Sozializazioa, Gizarte Identitatea eta Kultura Taldeak

Psikologia eta soziologia2,27 KB

Sozializazioa: Zer da eta Nola Gertatzen da?

Gizabanako bakoitzak bere gizarteko kultura bereganatzen du, norberaren identitatea garatzen du, eta pertsona egiten da. Bizitza osoan zehar sozializatzen gara. Prozesu honek etapa nagusiak ditu, hala nola lehen eta bigarren mailako sozializazioa.

Lehen Mailako Sozializazioa

Gizabanakoa gizartean sartzea du helburu, eta haurtzaroan gertatzen da, nagusiki familiaren baitan. Gaur egungo gizarte industrialetan, telebistak eta lehen hezkuntzak ere eragin nabarmena dute etapa horretan. Rolak eta arauak barneratuz joaten da, orokortze-prozesuaren bidez. Alderdi emozionalak ere berebiziko eragina du.

Bigarren Mailako Sozializazioa

Mundu instituzionalak barneratzen dira etapa honetan. Gizabanakoak zein gizarte-esparrutan sartu nahi duen erabaki ahal izango du, eta esparru horietako arauak bereganatuko ditu. Etapa horretan, gizarte-elkarreraginak ez du hainbesterainoko garrantzia afektibitatearen aldetik.

Birsozializazioa

Bi eduki mota barneratzen ditu: sozializatu den gizarteaz bestelako gizarte bateko kultura-edukiak, edo norberaren gizartean bertan erabateko aldaketaren bat gertatzearen ondoriozkoak. Birsozializazio-prozesuetan, ordura arteko ikuspegiak bertan behera uzten dira eta, bestetik, bestelako identifikazio bat sortzen da.

Gizarte Identitatea

Ez daude bi gizaki berdinak. Gizarte-identitatea eratzean, gizarteko balio orokorrak geureganatzen ditugu, bai geuk, bai gizarteko gainerako kideek. Sozializazio-prozesuak identitate jakin bat ematen digu.

Azpikultura eta Kontrakultura

Kultura bakoitzean hainbat azpikultura izaten dira, kide guztiek ez baitute berdin pentsatzen edo bizitzen. Kultura berean era askotako kideak daude, hainbat alderdi direla tarteko: adina, maila sozioekonomikoa, gizarte-klasea, jatorri etnikoa...

Kultura nagusiaren kontrako mugimenduei kontrakultura esaten zaie, eta kultura eta gizarte alternatiboren bat proposatzen dute. Adibidez:

  • Hiri-tribuak: rockerrak, punkak...
  • Gizarteari erasotzen dioten taldeak: anarkistak...
  • Gizarte-talde alternatiboak: Amish (sekta bat)...

Deskargatu

PDF Word HTML