoela (aurretiazkoa ez bada, a posteriori).
  • 3. Erkidego naturalen errespetua. Honek esan nahi du Espainiaren barneko lurraldeen berezitasunak, nolakotasunak eta identitateak errespetatu behar direla.
  • 4. Askatasun sindikala eta greba eskubidea. Hau da, langileen grebarako eskubidea (eskaerak egin nahi dituztenean) eta sindikatuen legalizazioa eta funtzionamendu askea (sindikatu “bertikala”k ez ditu langileen lan eskubideak bermatzen).
  • 5. Alderdi politikoak osatzeko askatasuna. Bai baitakigu Francoren erregimenean FET de las JONS dela legezkoa den alderdi politiko bakarra.

Ondorioa: Demokraziaranzko trantsizioa biolentzia erabili gabe eta era baketsuan burutu behar da, eta burutuko den itxaropena adierazten dute testuan.

Testuingurua

Aztergai dugun testua ulertzeko, estatu frankistaren finkapena nola egin zen ezagutu beharko genuke. Francisco Francok modu autoritarioan agindu zuen Espainian gerra zibila irabazi zuenetik 1975ean hil zen arte. Hiru urteko gerraren ostean, Espainia ekonomikoki hondatuta egotetik apurka-apurka garapen ekonomiko nahiko handia izatera pasa zen 60ko hamarkadatik aurrera.

Kanpo politikan, Francoren erregimenak itxuraz nazioarteko gertakizunetara egokitzeko ahalegina egin zuen, beste estatuen errespetua irabazi nahian. Garapen ekonomikoarekin batera, herria askatasun handiagoa eskatzeko mobilizatzen hasi zen. Francoren erregimenaren erantzuna errepresioa gogortzea izan zen. 60ko hamarkadatik aurrera, ekonomiak hazkundea izan bazuen ere, askatasun gabezia zen nagusi politikan. Hala, kontinuismoa eta inmobilismoa izan ziren garaiko egoera politikoaren ezaugarri nagusiak eta diktadurak jarraipena izan zuen.

60ko hamarkadan, ekonomiaren garapenak gizartearen modernizazioa ekarri zuen. Aldaketa hauek ez zetozen bat frankismoaren mantentzearekin, eta honen aurkako oposizioa areagotu egin zen. Oposizio honen barne koka dezakegu Europako Mugimenduaren Kongresuak Munichen hartutako erabakia, aztergai dugun testua, hain zuzen ere: 1962an, Espainiak Europako Ekonomi Elkartean sartzeko eskaera egin berri zuenean, oposizioko ehun bat ordezkarik (kanpokoak zein barnekoak) Munichen bildu ziren sistema antidemokratikoa salatzeko, jarrerak batzeko eta fronte bateratua osatzeko. Testuko ideiak dira bertan adostutako erabakiak.

Testuaren balorazioa

Testuak erakusten duena zentro-eskumaren oposizio esplizitua da (zerbait berria). Pertsona politiko ospetsuen jarrera ezagun bihurtu zen, gainera. Municheko batzarrak erregimenari eskatutakoak eragindakoa:

  • Errepresioa indartu zuen.
  • Erreakzioa Europan: ezetza eskaerari (1964an berriro egin zuen EEEn sartzeko eskaera Francoren erregimenak).

Identifikazioa

Aztergai dugun testu historiko hau Antonio Añoveros Bilboko gotzainak (1971-1978) 1974ko otsailaren 24an idatzitako sermoia da, hain zuzen ere, “El Cristianismo, Mensaje de Salvación para los Pueblos”, Bizkaiko Eliza guztietan irakurri zena. Lehen mailako testua da, gertaeren garaiko protagonistatako batek idatzitakoa delako. Formaren arabera, berriz, testua hau sermoi bat da, hau da, meza katolikoetako liturgiaren zatietako bat da (sermoia fededunei zuzendutako hitzaldi bat da eta bere helburua kristauak doktrinatzea da eta berauen jokabidea kristautasunean bideratzea). Beraz, testua zirkunstantziala da.

Edukiari dagokionez, testuak gai politikoa jorratzen du. Sermoi honen bitartez, Añoveros gotzainak euskal identitatearen kontrako jazarpen frankista salatu nahi du eta euskal herriak bere hizkuntza eta nortasuna babesteko eta garatzeko duen eskubidea aldarrikatzen du. Bizkaiko elizbarrutiko fededun guztiei zuzendutako mezua litzateke, publikoa beraz. Testua Francoren erregimenaren gainbeheraren adierazgarri garbia da eta, bere garaian, izugarrizko krizia sortu zuen Arias Navarroren gobernu frankista eta garai hartan Espainiako elizaren buru zen Vicente Enrique y Tarancón-en artean.

Barne azterketa

Testuaren egitura: 6 paragrafo (4 ideia 6 paragrafotan antolatuta).

  • 1. “Euskal gatazka” nozioaren azalpena eta identifikazioa (1. eta 2. paragrafoak). Testuaren lehen paragrafoan agertzen da sermoiaren ideia nagusia galdera erretoriko baten bidez, “Zertan datza [euskal gatazkaren] arazoa?”. Añoverosen ustez arazo honen aurrean, gizartea bi jarrera ezberdinetan banatuta dago.
  • 2. Euskal Herriak aparteko nortasuna ematen dioten ezaugarri bereziak ditu eta nortasun hori mantentzeko eskubidea (3. eta 4. paragrafoak). Bi jarrera horien artean, Añoveros garbi agertzen da lehenengoen alde. “Euskal Herriak berezko ezaugarri kulturalak eta izpiritualak ditu”, bere ustez, eta hauen artean nabarmentzekoa da milaka urte dituen hizkuntza, euskara.
  • 3. Berezko nortasuna izateko eskubidea oztopatuta dago (5. paragrafoa).
  • 4. Elizak egoera aldatzen lagun dezan eskaera mahaigaineratzen du (6. paragrafoa).

Testuingurua

Gerra irabazi zuenetik hil arte (1939-1975) Francok diktadura ezarri zuen Espainian. Modu diktatorialean agindu zuen aginte guztiak bere esku izan zituela. Euskal elizaren hierarkiak, Francok berak aukeratutako hierarkiak hain zuzen ere, diktadurak sorturiko egoerari bizkarra emanda bizi zen, baina oinarrizko fededunek, abertzaletasunaren aldeko ideologiak bultzatura, erregimenaren kontrako euskal oposizioa babestu zuen.

Protestak antolatzeko eta gizartea mobilizatzeko eragile nagusiak buruzagi sindikalak eta 1960an Ekintza Katolikoko langile taldeetatik sorturiko politikariak ziren. Vatikano II. Kontzilioaz (1962-1965) geroztik, euskal eliza politizatu egin zen, eta, horrela, bera ere protagonista izan zen erregimenaren kontrako protestaldietan. Klero gaztea eta katoliko hierarkiaren aurka jarri ziren eta diktaduraren aurka parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuten. “Apezpiku gorrien” eta “abade komunisten” aurkako salaketak agertzen hasi ziren.

1968an, poliziak erregimenaren kontrako oposizioan elizgizonak zeuden eta parrokietako egoitzak bileretarako erabiltzen zirela jakinda, apaizak kartzela arruntetan egon ez zitezen, gobernuak erabaki berezia hartu zuen Zamoran abadeentzako “konkordatu-espetxe” berezia ireki zuenean. Bertatik, zortzi urteko aldian, ehun abade inguru igaro ziren, gehienak euskaldunak, ETAri laguntzea leporatuta. 1974ko urtarrilean, Francok Arias Navarro izendatu zuen gobernuburua. Eta hurrengo hilean, otsailean, Añoverosen sermoia kokatu behugu, bertan euskal herriak bere izaera eta identitatea mantentzeko eskubidea zuela aldarrikatu zuen. Euskararen jazarpena salatu zuen eta euskal kulturaren aldeko idazkia prestatu zuen.

Balorazioa

Testu hau oso baliagarria da garai honetan bizi zen giroa nolakoa zen ikusteko. Bestalde, garbi erakusten du eliza katolikoak frankismoan zehar izan zuen bilakaera nolakoa izan zen, hau da, hasera batean frankismoaren oinarri sozial garrantzitsuenetako bat izatetik erregimenaren elementu kritiko izatera pasa zela.

Konstituzioa

Aztergai dugun testua 1978ko Konstituzioari dagokiona da. Lehen mailako informazioa dugu esku artean, egoera zuzen-zuzenean bizi izandakoek idatzitako dokumentu historikoa. Izaera juridikoa du, konstituzio batetik ateratako hainbat artikulu delako. Konstituzioa herri bateko lege funtsezkoa eta gorena da, estatuko beste lege guztien sorburua dena. Gai nagusia politikoa da. Ez dago egile bakarra, kolektiboa baizik. 1977ko abuztuan, Kongresuan ordezkaritza nagusia zuten alderdien zazpi ordezkarik osaturiko batzordea izan zen konstituzioaren egilea. Aurreko gorteak frankistak izanda, aldaketarako jarrera nabarmenik ez zeukaten.

Publikoa da, nazio esparruko testua, beraz espainiar guztiei dago zuzenduta eta helburua estatu berrirako marko juridiko-politiko berria ezartzea da. Garaia: Francoren diktadura desagertu ondoren, Suárezen bigarren agintaldian idatzi zen, 1977ko hauteskunde orokorren ostean. 1978ko urriaren 31n, testua onetsi zen gorteetan; abenduaren 6an, herritarrek erreferendumean, eta abenduaren 27an, Juan Carlos I.a erregeak sinatu zuen Madrilen; abenduaren 29an BOEn argitaratu zen legedi hau.

Analisia

Juan Carlos I.ak konstituzioaren aurkezpena egiten du herritarren aurrean. Aurretik gorte konstituziogileak onartu du (1977-06-15) eta espainiar herritarrek (1977-12-06) erreferendumean berretsi. Jarraian, hainbat artikulu agertzen dira, eta hauxe litzateke edukiari jarraituz, egin genezakeen sailkapena:

  • 1. artikuluan: estatuaren definizioa dugu, zuzenbideko estatu sozial eta demokratiko gisa agertzen da Espainia.
  • 2. artikuluan: lurralde antolaketari dagokionez, Espainiako nazioaren batasuna ezin dela hautsi esaten du, espainiar guztien aberria banaezina dela, baina era berean, Espainia osatzen duten nazionalitate eta erregioei autonomi eskualdeak osatzeko eskubidea aitortzen zaie, eta estatuak haien arteko elkartasuna bermatzeko lana egingo duela dio.
  • 143. artikuluan: goian agerturiko autonomi lurraldeak osatzeko eskubidea gehiago zehazten da.
  • 66., 98., eta 117. artikuluetan: demokraziaren oinarrian dagoen kontzeptua agertzen da: botere banaketa.

Konstituzio honetan, artikuluez aparte, xedapen desberdinak ere agertzen dira. Testu honetan bi adibide ditugu.

Testuingurua

Trantsizioa 1975ean Francoren heriotzarekin hasi eta 1982an PSOEk boterea eskuratu arteko aldaketa progresibo eta sakona da. Diktadura sistema barrutik, erregeak eta erregimeneko goi-mailako hainbat pertsonak bultzatuta. Franco hil ondoren erregeak tronua eskuratu zuen eta Arias Navarroren lehendakaritzapean monarkiako lehen gobernua osatu zuen. Bere dimisioan Adolfo Suárezel, falangista ohiak, erreforma politikorako legea aurkeztu zien gorte frankistei. Horren arabera gorte frankisten autodisoluzioa emango zen, alderdi politikoak legalizatuko ziren, gorte berriak osatzeko hauteskundeak egingo ziren.

Hautatutako kideen artean osatuko zen erreforma politikoa egiteko esparru legala (konstituzioa). 1977ko ekainean 21 urtetik gorako gizon eta emakume guztiek izan zuten botoa emateko aukera. Suárezen UCD zentro-eskumako alderdiak irabazi zuen; Felipe Gonzálezen PSOE, oposizioko buru; Alianza Popular (geroko PP) eta alderdi komunistak boto gutxi lortu zituzten. Talde nazionalisten emaitza aipagarria izan zen.

Gorte berriko kideek talde politiko nagusietako ordezkariekin konstituzio aurreproiektua idazteko batzorde bat osatu zen, eta idatzi zen konstituzioa da aztergai dugun testua, hain zuzen ere. EAJ-PNV batzorde horretatik kanpo geratu zen. 1978ko konstituzioa gorteetan zeuden talde ezberdinen arteko adostasunaren emaitza da, erreferendum bidez onartua 1978ko abenduaren 6an, nahiz eta Euskal Herrian abstentzioa nagusitu.

Balorazioa

1812tik Espainiako zazpigarren konstituzioa da. Prozesuaren oinarria 1976ko erreforma politikorako legea izan zen. Lege honek, lege frankistak baliogabetzeko eskubidea zabaltzeaz gain, gorteen osaketa eraberritzeko aukera agertu zuen. 1931ko konstituzioan (II. Errepublika) eta Bigarren Mundu Gerra osteko europar konstituziotan dago oinarrituta; zurruna da, prozedura zehatza baitu bere edukia erreformatzeko. Konstituzioa nahiko anbiguoa da eta bere garaian gauza asko utzi ziren beranduago aztertzeko, hori dela eta, gero eta ahots gehiago aditzen dira konstituzioaren erreformaren beharraz.

Aipatu behar da ere, autonomi erkidegoei oraindik ez zaizkiela transferitu konstituzioan agertzen diren eskumen guztiak. Espainiako historian, lehen aldiz, konstituzioa ez zen alderdi bakar baten inposizioa, alderdi garrantzitsuenen arteko adostasunaren emaitza baizik. Alderdi politikoek zuhurtasun eta eskuzabaltasunez jokatu zuten hainbat arlotan amore emanez.

Autonomia Estatutua

Aurrean dugun testuak Euskal Herriko autonomia estatutuaren artikulu batzuk jasotzen ditu. Testu juridikoa da, lege organikoa baita, eta eduki politikoa du; lehen mailakoa. Legea denez, publikoa da eta Euskal Herria autonomia erkidego gisa eratu dela jakinaraztea du helburu. Garaia: 1977ko hauteskundeen ondoren. Gernikan adostu zuten aurreproiektua 1978ko abenduaren 29an Euskal Parlamentarien Biltzarrean (= egilea: alderdi guztietako ordezkariek osatutako batzarra, HBkoek ezik); hauek 1936ko Gernikako estatutuan oinarritu ziren gero Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egindako erreferendumean onartu zen.

Espainiako Kongresu eta Senatuak onartu ondoren BOEn eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen. 1979ko abenduaren 18an, gobernuburuak, Adolfo Suárez gobernuburuak, sinatu zuen Madrilgo Erret Jauregian. Trantsizio garaian, 1978ko konstituzioa argitaratu ondoren eta honen 151. artikuluaren babespean. Helburua: euskal lurralde historikoetan marko politiko-juridiko berria ezartzea.

Analisia

Ikuspuntu formaletik aztertuta, testu honetan sarrera bat aurkitzen dugu, sei artikulu eta xedapen gehigarri bat.

  • Sarreran: estatsburua den Juan Carlos I. erregeak jakinarazten du Espainiako gorteek lege organiko hau onartu dutela, eta berak berretsi duela.
  • 1. artikuluan: Euskal Herria autonomia erkidego gisa eratu dela dio, espainiar estatuaren barruan; hartzen duen izena Euskal Herria edo Euskadi dela, eta hau onartu berria den konstituziotik datorkiola.
  • 2. artikuluan: autonomia erkidegoaren lurraldea mugatzen da: Arabak, Gipuzkoak, Bizkaiak eta Nafarroak kide izateko eskubidea dute; hau da, foruak gorde zituzten lurralde historikoak. Nafarroa ez zen sartu, baina integratzeko aukera irekita mantentzen da.
  • 3. artikuluan: lurralde bakoitzaren autogobernurako erakunde foralak onartzen dira. Mantentzen dira Arabaren kasuan, eta berrezarri Gipuzkoan eta Bizkaian. Hemen gogoratu behar dugu Francok azkeneko biek “probintzia traidoreak” izendatzearen ondorioz, erakunde foralak galdu zituztela; aldiz, Arabak mantendu zituela matxinatuen alde egoteagatik.
  • 6. artikuluan: gaztelaniarekin batera, euskara dela hizkuntza ofiziala eta hemengo biztanleek biak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea dutela dio; artikulu honetan instituzionalizatu egiten da euskal hizkuntzaren erabilera.

Testuingurua

Trantsizioa 1975ean Francoren heriotzarekin hasi eta 1982an PSOEk boterea eskuratu arteko aldaketa progresibo eta sakona da. Diktadura sistema barrutik bultzatuta, erregeak eta erregimeneko goi-mailako hainbat pertsonak bultzatuta. Franco hil ondoren erregeak tronua eskuratu zuen eta Arias Navarroren lehendakaritzapean monarkiako lehen gobernua osatu zuen. Bere dimisioan Adolfo Suárezek, falangista ohiak, erreforma politikorako legea aurkeztu zien gorte frankistei. Horren arabera gorte frankisten autodisoluzioa emango zen, alderdi politikoak legalizatuko ziren, gorte berriak osatzeko hauteskundeak egingo ziren. Hautatutako kideen artean osatuko zen erreforma politikoa egiteko esparru legala (konstituzioa).

Konstituzio horren mugetara egokituta, aztergai dugun autonomia estatutua idatzi zuten. Konstituzioko 2. artikuluak dioen bezala, Espainiako nazioaren batasuna zatiezina da baina konstituzioak autonomia eskubidea onartu eta bermatzen die Espainia osatzen duten nazionalitate eta eskualdeei. Euskal alkateek 1976an lurraldetasun eta autonomiaren aldeko mugimendu bat burutu zuten, 1977ko hauteskundeetan aukeratutako euskal parlamentarioek asanblada bat antolatu zuten estatutu aurreproiektu bat egiteko.

1978ko konstituzioa onartu zenean, Euskal Herriko eskubide historikoen onarpena ahalik eta autonomia zabalena lortzeko negoziatzen hasi ziren. 1978an Eusko Kontseilu Nagusia, autonomia aurreko gobernu gisa —hasieran Ramon Rubial, gero Carlos Garaikoetxea lehendakari—, espainiar estatuarekin eskumenen transferentziak kudeatu eta estatutu proiektua egiteko euskal parlamentarioen asanblada biltzen du. Herri Batasunako alderdiko ordezkariek ez dute parte hartzen. Madrilgo gobernua (UCD) proiektuaren kontra agertu zen. Suárez eta Garaikoetxearen arteko elkarrizketa sekretuei esker akordio batera heldu ziren 1978ko konstituzioaren esanetara egokituz.

Balorazioa

Gernikako estatutua euskal eskaera batzuetan aurrerapauso garrantzitsua izan zen, baina funtsean, gerran indarrean egon zen estatutuaren antzekoa zen. Horrela, egitasmoan ageri zen euskal errealitate nazionala nazionalitate bihurtu zen espainiar estatuaren barruan autonomia erkidego gisa ezarrita. Eztabaida sortutako gai nagusiak jasota geratu ziren: Nafarroa EAEn sartu ahal izatea, ordena publikoaren eta irakaskuntzaren gaineko eskumenak edo ogasun autonomoa, kontzertu ekonomikoaren bidez arautua.

Deskargatu

PDF Word HTML