Pentsamendu kritikoa: askatasunerako tresna ezinbestekoa

Filosofia eta etika2,64 KB

Postmodernitatean, egia tradizional eta absolutuak baztertzen dira, eta perspektiben aniztasuna baloratzen da. Hori horrela izanik, pentsamendu kritikoaren balioa funtsezkoa da gaur egungo gizartean, non informazioaren itsaso zabal batean murgilduta gauden. Hannah Arendten pentsamendua oinarri hartuta, pentsamendu kritikoaren beharrezkotasuna defendatuko dut.

Sare sozialak eta informazioaren krisia

Gaur egungo munduan, sare sozialek eta komunikabideek sekulako eragina dute gure iritzietan eta erabakietan. Horrek galdera garrantzitsuak planteatzen dizkigu:

  • Benetan nahi duguna egiten dugu edo eraginda gaude?
  • Saltzen den egia egiazkoa al da?

Pentsamendu kritikorik gabe, jende askok aurrez emandako informazioa besterik gabe irensten du, eta hori arriskutsua izan daiteke desinformazioaren zabalkundea kontuan hartuz.

Filosofiaren ekarpena: Arendt, Nietzsche eta Kant

Hannah Arendtek totalitarismoaren analisi sakona egin zuen, eta pentsamendu kritikorik gabeko jendartea manipulazioaren biktima bihur daitekeela erakutsi zuen. Nietzschek ere tradizioaren eta dogmaren aurka egin zuen, gizakia bere kabuz pentsatzera bultzatuz. Kant-ek “Sapere aude” (ausartu zaitez jakitera) aldarrikatu zuen, bakoitzak autonomiaz pentsatzeko duen ardura azpimarratuz. Pentsamendu kritikoaren bidez, fake news-ak identifikatu eta gure erabakiak informazio fidagarrian oinarrituta har ditzakegu.

Pentsamendu kritikoaren aurkako jarrerak

Hala ere, badira pentsamendu kritikoaren aurka dauden posizioak ere. San Agustinek fedearen garrantzia nabarmendu zuen, eta Kantek ere azpimarratu zuen kasu batzuetan adituen autoritatea onartzea beharrezkoa dela. Bestalde, jende askok zalantzarik gabe onartzen du bere iritzia indartzen duen informazioa, eta horrek egiaren jabe izatearen ilusioa sortzen du. Gauzak zalantzan ez jartzeak lasaitasuna ematen dio askori, baina, aldi berean, manipulazioaren aurrean babesgabe uzten ditu.

Ondorioa: askatasunerako bidea

Ondorioz, pentsamendu kritikoa ezinbestekoa da desinformazioari aurre egiteko eta benetako autonomiaz erabakitzeko. Gaur egun, egia eta gezurra balio berean aurkezten zaizkigu, eta gure ardura da informazioa arrazionalki aztertzea. Arendten pentsamenduek erakusten digute pentsamendu kritikoa ez dela luxu bat, baizik eta beharrezko tresna bat manipulazioari aurre egiteko eta benetako askatasuna lortzeko.

Azkenik, nire ustez, bakoitzak pentsamendu ezberdin bat eduki behar dugu; bestela, gizakion pentsamendu guztiak berdinak badira, denok egongo gara norbaiten menpe eta robotak bezalakoak izango ginateke.

Deskargatu

PDF Word HTML