Sozialismoaren Hastapenak eta Garapena Euskal Herrian
1879an, langile mugimenduaren korronte marxista antolatu zen Madrilen, Pablo Iglesias eta Jaime Vera tartean zirela. Talde hau Marx eta Engelsen doktrinaren jarraitzailea zen, eta urte horretan Espainiako Langile Alderdi Sozialista Demokratikoa sortu zen, gerora Espainiako Langile Alderdi Sozialista (PSOE) izango zena. 1887an elkarteen legea eman zenean, 1888an Langileen Batasun Orokorra (UGT) sindikatua sortu zen, Alderdi Sozialistan oinarrituta; Madrilgo eta Hego Euskal Herriko langileen artean harrera oso ona izan zuen. 1925era arte, alderdiko eta sindikatuko burua Pablo Iglesias izan zen. El Socialista izan zen alderdiaren egunkaria. Burgesiarekin negoziatzen hasi zen, langileen bizi-baldintzak hobetzeko asmoz.
Sozialismoaren Oinarrizko Ideiak
Sozialisten programaren oinarrizko ideiak honako hauek ziren:
- Langileen erabateko emantzipazioa —klase honek botere politikoa eskuratzeko aukera izan zezan—.
- Anarkisten indarkeria baztertzea langileen askatasuna lortzeko bide gisa.
- Gerren eta hedapen kolonialaren aurkako jarrera.
- Iraultzaren bidez klase proletarioak boterea eskuratzea.
PSOEren Estrategia eta Garapena
PSOEren ustez, beharrezkoa zen modu baketsuan eta legearen barruan antolatzea, joko politikoan eta hauteskundeetan parte hartuz langile-klasearen aurrean propaganda egiteko eta, une egokia iristean, iraultzaren bitartez boterea eskuratzea. Sozialismoa langile kualifikatuen eta hirietako langileen artean finkatu zen. Halaber, UGT sindikatua burgesiarekin negoziatzen hasi zen, langileen bizi-baldintzak hobetzea lortzeko.
Hirugarren Internazionala eta PCEren Sorrera
PSOE alderdiak Hirugarren Internazionalarekin (marxista-leninista) bat ez egitea erabaki zuen, eta horregatik, hogeiko hamarkadaren hasieran, burukide eta militante sozialista garrantzitsu batzuek alderdia utzi zuten; Espainiako Alderdi Komunista (PCE) sortu zuten.
Sozialismoa Euskal Herrian
Euskal Herrian, Bizkaiko langileen nahiak sozialismoaren bitartez bideratu ziren. Buruzagien artean Fernando Perezagua eta, 1914tik aurrera, Indalecio Prieto nabarmendu ziren. Sozialisten ekintzarik garrantzitsuenen artean, 1890etik 1910era bitartean meatzariek egindako geldialdiak (grebak) azpimarratu behar dira. Primo de Riveraren diktaduraren garaian, UGT sindikatuak Euskal Herriko eta Espainiako sindikalismoa monopolizatu zuen (sindikatu nagusia izan zen).