Nietzsche: Bizitzaren Filosofia
Bitalismoa
Nietzschek badu susmo argi bat: Mendebaldeko kultura galbidea eta okerbidea izan da azken bi mila urtez geroztik. Mendebaldean eta bereziki Europan, etsipena, ahultasuna, onginahia... moduko balio moralak goresten dira bizitzaren kalterako. Nietzscheren ustez, bizitza eta mundua bere horretan onartzeko ezintasunak, mendebaldeko zibilizazioa mundu metafisikoak irudikatzera eraman duela eta haraindiko bizitzaren asmakizun horrek, bizitzatik bertatik urrundu du. Pentsalariaren ustez, Europaren norabide horren sorburua Greziako ilustrazioaren garaian gertatu zen, Sokrates eta Platonen garaian, hain zuzen ere. Aurretik, filosofiaren aro tragikoa deritzon garaian, bizitzaren pultsioaren araberako balioak goretsi ziren, baina Platonen dualismoak Europaren hondamendiaren hasiera ekarri zuen. Platonen ildotik, Kristautasunak sortutako transzendentziak gizakia makurrarazi zuen. Nietzschek Jainkoa ukatu eta gizakiak bere baitan bizitzaren helburua bilatu behar duela aldarrikatzen du. Jainkoari aitortzen zaizkion indarrak, berez, gizakiarenak dira.
Horregatik, Nietzschek gizakia mundu jainkotiarretik askatzea nahi du. Halere, ez du gizakiaren transzendentziarako joera ukatzen; alderantziz, gizakiak badu bere burua hobetzeko nahia, baina ez du hobekuntza kanpoan bilatu behar.
Halaber, Nietzschek hizkuntzaren iruzurra edo tranpa salatu zuen. Bere esanetan, mendebaldean hitzari esentzia dagokion ideia nagusitu zen, kontzeptuari berezko izate edo substantzia egokituko balitzaio bezala. Pentsalariarentzat, hizkuntza jolas bat dela ahaztu dugu. Horregatik, bizitza harrapatzen saiatzen diren filosofia eta zientziaren aurrean, berak artea, musika, dantza... aldarrikatu zituen.
Mendebaldeko kulturaren kritikaren irtenbide gisa, Nietzschek bitalismoa proposatzen du: funtsezko errealitatea den bizitza, irrika, grina eta afektuen arabera bizitzeko aldarrikapena.
Nihilismoa
“Jainkoa hil egin da, hil egin dugu” esan zuen Zaratustrak. Nietzscheren arabera, Jainkoaren heriotza gertaeraren ondorioa da nihilismoa. Une horretara arte indarrean egon diren balioak, gizakiari babesa eta bizitzari zentzua eman diotenak, bertan behera gelditu dira. Transzendentzia gainbeheran dago, eta porrot horren arrazoiak gizakiaren baitan daude: bizitzaren eta gorputzaren nahiei uko egin izanak irtenbiderik gabeko egoera batera garamatza. Jainkoaren heriotzak, historiak zentzurik ez izateak... hutsune erraldoia uzten du agerian. Gizakiak munduan duen funtzioa galdu du, eta horrek nihilismoari bidea zabaltzen dio. Nihilismoa “nihil” hitzetik dator: ezereza. Gizakiak ez du zertan sinetsi, balio sistema tradizionala erauzi egin da. Egoera honen aurrean, Nietzschek gizartea modu ezberdinetan jokatuko duela aurreikusten du. Lehen fase batean, gizakiek etsipenera joko dute. Nihilismoan pasibotasunez kokatuko dira. Ahaleginak egingo dituzte aurreko tradizioari eusteko, baina alferrikako saiakera izango da.
Hurrengo urrats batean, ordea, aurreko balioen hondamendiaz jabetu eta bere buruaren kontra egingo dute, beren burua suntsitu nahirik. Balioen transmutazioa edo eraldaketari helduko diote orduan. Transformazio horren ostean, moral berria asmatuko da, balio-eskala jakinik gabe, askatasunean eta botere-nahimenean oinarrituta.
Nietzschek genealogiaren metodoa erabiliz balio moralen sorrera psikologikoa aztertu zuen, eta bi moralen aurkikuntza egin zuen: morroien morala eta jaunen morala. Pentsalariak “ongia” eta “gaizkia” kontzeptuen sorrera ikertu zuen, eta jaunen moralean ona bizitzarekiko maitasunean oinarrituta zegoela ebatzi zuen: menperatzailea, indartsua, kementsua. Gaiztoa, aldiz, arrunta, umila, menpekoa zen, bizitzaren balioen kontrakoa.
Supergizakia
Nietzscheren aburuz, erlijioa beldurretik sortzen da. Erlijioak ez du inoiz egia esan, eta munduaz haraindiko izaki transzendenteak aldarrikatzean metafisikaren akats berbera egiten du. Hori dela eta, Nietzschek erlijio ororen kontra egin zuen, eta bereziki tradizio judu-kristauaren kontra. Mendebaldeko historian kristautasunak balio dionisiakoak, bizitza eta gorputzari lotutakoak, baztertu ditu. Hilezkortasunaren izenean, bizitza berari balio kendu dio. Nietzscherentzat kristautasuna “platonismo herrikoia” zen. “Antikristo” lanean kristautasunari gogor oldartu zitzaion, artaldearen morala delako eta bizitzari erabat kontrajartzen zaiolako. Grinak, bulkadak eta oro har gorputzak gogoko duena arbuiatu izana leporatzen dio Nietzschek kristautasunari. Nolanahi ere, Nietzschek, Zaratustraren ahotan esan bezala, “Jainkoa hil egin da”. Jainkoaren heriotzak ateak zabaltzen dizkio gizakiaren erabateko garapenari. Une horretatik aurrera, gizakiak ez du berriro gezurrezko mundu batera joko zentzu bila, eta munduan eta bizitzan bertan bilatu eta asetuko du.
Bere burua azken gizaki gisa irudikatzen du. Bera da gizaki zoroa, Jainkoaren heriotzaz ohartu eta mezua zabaltzen ari dena, baina jakin badaki bere garaia ez dela oraindik iritsi. Nihilismoaren garaia gainditzerakoan supergizakiaren garaia zabalduko da. Gizaki berri honek aurreko gizakiaren pasibotasuna gaindituko du, iraganarekin apurtu eta gizaki berri bat sortuko da.
Gizakiaren bilakaera honi buruz hitz egiteko hiru metamorfosien metafora baliatzen zuen Nietzschek. Gamelua idealismoan oinarritutako gizakia litzateke. Honek bizitza basamortu garratz baten gisan irudikatzen du, eta existentziaren zamarekin aurrera egiten du oasiaren itxaropenez. Ondoren, Lehoiaren transformazioa gertatzen da. Hau azken gizakia litzateke, moral zaharraren betebeharren kontra egin nahi duena, baina moral berria asmatzeko nahikoa indarrik ez duena. Azkenik, haurraren transformazioa legoke. Umeak supergizakia irudikatzen du. Jolasaren bidez, arau berriak etengabe asmatzeko gai da, orainaldian erroturik dago, iraganik gabe, etorkizunaren zamatik libre.
Botere-nahimena
Supergizakiak aurreko moralarekin apurtu eta berria sortzeko askatasuna eta kemena izango du. Nietzscheren arabera, moral berriaren oinarrian botere-nahimena egongo da. Botere-nahimena edozein izaki bizidunek duen bizitzari eusteko, bizitza hobea lortzeko (transzenditzeko) nahimena da. Bizidun orok bere baitan indar handia du, eta indar hori kanporatu beharra du bizi-maila hobea lortzeko. Errealitatea etengabeko jarioan dago, eta gizakiak hau harrapatzeko ahalegina egiten du. Horregatik asmatzen ditu pentsamendu eta kontzeptuak. Nolanahi ere, Nietzscherentzat ez dago egia absoluturik. Botere-nahimenaren arabera bizi denak alaitasunez onartzen du errealitatearen dinamismoa eta egia absoluturik ez egotea.
Nietzscheren ustez, botere-nahimena ez da besteak dominatzeko gogo bat, nork bere buruarengan uste osoa izatea baizik, bizitzan erabat sinestea. Bere buruarengan ziurtasun sendoa eta boteretsua duenak besteek ere bere nahiak asetzea nahi izaten du. Botere-nahimena, beraz, norberaren indarraren jakitun izatean datza, bizitza errotik biziz, bizitzatik ihes egin gabe.
Supergizakia, beraz, indar honetan oinarrituko da bere bizitzan zehar, eta bizitza eta denbora modu berezian ulertuko ditu. Nietzscheren arabera, supergizakiaren denboraren bizipena betiereko itzulera da. Ideia honek interpretazio ugari izan ditu. Batzuk kontraesankorrak dirudite. Nietzscheren aburuz, betiereko itzulerak ez du esan nahi literalki munduko gertaerak infinituan errepikatuko direnik, ezta munduaz haraindiko aukera dagoenik ere. Denboraren ikuskera honek bizitzari kemenez eta poz handiz heltzea eskatzen du. Izan ere, bizitzako une bakoitza, instant bakoitza infinituki errepikatuko balitz bezala bizitzea eskatzen du: “Maita ezazu eta bizi ezazu bizitza infinituki errepikatzea desiratzeraino”.