Mitoa eta Logosa: Ezagutzaren Jatorria eta Filosofiaren Sorrera

Psikologia eta soziologia14,68 KB

Mitoa eta Logosa: Ezagutzaren Eboluzioa Grezian

Mundua ulertu nahian, gizakiak historian zehar ezagutzara heltzeko egin dituen saiakerak ez dira beti guztiz egokiak izan. Ezagutza mailan eboluzioa eman da, eta eboluzio horren lekuko dira zabaldutako bide desberdinak eta hauetan sortutako errealitatea interpretatzeko modu desberdinak.

Hasiera batean, gizakiak mitoaren bidez saiatu zen errealitatea “ezagutzen”, nahiz eta benetako ezagutzarik lortu ez. Hortik aurrera, mitoa alde batera utzi zuenean, filosofia eta zientzia sortu zituen, eta azalpen arrazionalaren bidez saiatu zen unibertso fisikoa, gizakiaren izaera, elkarbizitza eta bere alderdi moralak edo politikoak pentsatzen eta ezagutzen. Beraz, *Logos*-ak mitoa ordezkatu zuenean agertu ziren filosofia eta zientzia.

Ordezkapen hau Greziako kulturan eman zen, eta ez beste edozein kulturatan. Beraz, ezagutzaren hastapenak Grezian koka ditzakegu, eta emandako aurrerapausuak izugarrizko aldaketa ekarri zuen Mendebalderako. K.a. VI. mendean, Greziako gizartean faktore batzuk biltzearen ondorioz, testuinguru berezia sortu zen. Testuinguru horrek posible egingo zuen mitotik logosera emandako aurrerapausua.

Hasiera batean, grekoak bizitzako arazoei lehen erantzunak ematen saiatu zirenean, beste herrietan egin zen bezalaxe, mitoak erabili zituzten, baina gero filosofia eta zientzia sortu zituzten, hau da, beste azalpen mota batzuk. Beraz, beraiei zor diegu ezagutzak hartu zuen norabidea, baita mendebaldeko kulturak izan duen garapena ere.

Mitoa: Errealitate Sozio-Kultural Konplexua

“Mito” hitzaren eta “filosofia” edo “zientzia” hitzen artean oposizio bat dago. Filosofia mitoaren kritika adierazteko erabili dugu. Azken finean, azalpen mota desberdinak dira, kontrako ezaugarriak dituztenak. Ikus dezagun mitoaz ulertu behar duguna.

Mitoa errealitate sozio-kultural konplexua da. Mitoaz ulertu behar dena da olerkarien (batez ere Homero eta Hesiodo) doktrina eta kontakizun tradizional eta sakratuak. Kontakizun hauek azalpen gisa agertzen zaizkigu. Gizakiak egiten dituen hainbat galderari erantzuteko sortzen dira: unibertso, gizaki edota gizartearen iturburu eta izaerari buruzko galderei erantzuteko; hau da, mitoa bizitzako arazo nagusiei erantzuna ematen saiatzen da.

Mitoaren Funtsezko Bi Elementu

Oso garrantzitsuak diren bi elementu hartu behar ditugu kontuan:

  1. Batetik, adierazpen orokorra ematen saiatzen da. Azken finean, mitoak bere barnean herriko jakituria, gizartearen sinismenak eta kulturaren eduki guztiak batzen ditu.
  2. Bestetik, azaltzeko saiakera horretan adimenezko jarrera berezia agertzen zaigu: jarrera horren azpian badago adierazpen batzuk indarrean mantentzeko joera.

Ikus dezagun nola ematen diren bi elementu horiek errealitatearen aspektu desberdinak ulertzeko sortutako azalpenak aztertuz.

Mitoak Azaldutako Errealitatearen Aspektuak

  1. Unibertso naturala: Hasiera batean, gizakia babesgabe sentituko zen bere ingurune fisikoan, liluraturik naturaren handitasunaren aurrean, harrituta naturan ematen ziren gertaera ikusgarrien aurrean: egun eta gauen segida, urtaroak, ekaitzak, etab.

    Azalpen mitikoa lehen mailako erantzuna da. Mitoa dela medio, grekoak ezaguna denaren bidez ezezaguna azaltzen saiatu ziren. Horretarako, gizakiak bere bizipenak oinarritzat hartu eta kanpoan proiektatuz munduan dagoena azaldu nahi izan zuen. Gertaera naturalen zergatia ezagutzen ez zuelarik, ezkutuan dauden kausak edo botereak imajinatuko ditu, eta bizirik egongo balira bezala apropos jokatzen dutela pentsatuko du. Botere horien handitasuna ikusi eta gero, gizakiak indar amaigabe horiek pertsonifikatu eta jainko bihurtuko ditu. Azkenean, gertaera naturalak jainkoen borondatearen ondorioak besterik ez direla pentsatuko du. Horregatik, gizakiak jainkoenganako menpekotasuna onartu eta erreguen bidez jainkoen ongura lortzen saiatuko da.

  2. Gizakia eta gizartea: Mitoaren kontaketa fabulosoek heroiek egindako balentrietara eta antzinean (batek daki noiz) pasatutako gertakarietara eramaten gaituzte. Sarritan, ekintza horiek komunitate baten (edo, orokorrean, gizakiaren) sorburutzat hartuak izan dira.
  3. Jainkoen mundua: Grekoek jainkoen bizitzari buruzko ikuspegi nahiko pertsonala izan zuten. Jainkoak naturaren indarrak pertsonifikatu eta jainkotu ondoren ateratzen dira. Horregatik, irudi gizatiarra zuten, eta euren ekintzak, bizipenak edo bizitzeko moduak gizakiak berak dituenekin konpara daitezke. Hainbat mitotan agertzen dira jainkoen pasioak, lapurretak, adulterioak, haserreak, grinak, etab. Gizaki eta jainkoen arteko alde bakarra zera da: Jainkoek euren handitasunean ez zituzten gizakiek dituzten mugapenak.
  4. Morala: Mitoek gizarte mailan elkarbizitza antolatzen duten printzipioak ere aurkezten dizkigute. Gizakiak bizitzan nola jokatu behar duen edo zeintzuk izan behar diren bultzatu behar dituen balioak, bere portaera nolakoa izan behar den (zuzena izateko) eta hainbat agindu eta debeku agertzen dira mitoaren kontakizunetan. Eta heroiak betetzen duen paperean dugu birtute eredua.

    Grezian filosofia sortu baino lehenago, gizartea aristokratikoa, nekazaria eta borrokalaria zen. Horrelako gizarteari dagozkion egitura sozialak eta balio moralek ezaugarri horiekin adostasuna erakutsiko dute. Beraz, nolakoa den gizartea, horrelakoak izango dira bere joerak, balioak, etab. Bere egitura sozialari buruz, bi taldetan zatiturik zegoela esan dezakegu:

    • Alde batetik, noblezia, pozik bizi zena bake denboretan eta herria gidatzen zuena gerra garaian.
    • Bestetik, herria, nekazaritzaz eta abeltzaintzaz arduratzen zena.

    Balio moralen arazoa kontuan hartzen badugu, hauxek ziren balio nagusiak:

    1. Jatorria: ona zen familia onetik etortzea, txarra kontrakoa.
    2. Arrakasta: ona zen arrakasta izatea eta txarra zen porrot egitea.
    3. Ospea: ona zen ospea lortzea, txarra kontrakoa.

    Hau da mitoak transmititzen eta bultzatzen zuen moral eredua, baita heroiak betetzen zuena ere.

  5. Jakituria eta kultura: Aipatutako ezaupenez gain, itsasketako teknikak, arte militarra, geografia, historia edota beste horrenbeste kulturaren aspektu bildu eta transmititzen zituzten mitoei esker. Garai aurrezientifikoan, kulturaren eduki guztiak mitoaren bidez ikasten ziren ahozko tradizioari esker. Eta mundu horretan, transmisioa garantizatzeko, poeten laguntza ezinbestekoa izan zen.

Hau guztia alde batera utziz, esan beharra dago mitologia greziarrak hasieratik eta denbora joan ahala ez zuela behin betiko egiturarik izan, hau da, antolaketa berbera. Denboraren poderioz aldatzen joan zen, eta hainbat eragin jaso zituen aldakuntza historiko eta sozialak zirela eta. Beraz, mito desberdinek sortzen zituzten kontakizunen artean ez zegoen adostasunik. Kontraesan bat baino gehiago erakusten zuten kontakizun hauek. Horregatik, zientziak ez zuen lekurik. Zientziak ezagutzerakoan baldintza batzuk bete behar ditu azalpenak ematen dituenean, eta baldintza hauek mitoaren ezaugarri garrantzitsuenen kontra daude.

Bestalde, mitoen ezaugarriak aztertuz gero, ikus daiteke zer nolako adimenezko jarrera ezkutatzen den azalpen mota honen azpian.

Azalpen Mitikoen Ezaugarri Zehatzak

Mitoaren bidez errealitatearen aspektu desberdinak nola azaltzen zituzten ikusi eta gero, mitoak sortzen duen interpretazio mota baloratu ahal izateko, ikus ditzagun zehatz-mehatz azalpen mitikoak dituen ezaugarriak:

  1. Funtsgabeko azalpena: Mitoak edonolako baieztapenak sortzen ditu. Ez dago ezer frogatzerik, ezta arrazoiaren bidez argitzerik ere bere kontakizunetan errealitateari buruz ematen den informazioa. Arrazoi ezak, zergati-gabetasun horrek bihurtzen du mitoa fantastiko, erlijioso, irrazional. Bere oinarria hori baita: oinarri arrazionala barik, tradizioa, irudimena, zentzu poetikoa eta fantasia dira oinarri.
  2. Jarrera akritikoa: Azalpen mota hau irrazionala den neurrian, akritikoa ere bada. Mitoa ez dago metodologiaz kezkatuta. Ez zaio inporta galderei nola erantzuten dien, erantzutea baizik. Batez ere, horregatik bost axola dio mitoari egitasuna edo faltsutasuna. Ez da arduratzen horretaz. Ez dago galdetzerik baieztapen bat egiazkoa edo faltsua den. Galdera garrantzitsuei erantzutearekin nahikoa du. Ezagutza mailan motz gelditzen da. Iritziak, usteak, sinismenak sortzen ditu, besterik ez. Ez dago benetako ezagutzarik.
  3. Arbitrariotasuna: Azalpen arbitrarioa da, zeren mitoaren arabera gauzak ez dira gertatzen gertatu behar direnean, gertatu behar diren moduan eta gertatu behar direlako. Ez dago legerik, eta naturan, esate baterako, dena dago jainkoen borondatearen menpe. Jainkoek nahi dutenean, nahi duten moduan eta nahi dutelako sortarazten dituzte fenomeno naturalak. Horren ondorioz, naturan ez dago aurreikusterik; hau da, gizakiak ezin izango du aldez aurretik jakin noiz, nola eta zergatik emango diren fenomeno horiek. Gizakiak natura azaltzeko naturaz gain dagoenaz baliatzen da. Mitoa ez da gai gauzak objektibatzeko, ezta jainkoengandik urrunduta ezer adierazteko ere.
  4. Pentsamendu antropomorfikoa: Mitoan pentsamendu antropomorfikoa ematen da. Gizakiak bere burua eredutzat hartu eta bere bizipen eta esperientzia kanpora proiektatuz mundua ulertzen saiatzen da.

Mitotik Logosera: Krisialdiaren Faktoreak

K.a. VIII-VII. mendetik aurrera, mitoa krisialdi luze batean sartu zen, bere indar guztia galtzen zuelarik. Krisialdi hori batez ere aldaketa batzuei esker eman zen. Faktore batzuk batera eman zirenean, testuinguru berria sortu zen gizarte mailan. Honek izugarrizko garapena ekarri zuen maila desberdinetan, eta mitoa bere lekua galtzen zihoan bitartean, filosofia eta pentsamendu arrazionalari ateak ireki zizkien. Faktore horien artean, hauxek dira garrantzitsuenak:

  1. Faktore ekonomikoa:
    • Grekoak beste edozein zibilizazioetako gizakiarekin konparatuz, denbora librea zuten, eta espekulazioari eta aktibitate teorikoari ekin zioten. Denbora libre hori garapen ekonomikoari esker sortu zen, merkataritzak hartu zuen indarraren ondorioz. Ekonomiak, beraz, badu bere garrantzia. Kontuan hartu behar da non sortu ziren eskola filosofikoak: Mileto, Efeso eta Magna Grezian. Toki hauetan sortu ziren lehenengo pentsalariak, eta guztietan garapen ekonomiko itzela ezagutu zen.
    • Bestalde, merkataritzak hartu zuen indarraz, monetaren erabilera zabaldu egin zen merkantzien trukearen ordez. Aldaketa honek ere abstrakzio gaitasunaren garapena bultzatuko du.
  2. Faktore geografiko-komertziala:

    Grekoek Mediterraneoan nabigatu zuten, kolonia berriak sortuz eta beste herri batzuekin komertziatuz. Beste zibilizazioekin harremanetan sartu ziren, eta horrek aukera eman zien ideia berriak eta beste munduari buruzko ikuspegi batzuk ezagutzeko. Sinismen erlijioso desberdinak aurkitu zituzten, beraiek ezagutzen ez zituzten jainkoekin topo egin zuten, etab. Bidaiek ezagupen tekniko eta geografiko berriekin kontaktuan jartzeko aukera eman zieten, baita bizitzeko modu desberdinak ezagutzeko ere.

    Hau guztia aurrean izan zutelarik, badirudi ohiko irakaspen guztiak desegokiak iruditu zitzaizkiela. Informazio guzti hori jasotzeak ondorio bat ekarriko du: euren kultura zalantzan jartzea, hau da, euren kulturaren erlatibizazioa. Bat-batean eta lehenengo aldiz, egiazkoa edo faltsua dena desberdintzeko irizpide baten beharra sortu zen. Hortik aurrera, egia unibertsalaren beharra izango dute, eta oinarri arrazionala izango du.

  3. Faktore soziologikoak:
    • Grekoek ez zuten izan dogmatikoki jakituria kontrolatzen zuen apaiz-kastarik, ezta liburu sakratu eta dogmatikorik ere. Horrela izan zenez, grekoek pentsatzeko askatasun izugarria izan zuten. Beraz, oztoporik ez zuten izan kritikarako joera azaltzeko.
    • Badago beste puntu bat kontuan hartzekoa dena, gizarte greziarrak zuen moral aristokratikoa. Ikuspegi horretan onartu beharko dugu justizia eta berdintasuna balioentzat esparrurik ez zegoela. Dena dela, gizarteak izugarrizko aldaketa sozial eta ekonomikoak jasan zituen, harreman komertzial berriak zirela eta. Horren ondorioz, antzinako moral aristokratikoa desfasatua agertu zitzaien harreman komertzial berri horiek aurrera eramateko. Beste arau eta balio berrien beharra sortu zen: justizia, eskubidea, berdintasuna, etab.
  4. Faktore psikologikoa:

    Autore batzuek esan ohi dute psikologikoki grekoek jarrera berezi bat izan zutela, hau da, aktibitate teoretikotarako joera bat. Eta hemen puntu bat argitzeko premia dago. Astronomia edo geometria zientziak, esate baterako, Egipto eta Babiloniatik inportatuak izan arren, grekoekin bakarrik lortu zuten gero izan zuten maila teorikoa. Ordura arte, esan beharra dago zientzia horiek, batez ere, zientzia praktiko eta enpirikoak izan zirela.

  5. Faktore politikoa:

    Politikoki, hiria gobernatzeko moduan ere aldaketa bat ezagutu zuten grekoek. Erregimen oligarkiko batetik demokraziara pasatu ziren. Honek ekarri zuena zera izan zen: hiritar guztiek aktibitate politikoan parte hartzeko aukera. Parte-hartze hori faktore garrantzitsua izango da filosofiaren sorreran. Esan genezake *Polis*-ean demokraziak filosofia dakarrela. Hiriko gobernuaren erabakiei buruz eztabaidatzen duten hiritar libreen artean sortzen da filosofia. Hiritarrek demokrazian ez dute bestelakorik onartuko. Hiritarrek ez dute onartuko beste inork inposaturiko legerik, baizik eta beraiek elkarrizketaren bidez, arrazoinamendu eta tesien defentsa arrazionalaren bidez sortuko zituzten legeak.

  6. Faktore teknikoak:

    Faktore hauen artean, idazkeraren aurkikuntza, hizkuntza berberaren aldaketak eta kanpotik inportatutako teknikak geometrian eta astronomian aurki ditzakegu.

    • Idazkeraren aurkikuntza: K.a. VII. mendean, grekoek alfabeto feniziarra hartu, aldatu eta idazkera alfabetikoa sortu zuten. Idazkeraren aurkikuntzak kulturaren eduki guztiak (lehen ahoz transmititzen zirenak) biltzeko eta batera izateko aukera ekarri zuen. Horren ondorioz, informazioa konparatu, kritikatu ahal izango da, baita gai bati buruz dagoen informazioa batu ere. Azken puntu hau oso garrantzitsua izan zen kontzeptuazioari bidea errazteko.
    • Hizkuntza berberaren aldaketak: Aldaketa hauen artean, “lo” artikuluaren agerpena eta “izan” aditzaren zentzu kopulatiboa daude.
    • Teknika geometriko eta astronomikoak: Hauek oso garrantzitsuak izan ziren espazio eta denbora koordinatuetan gizakiak kokatu ahal izateko.

Deskargatu

PDF Word HTML