Pentsamendu Kritikoa Aro Digitalean: Zergatik den Ezinbestekoa

Filosofia eta etika2,83 KB

Gaur egun, informazioaren ugaritasunak eta desinformazioaren hedapenak erronka handiak sortzen dituzte. Sare sozialek eta hedabideek gure ikuspegia moldatzen dute, eta horrek zalantzan jartzen du benetan modu independentean pentsatzeko eta erabakiak hartzeko gai ote garen. Filosofiaren historian, pentsamendu kritikoa egia bilatzeko funtsezko tresna izan da, baina gaur egun, informazio azkarra eta eskuragarria nagusitzen ari denez, bere garrantzia galtzen ari da. Disertazio honetan, pentsamendu kritikoa ezinbestekoa dela argudiatuko dut, informazio fidagarria bereizteko, manipulazioetatik babesteko eta norberak bere iritzia eraikitzeko tresna nagusia delako. Pentsamendu kritikoa lantzen ez bada, errazagoa da manipulazioetan erortzea eta erabaki desegokiak hartzea.

Aldeko Argudioak

Pentsamendu kritikoa betidanik izan da jakintzaren eta askatasun intelektualaren zutabe nagusietako bat. Filosofian, hainbat pentsalarik, hala nola Kant, Arendt edo Nietzschek, garrantzi handia eman diote zalantzan jartzeari eta gogoeta autonomoari. Kantek "sapere aude" aldarrikatzen zuen, hau da, ausardia izan behar dugula gure pentsamendua erabiltzeko eta gauzak zalantzan jartzeko. Pertsona bakoitzak bere iritziak bereizi behar ditu, bere baloreekin bat datozenak aukeratu eta desinformazioaren eta fake news-en aurrean babesteko. Garrantzitsua da inguruko informazioa egia ala gezurra den bereiztea eta erabaki propioak hartzea.

Aurkako Argudioak

Hala ere, pentsamendu kritikoa ez da beti positibotzat hartu. San Agustinek eta neurri batean Kantek ere azpimarratu zuten pentsamendu kritikoa adituen esku utzi beharko litzatekeela, herritar guztiek ez baitute beti jakintza nahikorik egia absolutua bilatzeko edo ulertzeko. Gainera, askok nahiago dute pentsamendu kritikorik gabe bizitzea, egia zalantzan jartzeak ziurgabetasuna eta estresa sor diezaiekeelako. Koldarkeria dirudien arren, batzuentzat bizitza lasaiagoa eta seguruagoa da horrela; izan ere, iritzi desberdina edukitzeak beldurra sor dezake, besteen epaiaren edo gutxiespenaren beldur direlako.

Ondorioa

Gaur egungo gizartean, pentsamendu kritikoak funtsezko zeregina du, informazioaren kaosean galtzea saihesteko eta iritzi propioak eraikitzeko. Fake news-ek eta sare sozialetan ematen den manipulazioak gure ikuspegia baldintzatzen dute, eta horregatik, ezinbestekoa da informazioa zalantzan jartzea, alderatzea eta iturri fidagarriak bilatzea. Hala ere, egia absolutua aurkitzea ia ezinezkoa izan daiteke, eta batzuek nahiago dute pentsamendu kritikorik gabe bizitzea, horrek dakarren ziurgabetasuna saihesteko. Hala eta guztiz ere, gizarte demokratiko eta bidezkoago bat lortzeko, pentsamendu kritikoa sustatzea beharrezkoa da, gure erabakiak informatuak eta autonomoak izan daitezen.

Deskargatu

PDF Word HTML