01 Pentsamendu filosofikoaren sorrera. Sokrates aurreko filosofia
01.1 Pentsamendu filosofikoaren sorrera
Filosofia giza pentsamendua mitotik arrazoizko pentsamendura igarotzean sortu zen.
Prozesu hori une eta toki zehatz batean gertatu zen: K.a. VI. mendean, Antzinako Greziako Joniako lurraldean.
Filosofia hitza, beraz, grezieratik datorkigu. Hitz konposatua da: filia (maitasuna, erakarpena) eta sofia (jakinduria). Hortaz, jakinduriarekiko zaletasuna esan nahi du.
Gizakiaren adimenak gauzen oinarriak bilatzea eta aztertzea eskatzen du, hau da, gauzak nola sortu diren eta zergatik, nolakoak diren, zein den haien helburua eta abar.
Kontzientzia mitikoa, gizakiari problematiko zaizkion galdera horiei (jaiotza, heriotza, urtaroen joan-etorria, trumoiak eta tximistak, lurrikarak, sumendiak...) ematen dien erantzun multzoaz eraturik dago.
Erantzun horiek, ordea, irudimenezkoak dira funtsean; natura-elementuak pertsonifikatu eta kontzientziaz janzten ditu.
Jakintza mitikoan, bi alderdi bereizi behar dira:
Alde batetik, mitoa unibertsoaren azalpen gisa agertzen da. Unibertsoaren azalpen teorikoa ematen zuen aldetik, luze iraun zezakeen, alderdi hori egiaztatzea ezinezkoa baitzen.
Bestetik, mitoak magiaren, orakuluaren eta abarren itxura hartuz, arazo praktikoak argitu nahi zituen, baina ez zuenez erantzun baliodunik ematen, gizakia beste aterabide mota baten bila abiatu beharrean aurkitu zen.
Grezian, gauza, gertakari eta fenomenoen funtsa (muina) aztertzera jo zuten. Arrazoizko jarrera hori zergatiak bilatzen hasi zen, azalpen mitikora jo gabe. Orduan sortu zen filosofia.
Erlijio Olinpikoaren Krisia
Olinpoko jainkoek sinesgarritasun osoa galdu zuten herriaren aurrean, zalantzari eta arazoen birplanteamenduari ateak ireki zizkien, eta, ondorioz, filosofia sortu zen.
Horregatik, naturak gordetzen zuen enigma argitu eta ulertu beharra zeukaten.
Naturaren menpe zeudelako, natura ezagutzen saiatzea zen, berarekin harreman egokia ezartzeko eta hark jarritako eragozpenak gainditzeko.
Egoera Soziopolitikoa
Antzinako Grezian, monarkia hierarkikoak zuen boterea, sistema mitiko baten gainean eraikia.
K.a. VI. mendean, Jonian batez ere, merkataritzan oinarritutako polis indartsuak sortu ziren.
Polis horietan gizatalde berri bat sartu zen, merkatariena: gizarte aristokrata desagerrarazi eta gizarte esklabista, klasista eta demokratiko bat sortu zuten.