Orixe eta Lauaxeta: Euskal Literaturako Bi Idazle Handi
Orixe: Euskal Idazle Oparoa
Nikolas Ormaetxea "Orixe" Gipuzkoako Orexan jaio zen. Jesuita ikasketak egiten igaro zuen denbora zenbait kolegiotan. Ikasketa guztiak amaitu arren, ordena barruan izan zituen arazo batzuengatik, ez zen apaiztu. Bilbon aritu zen lanean, sortu berria zen Euskaltzaindian eta Euzkadi egunkarian.
Espainiako Gerra hasi zenean, atxilotu eta Iruñean eduki zuten preso hilabete batzuetan; gero Iparraldera ihes egin zuen. Ameriketan zehar ibili ondoren, 1961ean Donostian hil zen. Bizitza guztian ia etengabe idatzi zuen Orixek:
- Prosa: Santa Cruz apaiza eta Jainkoen billa.
- Poesia: Barne-muinetan liburutxo mistikoa eta Euskaldunak poema epiko erraldoia.
Pertsona eta idazle eztabaidatua izan da Orixe euskaldunen artean. Askok euskarak eman duen idazle bikainena iritzi zioten; hurrengo hamarkadan, ordea, ia zeharo baztertu eta ahaztua egon zen. Lauaxeta bezala, gizon jantzia zen Orixe letra kontuetan, nahiz eta gustu eta joera aski kontrajarriak izan sarritan.
Lauaxeta: Kazetari eta Olerkari
Lauaxeta Laukizen (Bizkaian) jaio zen. Bilbora jo zuen Orixerekin batera Euzkadi egunkariko euskal orrian lan egitera. Asko nabarmendu zen Errepublika aldian kazetari eta hizlari legez. Gerra etorri zenean, komisario politiko izendatu zuten eta kargu horretan aritu zen Bizkaiko frontean. Horretantxe ziharduela atxilotu zuten Gernikan, Gasteizera eraman eta han fusilatu zuten.
Lauaxeta olerkigintzari esker egin zen ezagun. Bi poema bilduma nagusi ditu:
- Bide barrijak: Europako joera berriak (Verlaine, Baudelaire, Mallarmé) etxeratzen saiatu zen.
- Arrats beran: Iturri herritarragoetatik edaten du eta memento hartako kezka eta amets politikoak kanporatzen ditu, Aitzolek markaturiko ildotik.